Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak XIX. mendeko dantza argazki ederrak Arrasaten agertu den Mendia argazki fondoan

Dokumentuaren akzioak

XIX. mendeko dantza argazki ederrak Arrasaten agertu den Mendia argazki fondoan

2014/06/03 10:00
XIX. mendeko dantza argazki ederrak Arrasaten agertu den Mendia argazki fondoan

Aurreskua Arrasaten (1896?). Mendia Fondoa.

Mendia Fondoa izenarekin bataiatu dute Arrasaten aurkitu den argazki fondo ederra, baina ez dakite oraindik nor zen argazkilaria. Mendia familiakoa zen argazkilaria eta hortik izena. 1900 urte inguruko 474 argazki dira, beirazko plaka negatiboak, hainbat argazki eder eta historiko daude, eta tartean badira dantza ekitaldietakoak. Adibidez, 1896an Arrasaten ospatutako Euskal Jaietako argazkiak daude, tartean, aurreskua dantzatzen. Ekainaren 6an irekiko da erakusketa bat horietako askorekin Arrasaten bertan eta liburua ere argitaratuko du Arrasate Zientzia Elkarteak. 

Argazki historiko eta bitxiak daude bilduman, adibidez, Canovas del Castilloren gorpuaren argazkia, Iparragirreren tankera handia duen kantari batena, eta Arrasate herria eta herritarrak nola aldatzen joan diren erakusten duten hainbat argazki. Argazkietako batzuk 1896koak direla dirudi. Izan ere, urte horretan Euskal Jaiak edo Fiestas Euskaras delakoak ospatu ziren Arrasaten, eta itxura guztien arabera ordukoak dira zenbait dantza ekitaldiren argazkiak. Honako hau adibidez, Euskal Jaietan egin zen aurresku edo soka-dantza baten argazkia izan liteke. Zehazki, Euskal Jaietako egitarauaren arabera, 1896ko uztailaren 5ean, arratsaldeko 16:30ean "Baile real o esku-dantza" egitekoa zen. Argazki honetako esku-dantza bera ote da?

Esku-dantza Arrasate 1896 osoa
Ohorezko esku-dantza Arrasaten, 1896ko ekainaren 5ean, Euskal Jaietan. Argazkia: Mendia Fondoa.

Festa haietaz Euskal-Erria aldizkariak egindako kronikan esku-dantza hari buruz hauxe jaso zen: 

"Seguidamente bailaron en la plaza el eskudantza clásico los vetenos caballeros guipuzcoanos D. José M.a de Unceta y Urquijo y don Félix de Urtubi, aurresku y atzesku respectivamente, quienes hicieron prodigios de agilidad y elegancia en el desempeño de sus papeles, que bordaron admirablemente. El primero tenía por pareja á la señora de D. José M.a de Unceta; ex-presidente de la Diputación; y el señor Urtubi á la señora del diputado provincial D. Vicente de Monzón, formando las restantes las señoritas de Lardizabal, Larrañaga, Egaña y otras distinguidísimas damas de la provincia. Formaban la cuerda del zortziko, además de las citadas personas, un hijo del señor Lardizabal (D. Ignacio), D. Esteban Gomendio, señor Acilona, señor marqués de Murua, el alcalde de Vergara (hermano del marqués), un hijo del señor conde de Villafranca, y los diputados provinciales señores Elósegui y Monzón. Los caballeros vestían traje de calle con boina azul y llevaban en el ojal un ramito de hojas de roble. Igual distinción lucían en el pecho las señoras. El baile resultó lucido y magnífico."

Arrasateko Euskal Jai horietan, ohorezko esku-dantzaz gain umeek ere egin zuten soka-dantza. Egitarauan iragartzen zenez 1896ko ekainaren 6an, goizeko 10:00etan Umeen aurreskua zen dantzatzekoa. Honako argazki hauek ekitaldi horretakoak izan litezke. Lehenengoan umeen soka ageri da eta aurreskua eta atzeskua desafioa dantzatzen ari direla antzeman daiteke. Bigarrenean bikoteka fandango edo arin-arina dantzatzen ari direla dirudi. Bigarren argazkian txistulariak Udaletxeko arkupeetan daudela ikusten da.

