Dokumentuaren akzioak
Añorgako dantzariak 25 urteren ondoren berriz Boiseko Jaialdin

Bost urtetik behin Boiesen (Idaho, AEB) ospatzen den Jaialdi jaian dantzatuko du Añorgako Arkaitz dantza taldeak. "2023ko azaroan ikusi genuen aukera bazegoela eta gure eskaintza bidali genien, eta hautatuak izan ginela 2024 hasieran abisatu ziguten". Urte eta erdian dabiltzala antolaketa eta prestaketatan dio Egoitz Irazabalbeitia Soto (Donostia, 1989) Arkaitzeko kideak.
Guztira 38 kide joango dira diasporako euskal kulturaren festa handira; 29 dantzari eta 9 musikari. Ez dira Euskal Herritik doazen dantzari edo musikari gonbidatu bakarrak, Tio Teronen Semeak, Gatibu, Neomak eta Xabi Aburruzaga ere han izango dira, besteak beste.
Uztailaren 28tik abuztuaren 4ra izango dela bidaia zehaztu digu Nerea Unanue Arizeta (Añorga, 1995) dantzariak. Nahiko bidaia azkarra izango da, "joan, disfrutatu eta bueltatu". Bertako Oinkari dantza taldekoak izango omen dituzte gidari, "denbora guztian gurekin egongo direla esan digute. Egun danetarako plangintza eginda daukagu, bertako ekintzak, guretzako antolatu dituztenak, ikastaroak, gure emanaldiak..."
Añorga-Boise-Añorga
Añorgako dantzariak behin baino gehiagotan izan dira Boisen; 1987an Goizaldirekin eta 1990ean Argiarekin eta 1995ean eta 2000an Arkaitz taldea bera joan zen. Aurtengo taldea nahiko gaztea da; gehienak 17-22 urte bueltakoak dira. Lau musikarik errepikatzen dute, baina beste guztiak lehen aldiz joango dira Jaialdira.
Gari Otamendi Arrieta (Añorga, 1980) dantzari eta musikaria da aurrez Jaialdi ezagutzen duenetako bat, "Josema Mendiolaren gidaritzapean oso talde potentea joan ginen, Gogoratzen dut Morrison Centerren, 2000-3000 pertsonako antzokian, dantzatu genuela. Aste osoa pasa genuen Oinkarikoekin". Eta horrek gero soka ekarri zuen, "Hurrengo urteetan Oinkarikoak Euskal Herrira ere egin zituzten bisitak, institutua bukatu eta euskara ikasteko asmoarekin urte betez. Añorgan entseatzen zuten". Harreman horiei esker 2000. urtean berriz itzuli ziren Añorgarrak, "Gipuzkoako dantzez gain, Otsagabiko dantzak, dantzari-dantza, Nafarroa Behereko kontra-dantzak... aurkeztu genituen".
"Gu baino helduagoek beti aipatu izan dituzte Boiseko bidaiak, Añorgan beti hitz egin izan da horri buruz. Guretzako amets bat zen, pentsatzen genuena inoiz ez zela beteko" dio Unanuek ilusio aurpegia ezin ezkutatua". Irazabalek dio helduagoek esperientzia izugarria bezala gogoratzen dutela eta erdi brometan kontakizunean beti, "eta zuek ez zarete joango" gehitzen zietela. "Espero ez genuen zerbait eta azkenean iritsi zaigu aukera".
5000 pertsonaren aurrean dantzan
Abuztuaren 1etik 3ra lau emanaldi izango dituzte, 40-45 minutu ingurukoak; eta aurreko egunetan entseguak. Lehen egunekoa izango da ekitaldi nagusia eta gainerako talde gonbidatuekin eta Oinkarirekin osatuko dute ikuskizuna. "Idaho Centro Arena izotz jauregian izango da. Esan digute 4000 sarrera daudela salduta eta helburua 5000ra iristea dela".
Inauterietako Dibertimenduko makila-txikiena, Argiaren almute-dantza, ezpata-dantza, Otsagabiko dantzak eta Zuberoako maskaradetako dantzak eskainiko dituzte emanaldi nagusian. Eta gainerako emanaldietan Gipuzkoako brokel-zikloko hainbat dantza, Durangaldekoak, Eltziegokoak, Otsagabikoak, Zuberoako maskaradetakoak, Lesakakoak... konbinatuko dituzte.
Diru-bilketa eta entseguak
Dantza taldea urtean zehar dirua lortzen saiatzen dela azaldu digute lau urtetik behin bidaia bat egiteko. Beraz, urtero izaten dute burua horrelako dantza bidaietarako eta aurten ahalegin berezia egin dute, "emanaldi bat edo beste egin dugu Añorgatik kanpo eta Gipuzkoako dantzen ikastaro bat ere eskaini diogu Bizkaiko talde bati. Txosna jarri dugu, jaietako bazkaria antolatu, pelikula batera joan gara figurante gisa...".
Jaialdi lotarako lekua eta janariaren kargu egiten da eta Jaurlaritzatik bidaiarako diru-laguntzaren bat edo beste ere bada, baina beti da gastua horrelako talde bat munduan beste aldera mugitzea, "gure taldea xumea da eta aprobetxatu dugu arropa berri batzuk egiteko, txukun joan gaitezen hara, materiala garraiatzeko maletak erosi ditugu eta aeroporturako garraioa ere kontutan hartu behar da".
Eta dantzari dagokionez ere aparteko prestaketak ekarri ditu bidaiak, "saiatu gara gure azken emanaldietan eskaini ditugun dantzak moldatzen Boiserako, baina hala ere normalean baino entsegu gehiago egin ditugu urtean zehar. Aurreko astean goizez eta arratsaldez entseatu dugu, asteburuetan ere ibili garan dantzan eta orain, Karmenak pasa ondoren beste urteetan oporretan egongo ginateke, baina entseatzen jarraitzen dugu".
Dokumentuaren akzioak