Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Asier Zabaleta: "Eszenan jaio eta hil egiten naiz"

Dokumentuaren akzioak

Asier Zabaleta: "Eszenan jaio eta hil egiten naiz"

2020/09/03 11:00
Asier Zabaleta: "Eszenan jaio eta hil egiten naiz"

Asier Zabaleta. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Asier Zabaletaren Ertza konpainiak Zehar ikuskizuna estreinatuko du irailaren 12an eta 13an Donostiako Gazteszenan. Hirurogei minutuko ikuskizunean bizitzako hainbat ikasgai edo esperientzia partekatu nahi ditu Zabaletak ikuslearekin. Proiektua bi argazki erakusketek eta ordu beteko bizitza labur dantzatu antzeztuak osatzen dute. Lan honetan hainbat lengoaia uztartu dituzte: dantza garaikidea, testuak, elkarrizketak, bideoak, argazkiak, zuzeneko musika...

Zehar proiektua aspalditik datorren ideia dela azaldu du Zabaletak. Azken urteetan gordeta zituen ideiak pixka bat ordenatu eta sorkuntza prozesuan murgildu da Iñar Sastre musikariarekin batera. Bizitzak eta bizitzako etapek sortu dizkien hausnarketetatik abiatuta sortu du lan berria.

Asier Zabaleta
Asier Zabaleta Zehar ikuskizuna prestatzen Gipuzkoako Dantzagunean, Errenteria, 2020-08-31. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Bizitzaren zikloak

Kanpotik jasotzen badu ere dantzari bizitzak bukaera duela, Zabaletak uste du oraindik gauza asko eskaini ditzakeela. Horren inguruan hausnartu eta gaia irekitzea erabaki du Zehar lanaren bidez. "Gure bizitzan dena da etengabeko ziklo baten parte. Erabaki nuen nire oraingo egoera hau zabaldu eta egi bat kanpora ateratzea eta ikustea bizitzako zikloetan nola jokatzen dugun, nola onartzen ditugun". Ikuskizunean hainbat ikasgai edo esperientzia bizi eta partekatzen ditu ikuslearekin; bizitzan izan dituen hainbat hausnarketa, galdera, zalantza... "Eszenan jaio eta hil egiten naiz". Horrela agerian utzi nahi du ze gauza gutxi garen, "askotan iruditzen zaigu unibertsoaren zilborra garela eta ikusten badugu ziklo guztien osotasuna ez gara ezer".

Dantza ikuskizuna bi argazki erakusketek ere osatzen dute. Azken urteetako bidaietan egin dituen argazki eta bideoak erakusten ditu Zabaletak ikuskizunaren sarreran eta irteeran aurkezten diren instalazio artistikoetan. "Konturatu naiz bidaietako irudi asko trantsizioaren gaiarekin daudela lotuta. Badirudi ikuskizun honetarako eginak zeudela. Pentsatu dut argazki horiek erakusteko momentua zela". Hasierako erakusketak zilborrestearen lanak egingo ditu, ikuslearen begiak prestatuko dituzte gero biziko duten esperientzia horretara. Amaieran berriro zeharkatuko dute irudien pasadizoa, baina ikuslea ez da berdina izango, beste bizipen batzuk izango ditu eta argazkiak ere ez dira berdinak izango. Horrekin heriotzaren tunela edo irudikatu nahi izan dute.

Asier Zabaleta
Asier Zabaleta Zehar ikuskizuna prestatzen Gipuzkoako Dantzagunean, Errenteria, 2020-08-31. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Musika elektronikoa, pianoa eta bateria

Iñar Sastrek sortu du ikuskizunerako musika. Itxialdiak bete-betean harrapatu zituen eta distantziatik aritu dira lanean, "Asier bere bidea egiten zihoan eta erreferentzia batzuk ematen zizkidan eta horren gainean joan naiz nire musika sortzen". Emanaldiak bezala musikak ere ibilbidea egiten du, hainbat eremu edo esparruetatik pasatzen den musika sortu dute. "Piano oso soil batekin hasten da, nahiko ukitu librearekin eta gero musika elektronikora salto egiten dugu".

Konposatutako musikak oinarri elektronikoa du, baina horren gainean pianoa eta bateria jotzen ditu Sastrek zuzenean. Zabaletak bidelagun izan du Sastre sorkuntza prozesuan eta eszenatokian ere hala jarraituko du. Musikari lanetan arituko da oholtza gainean eta horrez gain testuak ere partekatuko dituzte.

Zehar

Pertsona edo pertsonaia baten transformazioen lekuko izango gara. Itxura, emozio, bizipen eta ikasgai ezberdinetan zehar ordubeteko bidaia bat. Edo hobekiago esanda, bizitza labur bat. Nahiz eta hemen ere zaila suertatu, eszena horiek noiz jaio ziren eta noiz hilko diren esatea.

  • Ertza: Zehar (estreinaldia)
  • Asier Zabaleta, Iñar Sastre
  • Non: Donostiako Gazteszenan
  • Noiz: Irailak 12, 20:00etan (gaztelaniaz). Irailak 13, 19:00etan (euskaraz).

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.