Umeen aurreskua 01 Arrasate 1896
Umeen aurreskua Arrasaten, 1896ko ekainaren 6an, Euskal Jaietan. Argazkia: Mendia Fondoa.

Umeen aurreskua 02 Arrasate 1896
Umeen aurreskua Arrasaten, 1896ko ekainaren 6an, Euskal Jaietan. Argazkia: Mendia Fondoa.
Ondoko beste argazki hau beste festa eta urte batekoa ere izan liteke. Hori bai, tokia berbera da, Arrasateko plaza, Udaletxearen ataria, eta oraingoan erromerian, dantzan daude herritarrak, dantza lotuan zehazki. Saiatu bagara ere ez ditugu musikariak identifikatu, ea inork begi zorrotzagoa daukan.
Arrasate 1900 inguruan dantzaldia plazan 01 osoa
Dantzaldia Arrasaten, 1900 urte inguruan. Argazkia: Mendia Fondoa.
Musikaririk ez, baina lotuan, agarrauan dantzan ageri diren bikoteen artean bada xehetasuna bat antzeman duguna. Gizon-emakumez osatutako bikoteetan, gizonezkoak ezkerreko eskuarekin heltzen du emakumearen gerria eta eskuinarekin hartzen du emakumearen eskua. Heltzeko modu hau, lotuan dantza egiteko ohiko era izan zela azaldu eta argudiatu dute zenbaitek (bereziki Galdakaoko Andra Mari dantza taldeari eta Aiko taldeari entzun diegu xehetasun hau) eta adineko dantzariek esandakoaz gain, argazki zaharretan postura hori ohikoa dela aipatu izan dute. Honako argazki honek hori berresten du, zalantzarik gabe. Ikusi argazki beraren zati bat handituta.
Arrasate 1900 inguruan dantzaldia plazan 02 detailea
Dantzaldia Arrasaten, 1900 urte inguruan. Argazkia: Mendia Fondoa.
Ekainaren 6an, Kulturateko klaustroan 108 argazkiz osatutako erakusketa inauguratuko da (ikusteko astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era). Arrasate Zientzia Elkarteak erakusketa horrekin batera Mondragoe beirazko plaketan izeneko liburua prestatu du. Mendia fondoko hainbat argazki biltzen dituen liburua ostiraean bertan, arratsaldeko 17:00etan aurkeztuko da, Arrasateko Kulturaten.

Dokumentuaren akzioak

2014/06/04 23:45
Oso argazki interesgarriak. Neuk ere bi detaile horietan erreparatu dut: lotuan heltzeko moduan eta soltean bikoteka aritzean soka dantzaren amaieran. Ea erakusketan edo liburuan xehetasun edo argazki gehiago topatzen ditudan.
2014/06/10 10:59
Bai, gainera argazkiek oso kalitate ona dute (hemen jarri ditugunen gainean klik egin eta handiago ikusteko aukera dago) eta horrek xehetasunak gertutik aztertzeko aukera ematen du.
2014/06/19 18:52
Erakusketa ikusi dut. Liburuak erakusketako argazki guztiak biltzen ditu. Horien artean, dantza agertzen den hamaika (11) argazki daude. Albiste honetan argitaratu direnez gain, beste sei.

Hainbat argazkitan, "Dantzaldia plazan" izenburupean, erromerian agertzen dira herritarrak kaleko jantzita (haur, gazte eta heldu nahastuta). Argazki batetan agertzen dira lotuan dantzan (albiste honetan argitaratutakoan). Gainontzekoetan soltean ari dira: beti bikoteka edo laukoteka, aurrez-aurre binaka; batzutan ez da ondo antzematen laukotea edo korru txikia ote den, baina hauetan ere badirudi bikotean ari direla (ez guztiak alde berdinera). Oinak ondo lurrean, eta besoak 'natural', gorputzaren alboetan zabalik, 90ºtan edo beherago (nolabait 'neurtzeko'), baina ez goraka.

Gaur egun Arrasaten solteko eredu ohikoena da korruan (baita korru handitan ere), denak batean (bikoterik gabe, guztiak alde berdinera eta urrats hurrenkera berdinean), hanka puntetan, eta besoak goraka.

Gainontzeko argazkiek hainbat soka-dantza jasotzen dituzte, eskuak zapiaz zein zapirik gabe hartuta (baita soka-dantza berean ere).

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.