Dantza, euskara eta komunitatea plazara Angelun kabalkadaren bidez
Angeluarra dantza taldeko dantzariak, 60. urteurreneko kabalkadako entseguan. Irudia: Kanaldude
Herria dantzatzeko eta komunitatea elkartzeko tresna gisa ulertzen du Angeluarrak dantza taldeak 60. urteurrena ospatzeko prestatu duen kabalkada. Emanaldiak irailaren 20an, igandea, eta 26an, larunbata, izango dira. Euskal dantzaren inguruan herria dinamizatzea, euskaran eta euskal kulturan ari diren eragileak elkartzea eta transmisioa lantzea dira proiektuaren helburu nagusiak. 300 bat herritar mobilizatu dira: 190 dantzari, 26 musikari, 27 antzerkilari, 25 dendari eta logistikan ari diren laguntzaileak. Kanaldudek egindako erreportajean, Patxi Amulet dantzari eta proiektu koordinatzaileak, Oihana Makazaga dantzariak eta Leire Dainciart antzerkilariak hainbat azalpen eman dituzte.
Kabalkada egitea “kristoren erronka” dela azaldu du Amuletek, “baina Angeluarrak taldeak azken hamabost urteotan dantzarekin izan duen harremanari buruz egindako gogoetaren ondorio ere bada”. Taldearen jarduna dantzaren ohiko eremutik harago kokatu nahi izan dute, “karrikara eta plazara begira, dantzak bere hastapenetan zuen funtzioa eta rola berreskuratuz, eta kabalkada tresna erraldoi bat da norabide horretan”.
190 dantzari, dantzan jarraitzeko gogoz
Kabalkadarako 190 dantzari bildu dituzte eta astez aste ari dira bolantak eta kaskarotak prestatzen; 64 bolant eta gainerako kaskarotek osatuko dute dantzarien taldea. Prestaketa prozesuak energia eta dantzan jarraitzeko gogoa ekarri duela azaldu du Oihana Makazagak, eta hainbat dantzarik adierazi diete kabalkada amaituta ere dantza taldean jarraitzeko asmoa dutela. Dantzak Angeluarraken erara egokitu eta moldatu dituztela dio, kabalkadetan dantzatu ohi den errepertoriotik abiatuta.
Dantzaz gain, kabalkada izanik, antzerkiak ere leku garrantzitsua izango du. Leire Dainciart urte osoan aritzen da dantzan, baina orain antzerkiaren aldeko hautua egin du, eta Jokin Irungarairekin batera landu dituzte eszenak: “hasiera batean ideia guztiak bildu ditugu, eta poliki-poliki eszenak idatzi eta gero antzeztu”. Euskaraz eta euskal kulturaren inguruan ari direla erakusteko aukera ere ikusten du proiektuan; “biziki pozik naiz angeluar gisa proiektu honetan parte hartzeaz, gauza handia da. Kostaldean kabalkada bat egitea ez da ohikoa. Beraz, atzematen dut ongi dela erakustea hemen ere euskaraz ari direla denak”.
Euskaldun izateko eta euskal kultura bizitzeko plaza
“Gaurko testuingurua ikusiz, Angelun euskalduna izatea ausarta da”, uste du Amuletek. Euskal hiztun eta kultur komunitateak hiri-testuinguru batean duen presentziaz eta ikusgarritasunaz hitz egin du, eta Angelu Lapurdiko mapan euskal kultura bizi den eremu gisa plazaratzeko beharra nabarmendu.
Haren ustez, kabalkadak erakutsi nahi du hiri handi baten barruan ere badela “herri ttipi bat”, eta euskal kultura bizirik dagoela Angelun eta inguruan. Horregatik, kalea eta plaza dira proiektuaren kokalekua: dantza ez soilik taldearen barruko jarduera gisa, baizik eta herriarekin harremana egiteko eta komunitatea egituratzeko tresna gisa.
Transmisioa ere kabalkadaren beste ardatzetako bat da. Ekainaren 400 gaztek parte hartu zuten Angelun egindako Gazte Kabalkadan, eta Amuletek esperantzarako arrazoi gisa aipatu du: “bildu dira 400 gazte kabalkada bat muntatzeko, haien antzerkiarekin, haien hitzekin, haien dantzekin, haien jantziekin. Badakigu tresna horiei esker ere transmisioa egiten dela, eta hori izanen da erronka, dantzari gazteak ateratzea”.
Angeluko kabaldaka
- Irailak 20, igandea, Hardoyko frontoian, 16:30ean.
- Irailak 26, larunbata, Quintaou plazan, 16:30ean.
Dantzan