Dokumentuaren akzioak
Artzaintzari buruzko ikuskizuna prestatzen ari dira Ortzadar, Lo Nau eta Soinuenea
Artzainen lana eta bizitza ardatz dituen "Tralhaires per delà lo blu de las montanhas" (Aztarnaria, Mendi Urdinetatik harago) ikuskizuna aurkeztuko dute maiatzaren 4an Faltzesen. Lo Nau (Gaskoinia), Ortzadar (Nafarroa) eta Soinuenea (Euskal Herria) elkarteek elkarlanean osatu duten ikuskizuna da. Hiru taldeek memoriaren transmisioari eta sorkuntzari lotutako proiektua gauzatu dute. Hiru ardatz ditu egitasmoak: "Tralhaires per delà lo blu de las montanhas" ikuskizuna, artzain baten bizitza kontatzen duen liburu-DVDa eta herri-dantza eta dantza profesionalen praktiken elkartrukea eta transmisioa.
Artzainak, artaldeak, transhumantzia, paisaia mugagabeak, basamortukoak, soinuz beteak, gure bizimoduei forma emateaz gain gure transmisio eta sorkuntza ekimenak pizten diharduten elementuak direla ikusi dute hiru elkarteek.
Artzaintzatik abiatuta osatu dute ikuskizuna, Joan Frances Tisnerren zuzendaritza artistikopean. Ikuskizunean jasoko da Ortzadar elkarteak egin duen makila-dantzei loturiko sorkuntza koreografikoa. Horrez gain, Nafarroako eta Bearnoko errepertorioen ikaskuntza eta interpretazio lanetan aritu dira. Soinueneak, berriz, Juan Mari Beltranen gidaritzapean, Faltzesko Maia Agirre artzain-familiaren bizitzari eskainitako liburu-DVDa dokumentatu, idatzi eta gauzatu du. Egitasmo horretako hainbat elementu ikuskizunean txertatu dira.
Maiatzaren 4an Faltzesen aurkeztuko da "Tralhaires per delà lo blu de las montanhas" ikuskizuna eta horren aurretik aurkezpen-topaketa bat izango da, Juan Mari Beltranen eskutik.
Tralhaires, per delà lo blu de las montanhas
- Taldeak: Lo Nau, Ortzadar eta Soinuenea
- Zuzendaritza artistikoa: Joan Frances Tisner
- Non: Faltzes
- Noiz: Maiatzaren 4an, 20:00etan
- Iraupena: 75 min
- Prezioa: 5€
Dokumentuaren akzioak