Dokumentuaren akzioak
Kabalkada-Toberak ospatuko dira Bidarrain datozen bi asteburuetan
Datozen irailaren 24an eta urriaren 1ean, Bidarrain kabalkada izango da; aurten ez dute beste inon kabalkadarik antolatu. Otxaldetarrak elkarteak antolatutako ikuskizunean, 100 herritarrek hartuko dute parte, ez da faltako dantza, antzerkia edota musikarik. Arratsaldeko 15:30ean izango du hasiera Bidarraiko plazan.
Orain dela urtebetetik ari dira bidarraitarrak kabalkada prestatzen, Kanaldudek eginiko bideoan, Battitt Etxart dantzariak eta Kattalin Salaberryk azaldu dutenez. Kabalkadak bi zati izango ditu: dantzak eta toberak. Orain dela 15 urte inguru plazaratu zuten kabalkada Bidarrain, baina orduan dantzaz osatutako zatia bakarrik izan zuen. Oraingoan, toberei, epaiketa tankera gizarte kritika egiteko baliatzen den antzerkiari ere tartea egin nahi izan diote.
Dantza entseguak astean bi aldiz egiten dituzte. Euskaldunak eta sorginak, fandangoa, gabota, soka-dantza, muxikoak... dantzatuko dituzte, baita, kabalkadarako propio sortutako dantzaren bat ere. Toberetan herriko historia bildu nahi izan dute, baina fikziotik ere badute. Herritarra izan gabe ere ulertzeko moduko istorioa omen da. Barregarria eta arina izango dela diote antolatzaileek, herriko gertakariak agertuko dira baina inor mintzeko asmorik gabe, helburua herritarren artean lotura sortzea izan da. Hiru zatitan banatutako auzia antzeztuko dute.
Kabalkadak 2017 Bidarrain
- Irailak 24 igandea, 15:30ean
- Urriak 1 igandea, 15:30ean
Dokumentuaren akzioak