Herriaren hizkuntzatik sortutako ingurutxoak Artzibarren eta Lizoain-Arriasgoitin

2026/10/14
Herriaren hizkuntzatik sortutako ingurutxoak Artzibarren eta Lizoain-Arriasgoitin

Ingurutxoa, Artzibar, 2026-08-02.

“Gure herriak sortu izan du, eta hizkuntza ulertzen baduzu, hizkuntza horretan gauzak sortzea ez da zaila”, azaldu du Patxi Labordak Artzibarren (Nafarroa) eta Lizoain-Arriasgoitin (Nafarroa) ingurutxoak plazaratu berritan. Tokiko dantza-hizkuntzatik eta herritarren parte-hartzetik abiatuta, komunitateak plazan dantzatzeko eta gozatzeko ingurutxoak osatu dituzte.

Prozesu horren nondik norakoak azaldu dizkio Labordak Ainize Madariagari Euskal Irratietako On Daizielan Dantzan irratsaioan.

Tokiko tradiziotik abiatuta

“Ingurutxoak katean eta bikoteka egiten diren dantzak dira”, dantza-sistemaren azalpenak eman ditu lehendabizi. “Dantzariek plazari edo larrainari bueltak ematen dizkiote, eta bikoteen artean hainbat irudi koreografiko osatzen dituzte. Zenbait lekutan larrain-dantza ere esaten zaie, baita ttun-ttuna ere”.

Ingurutxoa, Artzibar, 2026-08-02.

Dantza horiek ez dutela funtzio koreografiko hutsa izan azaldu du Labordak, “gazteen arteko harremanak sustatzeko eta herrietako gazteek elkar ezagutzeko balio izan dute. Meza nagusiaren ondoren egiten ziren askotan, herritar guztiak begira zeudela. Funtzio sozial hori aldatu zenean, ingurutxoak desagertzen joan ziren hainbat tokitan, nahiz eta beste zenbait lekutan mantendu diren edo geroago berreskuratu”.

Ingurutxoa, Artzibar, 2026-08-02.

Artzibarren eta Lizoain-Arriasgoitin egindako lanean dokumentazio historikoa hartu dute abiapuntu, baina ez dute iraganeko dantzen erreprodukzio hutsa egin nahi izan. Labordaren arabera, dokumentuek dantzen une jakin bateko deskribapenak jasotzen dituzte, baina tradizioak berez izan ditu aldaketak denboran zehar: “Niretzako inportantea da jakitea zer zegoen iraganean, baina ez gaitu baldintzatu behar. Gaur egun egin behar duguna egingo dugu, ez garai batean egiten zutenaren errepikapen bat”.

Herritarrekin osatutako ingurutxoak

Ingurutxo berriak osatzeko, herritarrekin batera egin du lan. Labordak hainbat aukera koreografiko proposatu ditu, eta komunitateak horien artean hautatu ditu gogokoen zituenak. Helburua ez da izan dantza ikusgarriak sortzea, tokiko dantza-hizkuntzatik abiatuta herritarrek plazan egiteko eta gozatzeko moduko dantzak osatzea baizik.

Ingurutxoa, Artzibar, 2026-08-02.

“Ikusgarritasunaren bila joaten bagara, askotan bidean galtzen gara”, ohartarazi du Labordak. “Ingurutxoak bilatzen du, hain zuzen ere, ongi pasatzea eta urrats horiek denon artean bilatzea”. Haren ustez, dantza ez da ikusleentzako ikuskizun hutsa, “bikotekidearekin eta taldeko gainerakoekin gozatzeko eta elkarrekin aritzeko espazioa ere bada”. Horregatik, ingurutxoek garrantzia izan dezakete herri-identitatea eta komunitatearen loturak indartzeko, “komunitatearen marka eta komunitate baten parte izatearen harrotasuna ekartzen dute”.

Dantza-maisuaren rola eta tradizioaren zentzua

Dantza-maisuaren egitekoaz galdetuta, Labordak argi du irakastea ez dela nahikoa. Hizkuntza, dantza-hizkuntza ondo ulertzeko gai izan behar da, behin hizkuntzaz ongi jabetuta, hizkuntza horretan oinarrituta bere ekarpenak egin ahal izateko. "Hizkuntza ulertzen baduzu, hizkuntza horretan gauzak sortzea ez da zaila”, azaldu du.

Ingurutxoa, Artzibar, 2026-08-02.

Tradizioa ulertzeko modua ere jarri du mahai gainean. Labordaren ustez, ez dira nahastu behar iraganeko dantzen irudikapenak eta tradizioa. Tradizioa ez da garai bateko moldeak bere horretan errepikatzea, etengabe aldatzen eta berritzen den zerbait baizik; “gizartea moldatzen den heinean, tradizioa ere moldatzen da. Berez, gauzak galtzen dira eta sortzen dira etengabe. Horrela izan da, eta horrela jarrai dezala”.