Dokumentuaren akzioak
Aukeran dantza taldeak 20. urteurrena ikuskizun berriarekin ospatuko du
Edu Muruamendiarazen Aukeran dantza taldeak 20. urtemuga ospatuko du azaroaren 5ean ikuskizun berri batekin. Atzerako begirada eta aldi berean gaurkotasuna izango ditu Ainhoa Aierbe aktoreak zuzendutako ikuskizunak. Taldearen Gernika, Geltokia eta Maurizia ikuskizunak izango ditu oinarrian, baina baita koreografia berriak ere. Emanaldia Victoria Eugenia Antzokian izango da azaroaren 5ean, 19:00etan.
Zuzeneko musikarekin arituko dira taula gaineko 11 dantzariak, Mixel Ducauk zuzendu ditu musikariak. Ducaurekin batera, Xabi Zeberio, Xabi Solano eta Iñigo Egia arituko dira musika doinuekin. Argiztapenaz Carlos Solan arduratu da eta jantziez Oscar Armendariz.
Aukeran Dantza Konpainia 1997an Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoak sortu zuen. Aukeran izena zuen lehen koreografiak, West Side Story-ren airea euskal dantzako urratsekin gorpuzten zuen pieza bat hain zuzen ere. Euskal dantza abiapuntuan eta bide berriak probatuz hainbat ikuskizun taularatu ditu Aukeran-ek bi hamarkada hauetan.
20 urteko ibilbidean artista ugarirekin aritu dira lanean, Jesus Mari Lazkanok bere alea jarri du urteurrenean ere, berak diseinatu du kartela; ikuskizunean oso presente egongo dena. Dantzari itxurako bi laino ikus daitezke munduan espazio bat topatu nahian, "dantzaria eta grabitatearen arteko borroka" irudikatu nahi izan da.
Aukeran 20 urte
- Non: Victoria Eugenia Antzokian.
- Noiz: Azaroaren 5ean, 19:00etan.
- Sarrerak: 8,10€- 20,50€ artean salgai.
Dokumentuaren akzioak