Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Baigorriko Etxauzia jauregiaren historia dantzan aurkeztuko du Arrolak

Dokumentuaren akzioak

Baigorriko Etxauzia jauregiaren historia dantzan aurkeztuko du Arrolak

2021/06/09 07:45
Baigorriko Etxauzia jauregiaren historia dantzan aurkeztuko du Arrolak

Izan Baita ikuskizuneko entsegua, Baigorri, 2020. Argazkia: Arrola

Arrola dantza taldeak Izan Baita ikuskizuna aurkeztuko du ekainaren 20an Baigorrin. Baigorriko Etxauzia jauregiaren historia eta Nafarroako Erresumaren gainbehera kontatuko dituzte dantza, musika eta antzerkiaren bidez. Pandemiak guztiz oztopatu ditu prestaketak; baina, azkenean, urtebeteko atzerapenarekin, argia ikusiko du luzaroan ondu duten lanak.

Dantza bidezko kontaketa

Ikusgarriak dantzaren eta musikaren bidez kontatzen du historia, baina bi antzerkilari ere izango dira plazan. Horiek narratzaile rola izango dute, eta haien laguntzaz bideratuko da kontakizuna. Baigorriko Etxauzia jauregiari eta Nafarroako Erresumari lotutako ikuskizuna da. Gure herriaren historiaren pasartetxo bat erakutsi nahi izan dute dantzen bidez, eta horretarako Antton Kurutxarri historialaren laguntza izan dute. Etxauziaren garai oparoetan eta zoriontsuetan kokatzen da ikusgarriaren hasierako testuinguru historikoa, eta gero gainbehera etorriko da.

Eñaut Zaldunbideren gidaritzapean 18 dantza prestatu ditu taldeak, eta koreografiak prestatzeko tokiko dantzetan oinarritu dira. Kanpora begiratu beharrean, bertakotik sortu nahi izan dute; Nafarroa Behereko dantzetatik eta urratsetatik abiatu dira. Lurrean dantzatzeari edota garai batean Baigorrin urratsak mozteko zen moduari erreparatu nahi izan diote, besteak beste.

Izan Baita
Izan Baita ikuskizuneko entsegua, Baigorri, 2020. Argazkia: Arrola

Urte beteko atzerapenarekin

2019an hasi ziren entseguekin eta aurreikusi zuten urtebeteren buruan aurkeztuko zutela lana. Azken errepikak egiten ari zirela, ordea, pandemia etorri zen, eta bertan behera gelditu zen emanaldia. Guztiz eten zen jarduna, eta ordutik hainbat oztopo izan dira jendea elkartu eta prestaketekin jarraitzeko.

Ikuskizunaren ideia Arrolarena bada ere, hasierako asmoa zen Garaztarrak dantza taldearekin eta Baztango dantzariekin elkarlanean plazaratzea. Hainbat entsegu elkarrekin egin zituzten, baina konfinamenduaren ondoko baldintzetan oso zaila izan da baztandarrekin lanean jarraitzea. Beraz, Arrolako eta Garaztarrak-eko dantzariak plazaratuko dira oraingoan.

Izan Baita
Izan Baita ikuskizuneko musikarien entsegua, Baigorri, 2020. Argazkia: Arrola

Guztira 33 dantzari, 2 antzerkilari eta 15 musikari izango dira oholtzan. Musika moldaketak Ekhi Lambertek egin ditu, eta berak zuzenduko du musikari taldea; tradiziozko dantzak eta kantuak izan ditu oinarri. Lambert ere oholtzan izango da gitarrarekin eta kantuan, Xendarineko ahizpekin eta Jokin Irungarairekin batera.

Izan Baita

  • Noiz: ekainaren 20an, 16:00etan
  • Non: Baigorriko ezker paretan
  • Sarrerak: ekainaren 3tik salgai dira Baigorriko Oronos Spar saltegian. Osasun neurriengatik, tokiak mugatuak izango dira. Helduak 15 €, 6-14 urte bitartekoak 8€ eta 6 urtetik beherakoak dohainik, gurasoen altzoan.

 

Izan Baita kartela

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.