Dokumentuaren akzioak
Azken urratsak Hegalka dantza taldearen eskutik Hazparnen
Azken urratsak…horrela deitzen da Hegalka dantza taldeak Hazparneko Mendeala gelan azaroaren 15an arratseko 21:00etan emanen duen ikusgarria. «Les jeunes Basques de Hasparren» elkarteko kideek 1976 urtean sortu zuten taldea bidegurutze batera heltzen ari da. Izan ere elkarteko dantzari ohien azken emanaldia izanen da eta gazteeri lekukoa uzteko parada. Agur horiek, duela 40 bat urte taldearen lehen koreografiak ezagutu zituen Hazparne herrian egitea ezinbestekoa zirudien.
Euskal Herrian, Frantzian eta Europan gaindi Helgalka taldearen urrats adituek hainbat herri zeharkatu dituzte. Hain zuzen ere Italia, Kroazia, Portugal, Belgika, Holanda, Alemania eta Austrian ere saio ohargarriak eskaini ditu taldeak eta bertako bi dantzarik beren esperientzia eta euskal dantza, Baiona eta Aurtiko taldeekin batera, Kamerun arte hedatu dute. Bestalde taldeko dantzari zoinbetzuk Maritzuli Konpania edo Zarena Zarelako konpania ospetsuen ikusgarrietan parte hartu dute ere.
Hala nola esperientzia horietaz elikaturik, taldeko dantzari ohiek azken emanaldi bat proposatu nahi izan dute agertokia, formatu dituzten gazteeri utzi baino lehen. Azken urratsak ikusgarriak taldearen izaeraren islada izan nahi du, lan sinple bezain zorrotz baten fruitua. 7 probintzietako dantzak emateaz gain, bukaerako sorkuntza erritmotsuak modernitateari bidea idekiko dio ere. Taldea utzi zuten dantzari batzuk proiektuari txertatu dira eta orotara 40 bat artista ikusgai izanen dira taula gainean.
Hegalka: Azken urratsak
- Azaroaren 15an 21:00etan
- Hazparneko Mendeala gelan
- sartzea 5 eurotan da
- ostatu bat aurkituko da bertan
Dokumentuaren akzioak