Dokumentuaren akzioak
Aukeran-ek 10. urteurrena ospatzeko jaialdia egingo du
Dantza tradizionaletatik abiatuta ikerketan jardutako asmoarekin sortu zen Aukeran eta hiru ikuskizun aurkeztu ditu bere ibilbidean: Sutargi (2001), Izena duen guztia omen da (2003) eta Bideak (2006). Hain zuzen ere azken lan horrekin inauguratu zuten dantza alorrean Victoria Eugenia antzoki berriztua joan den urteko martxoan.
Lanean emandako hamarkada hau ospatzeko, Muruamendiaraz-en konpainiak "Aukeran, 10 urte" ikuskizuna aurkeztuko du, eta bertan taldearen historiari errepasoa egingo dio, ikuskizunetako zatietik abiatuta. Ikuskizun honetan, konpainiak azken 10 urteotan egindako lana azaleratuko da, dantza tradizionaletik abiatu eta bilakaera argi batean, baleta edo dantza garaikidea moduko eraginekin, eta dantza tradizionala bere mugetatik harantzago erakutsi, lengoaia fresko eta gaurkotuagoan.
Gainera, gonbidatu bezala arituko dira Iker Murillo –Zurich-eko Baleteko dantzari bakarlaria, Vitali Safronkine-kin batera arituko dena–, eta Ion Agirretxe –Angle Corella konpainiako dantzaria–, biek ere dantza tradizionalaren munduan eman baitzituzten lehen urratsak, dantza klasikora pasa aurretik.
Sarreren prezioak 12, 18 eta 24 eurokoak dira, eta telefonoz eros daitezke 943 00 12 00 zenbakian, Victoria Eugenia antzokiko txarteldegian (ordutegia: 11:30 - 13:00 / 17:00 - 20:00), eta Servikutxa kutxetan edo Internet bidez.
Ikuskizunaren datuak
Lana: “Aukeran, 10 urte”.
Zuzendaria: Edu Muruamendiaraz.
Kideak: Edu Muruamendiaraz, Eli Alberdi,
Aiert Beobide, Gotzon Poza, Iurre Aranburu, Maitane Mugika, Onintza Odriozola,
Naikari Galarraga, Ander Errasti, Garazi Lekuona, Ane Anza, Ioritz Galarraga,
Ekain Cazabon, Iker Muruamendiaraz, Ramon Garcia eta Alaitz Ormazabal.
Taldea: Aukeran konpainia
Dantzari gonbidatuak: Iker Murillo, Vitale Safronkine eta
Ion Agirretxe.
Tokia eta data: Victoria Eugenia antzokia, martxoak 29, 19:30ean.
Sarrerak: 12tik 24 eurora.
Dokumentuaren akzioak