Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Argentinako zazpi hiritan ematen ari dira Dantza filma

Dokumentuaren akzioak

Argentinako zazpi hiritan ematen ari dira Dantza filma

2019/11/04 13:20
Argentinako zazpi hiritan ematen ari dira Dantza filma

Telmo Esnal eta Gari Otamendi Laurak Bat euskal etxean, Buenos Aires, 2019-10-30. Argazkia: Etxepare

Telmo Esnal eta Gari Otamendi, Dantza filmeko zuzendaria eta protagonistetako bat, Argentinan dira filma aurkezten. Urriaren 31n hasi eta azaroaren 3ra arte iraungo duen biran, Buenos Aires, Rosario, Villa Maria, Mendoza, Necoechea, Tres Arroyos eta Bahia Blanca bisitatuko dituzte. Emanaldietan ikusleek Esnal eta Otamendiri galderak egiteko aukera dute eta horrez gain, dantza tailer eta irakastaldiak ematen ari dira argentinarrei.

Dantza filma Argentinan
Telmo Esnal eta Gari Otamendi Laurak Bat euskal etxean, Buenos Aires, 2019-10-30. Argazkia: Etxepare

Lehenengo geldialdia Buenos Airesen egin dute, urriaren 30ean, Etxepare Institutuak martxan jarri duen Amale Artetxeri eskainitako katedraren inaugurazioan. Laurak Bat euskal etxean egindako dantza tailerrean 30-35 bat dantzari elkartu dira eta entzule gisa beste 15-20 bat. Filmean dauden Gipuzkoako dantzen inguruan aritu dira, urratsen sistema eta galaiena esku-dantzari buruz, eta oholtzarako eta pantailarako egokitzapenei buruz. Modu horretan, dantzakeran egindako lanak azaldu dituzte. Biharamunean proiektatu dute filma.

Dantza filma Argentinan
Dantza filma Buenos Airesko zinema aretoan, 2019-10-31. Argazkia: Gari Otamendi -Dantzan CC-BY-SA

Asteburuan zehar, berriz, Rosarion, Villa Marian eta Mendozan izan dira. Gari Otamendik azaldu digu aurkezpenak oso ondo ari direla joaten. Filma zine aretoetan ari dira ematen eta ia kasu guztietan aretoak bete egin dira. Herri bakoitzean euskal etxeetako ordezkariek egiten diete harrera eta eguna beraiekin pasatzen dute. Filmak harrera ezin hobea izan du orain arte, "jendeari asko ari zaio gustatzen, batez ere dantzekin oso identifikatuta sentitzen direlako, eta galdera eta komentario asko egiten dituzte" dio Otamendik.
Dantza filma Argentinan
Telmo Esnal eta Gari Otamendi Villa Marian Dantza filmaren azalpenak ematen.
Dantza filma Argentinan
Telmo Esnal eta Gari Otamendi Laurak Bat euskal etxean, Buenos Aires, 2019-10-30. Argazkia: Etxepare

Bira hau, Etxepare Euskal Institutuaren, Eusko Jaurlaritzaren kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzaren arteko hitzarmenaren emaitza da.

Honakoak dira datozen emanaldiak:

  • Azaroak 6, asteazkena: Necochea. 20:00etan. Cine Teatro Toledo (Av. 75 y 58)

  • Azaroak 7, osteguna: Tres Arroyos, 20:00etan. Cine Tortoni (Colón 255)

  • Azaroak 8, ostirala: Bahía Blanca. 15:00etan. Cinemacenter, Bahía Blanca Plaza Shopping (Av Sarmiento 2153)

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.