Argentinatik Euskal Herrira euskal dantzan sakontzera

2026/09/03
Argentinatik Euskal Herrira euskal dantzan sakontzera

Betirako dantza taldeko kideak Kezkako zenbait dantzarirekin Eibarren, 2026-09-03.

Tandilgo Betirako euskal dantza taldeko hamaika kide Euskal Herrian dira egunotan euskal dantzan trebatzen, euskal kulturaren ezagutzan sakontzen eta zenbait dantza emanaldi eskaini eta dantzalditan parte hartzen ere bai. Gure Etxea Euskal Etxeko dantzariak abuztuaren 30ean etorri ziren eta  irailaren 13a bitartean izango dira Araba, Zuberoa, Lapurdi, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoan hara eta hona. Bi asteko bidaia prestatu dute, euskal dantzan trebatu, bertako talde eta eragileekin harremanak sendotu eta euskal kulturaren inguruko esperientziak zuzenean ezagutzeko.

Maule eta Eibar izango dituzte egoitza nagusiak, eta dantza ikastaroak eta entseguak egingo dituzte tokiko dantzari eta adituen eskutik. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat festa eta ekitalditan parte hartuko dute, euren errepertorioa eta bertakoa partekatzea da asmoa. Irailaren 5ean Areatzan izango dira, Euskal Diasporaren Astearen barruan, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte, baita Argentinatik ekarritako chacarera ere. Irailaren 8an, berriz, Arraten Kezka dantza taldekoekin batera ezpata-dantzan arituko dira, eta arratsaldean Donibane Lohizunera joango dira Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionalean parte hartzera. Irailaren 12an, bestalde, Beasainen, Igartzako ezpata-dantzarien egunean dantzatuko dute Kezkako dantzariekin batera.

Tandileko (Argentina) Betirako dantza taldeko kideak Zuberoan bertako dantzak ikasten.

Hartu eta eman

Lehen egunak Zuberoan eman dituzte. Maule izan dute lehen egoitza, eta bertako Aitzindariak elkarteko kideekin dantza-entsegu eta formazio saioak egin dituzte goizetan. Arratsaldeetan, berriz, Zuberoa , Nafarroa Beherea eta Lapurdiko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dute. Ikastera etorri dira, baina erakustera ere bai. Argentinar folkloreko dantza adierazgarrienetako bat, chacarera, erakutsi baitute Maulen eta ondoko egonaldietako batzuetan ere erakutsiko diete Euskal Herriko dantzariei.

Irailaren 2an, Eibarrera iritsi dira, eta bertatik egingo dituzte joan-etorriak batera eta bestera. Formazioak eta entseguak izango dituzte, euskal dantzan sakontzen jarraitzeko. Eibarren bertan ezpata-dantzan trebatuko dira, Donostian Argia dantzari taldeko kideekin soka-dantzan oinarrituta gipuzkoako teknikarekin puntuak eta aldairak lantzeko teknika landuko dute eta Iruñean, berriz, Duguna dantza taldekoekin Sanferminetako trokeo-dantzak ezagutuko dituzte. 

Euskal Herria ezagutzen

Dantzarekin eta formazioarekin batera, Euskal Herria ezagutzea ere bada bidaiaren beste ardatzetako bat. Orain arte Ipar Euskal Herrian ibili dira; besteak beste, Maule, Holtzarteko zubia, Donibane Garazi, Baiona eta Miarritze bisitatu dituzte. Errenterian, berriz, jantziaren museoa ezagutu dute.

Datozen egunetan Gernika eta Oma, Gaztelugatxe eta Bilbo bisitatuko dituzte; Bilbon Euskal Diasporaren Artxiboa ezagutzeko aukera izango dute. Donostian Kontxako estropadak ikusiko dituzte eta San Telmo Museoa bisitatuko dute; Zarauzko Euskal Jaira joango dira, eta Iruñea ere bisitatuko dute.

2025ean hasitako harremanari jarraipena

Bidaia honen atzean azken urteotan Euskal Herriko eta Argentinako diasporako dantzarien artean sortutako harremanak daude. 2025ean Tandilen ospatu zen Euskal Aste Nazionala eta bertako euskal etxea izan zen antolatzailea. Haien iniziatibaz Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizunaren egokitzapena prestatu zuten Argentina eta Uruguaiko 25 euskal etxetako dantza taldeek, Euskal Herriko dantzari eta musikariekin elkarlanean. Prozesu hark harreman eta elkarlanerako bide berriak ireki ditu.

Bidaia Gure Etxeak sustatzen duen Herentzia bizia kultura eta formakuntza proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Proiektu horren baitan, Euskal Etxeak izen bereko dokumentala ere ekoitzi du, 2025eko Euskal Aste Nazionalean Tandilen grabatutakoa. Dokumentala Euskal Herrian ere aurkezten ari dira egonaldi honetan.

Guztira, hamaika dantzari etorri dira: Lourdes Peirano, Valentina Brito, Unai Hernandez, Carolina Minaberri, Sofia Errasti, Micaela Zabaleta, Mariana Ballent, Facundo Ettxegarai, Paz Bidauri, Gabriela Di Giano eta Sara Urbieta (zuzendaria). Euskal etxeko bi ordezkari instituzional ere batuko zaizkie bidaian: Graciela Confalonieri Zabala lehendakaria eta Marily Hargindegi zuzendaritzakidea.