Dokumentuaren akzioak
Arantza Goikoetxearen panderoa gelditu da
Arantza Goikoetxea, Zeanuri 1952-08-19. Argazkia: Alan Lomax Collection, American Folklife Center, Library of Congress.
Gelditu egin da, baina ez da isildu, haren triki-triki soinua eta bere eztarriko doinuak entzun baitaitezke oraindik. 91 urterekin zendu da Arantza Goikoetxea Uriarte, Zeanurin jaio eta hazi, eta Eibarren bizi izan zen panderojole eta kantaria.
1952ko abuztuan gizon amerikar handi bat iritsi zen Zeanurira. Bere proportzioko magnetofoi batekin armatuta musika ehizan zebilen. Alan Lomax (1915-2002) zen bera, etnomusikologo estatubatuar garrantzitsua. Berari zor dizkiogu 1952ko euskal herri musikaren hainbat grabazio eder, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bildutakoak. Horien artean Andoni eta Arantza Goikoetxeari Zeanurin grabatutakoak.
Alboka jotzen zuen Andonik eta panderoa jo eta kantatu Arantzak. 1952ko abuztuaren 19an egin zituzten grabaketak, eta Zeanuriko Goikoetxeatarren jota, porrusalda eta biribilketak Zeanuritik Ameriketara eta handik mundu osora zabaldu zituen kantu-ehiztari amerikarrak. 91 urterekin zendu da Arantza Goikoetxea, baina bere musikak hango eta hemengo entzuleen belarrietan segituko du.
Dokumentuaren akzioak