Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aranzadik bi asteko kultur antropologia ikastaroa antolatu du Luzaiden

Dokumentuaren akzioak

Aranzadik bi asteko kultur antropologia ikastaroa antolatu du Luzaiden

2018/05/24 09:00
Aranzadik bi asteko kultur antropologia ikastaroa antolatu du Luzaiden

Luzaide, 2017-04-16. Argazkia: Eire Vila-Dantzan CC-BY-SA

Aranzadi Zientzia elkarteak ekainaren 17tik 29ra kultur antropologia ikastaroa antolatu du Nafar Pirinioetan. Antropologia Kulturala eta Etnografiaren alorreko jakintzak praktikoki ezagutu eta lantzeko interesa duen orori zuzenduta dago ikastaroa. Ohiko usadioetara eta bizitza tradizionalera hurbilduko dira Pirinioetako bihotzean dagoen Luzaide herrian, Nafarroan. Bailaran zehar materialak bilatuko dira eta horiek ezagutu, jaso, katalogatu eta dokumentatuko dira. Luzaideko Udalak erakusketa bat prestatu nahi du herrian, eta hori gorpuzteko planteatu da egonaldia, denon laguntzarekin etnografiaren alorreko ekarpenak egiteko.

Ikastaroa Luzaideko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute. Aranzadik beste hainbat udalerriren eta Nafarroako Gobernuko laguntzarekin Pirinioetako erromatar galtzada eta inguruko aztarnak ikertu eta balorean jartzeko proiektua du martxan, horrekin batera Luzaideko udalerriko historia eta tradizioa balorean jarri nahi da. Aranzadiko Etnografia departamentuak ibilbide luzea eduki du herrietako usadio eta bizimoduak ikertzen, aipatzekoa izanik Fermin Leizaola, departamentuko zuzendariak antolaturiko Zaharkinak proiektua, non herriz herri etnografikoki interesgarriak ziren piezak bildu eta herritarrei erakusgarri jartzea zen helburua. Testuinguru horretan jaio da Luzaideko Antropologia Kulturala-Etnografia ikastaroa, proiektu zabalago baten zati moduan. Ikastaroarekin gaiarekiko interesa duten pertsonak bildu nahi dira eta udalari bere ondarea balioan jartzen lagundu.

Ikastaroak bi zati ditu, lehena, izena ematen duten 13 pertsonekin egitekoa, etnografia objektuak bildu eta katalogoa sortuko dute herriko ondarea zein den jakiteko; hori goizetan izango da. Beste zatia herritar eta beste interesatu ororentzat zabaldu da, hitzaldi irekiak antolatu dituzte 19:00etan Luzaideko Zine zaharra aretoan. Besteak beste, Mikel Ozkoidik eta Karlos Irujok, Ortzadar elkartea osatzen ari den Nafarroako dantzen atlasa aurkeztuko dute eta Ane Albisu dantzarako eta ospakizunetarako jantzien azken ehun urtetako bilakaeraz arituko da. Hemen arratsaldetako saio irekien egitaraua:

Hitzaldiak ekainaren 17tik 29ra 19:00etan Luzaideko zine zaharra aretoan

17 igandea, Suberri Matelo Mitxelena; Proiekturen aurkezpena.
18 astelehena, David Mariezkurrena; Mitoak eta elezaharrak Luzaide/Valcarloseko ahozko tradizioan.
19 asteartea, Xabier Kerexeta; Mugazgaindiko mikrolurraldeak.
20 asteazkena, Fermin Leizaola; Sukalde tradizionala eta bere ekipamendua.
21 osteguna, Fermin Leizaola; Artzantza eta abeltzaintza estentsiboa Pirinioan.
22 ostirala, Xabier Irujo; Errozabal 778: la batalla de Roncesvalles.
23 larunbata, Aezkoa bailaran piriniar motako garaiak ikusteko bisita gidatua Fermin Leizaolarekin.
24 igandea, Oinezko txangoa Luzaideko inguruak ezagutzeko, Epersaroko trikuharria eta borda bisitatuz, Juanmari Martinez Txoperenarekin.
25 astelehena, Jose Etxegoien; Luzaide, ibilbide luzea historian.
26 asteartea, Mikel Ozkoidi + Karlos Irujo; Ondare kultural materiagabeko izendapenak + Dantzatlasa, ondare bilketaren adibidea
28 osteguna, Xamar; Etxea. Ondarea. Historia. Mintzoa
29 ostirala, Ane Albisu; Ospakizunetarako jantziak, 100 urteko garapena.

Etnografia ikastaroa euskal Pirinioetan

  • Lekua: Luzaide
  • Prezioa: 50€ (Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak doan), Otorduak eta ostatua barne
  • Plaza kopurua: 13 (18 urtetik gorakoak)
  • Hizkuntzak: euskara, espainiera
  • Kontaktua: Suberri Matelo Mitxelena
  • Izen-ematea: www.aranzadi.eus
  • Izena emateko azken eguna: maiatzak 31

 

Informazio gehiago: Etnografia ikastaroa euskal Pirinioetan

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.