Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Angels Margaritek "Solo para habitacion" aurkeztuko du asteburuan Bilbon

Dokumentuaren akzioak

Angels Margaritek "Solo para habitacion" aurkeztuko du asteburuan Bilbon

Bertan aurkeztuko diren ikuskizunen artean, 12 erabateko estreinaldiak izango dira, beste 5, ikus-entzuleek Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango dituzten ikuskizunak eta 2, Estatu mailako estreinaldiak. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako BAD-ek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza izan du aurten, Seydou Boro konpainia ekarri ahal izateko. Konpainiak “Le tango du cheval” dantza ikuskizuna eskainiko du Bilbon, lehen aldiz Espainia osoan.

Bihartik azaroaren 6ra bitartean, Bizkaiko hiriburuak arte eszenikoen abangoardia jasoko du berriro ere, BAD-en, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren hamahirugarren edizioa dela eta. Angels Margarit dantzari eta koreografo katalanak, 2010eko Sorkuntza modalitateko Dantza Sari Nazionalak, bere “Miro #83. Solo para habitación”  lana aurkeztu du gaur goizean komunikabideen aurrean. Bilboko ikusleek LARUNBATEAN eta IGANDEAN ikusi ahal izango dute. Gure hirian lehen aldiz ikusi ahal izango den ikuskizuna hotel bateko gela barruan eskaintzen da, oso ikusle gutxirentzat.

Angels Margaritek ikuskizunaren moldaketa berezia prestatu du BAD-erako, eta Isabel Lopez dantzaria zuzenduko du eszenatokian. Gehienetan Margarit bera izaten da dantzaria, baina joan den asteburuan jasan zuen eta oin batean bihurdura eragin dion istripua dela eta, bere Mudances konpainiako dantzarietako bat izango da “Solo para habitación” ikuskizuna Bilboko ikusleei hurbilduko diena. 

1989an sortutako lana, mundu osoko hirietara heldu den pieza ibiltaria bilakatu da. Bere jatorrizko ideiari eta egiturari eutsi die, baina eboluzionatu eta eguneratu egin da. BAD-en laguntzaile berezi den Miro Hotelak “Miro #83. Solo para habitación” ikuskizuna jasoko du, 83. logelaren barruan, hamabi ikusle ingururen aurrean, eskainiko den ikuskizuna.

Bakarka ikusteko bakarkako lana da, ikuslea ezusteko voyeur gisa dago hotel baten logelaren barruan gertatzen den eszena batean, ikusleentzat aktuatzen ari ez den pertsonaia baten intimitatea aurkituz, bere pentsamenduen, bere itxarotearen, bere bakardadearen isiltasunean harrapatuta dagoen pertsonaiarena. Hoteleko logelatan instalatzen den dantza nomada da; 20 minutuko iraupena eta egitura zirkularra duen ikuskizunean, amaiera hasierarekin lotzen da, eta etengabe errepikatzen da. 

“Miro #83. Solo para habitación” ikuskizunak sei emanaldi eskainiko ditu, urriaren 29an eta 30ean, 19:30etatik 22:00etara bitartean, hainbat kontinentetan egon den egitasmo honen Euskadiko estreinaldira joateko sarrera lor dezakeen pribilegiatu talde txikiarentzat bakarrik.

Angels Margarit dantzari, koreografo eta pedagogoak (Terrasa, 1960) ia 30 urte daramatza dantzaren munduan. 70eko hamarkadaren amaieran Bartzelonako Institut del Teatretik sortutako dantzari garaikideen lehen belaunaldiko kidea da, eta 1985etik, nazio mailan finkatuen dagoen dantza konpainietako bat zuzentzen du: Mudances.

BAD-en programazioa

21 konpainiak hartuko dute parte BAD-en edizio berrian. Bertan aurkeztuko diren ikuskizunen artean, hamabi, erabateko estreinaldiak izango dira, eta beste bost, ikus-entzuleek Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango dituzten ikuskizunak. Horrez gain, bi dantza ikuskizun lehenengoz ikusi ahal izango dira Estatuan: israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaz hitz egiten duen Arkadi Zaidesen “Quiet”, eta Henrik Kaalunden “Dreame”. Horrez gain, BAD-ek Bilboko Institutu Frantsesaren laguntza izan du, egoitza Frantzian duen Seydou Boro, dantza garaikideko konpainia afrikar ezaguna gure jaialdian egon dadin. Estatu osoan lehen aldiz aurkeztuko du bere “Le  tango du cheval” lana.

Ohikoa denez, BAD-ek gune garrantzitsua eskainiko dio bertako konpainiek eta artistek, Horman Posterrek, Olatz de Andrések, Tearto Teatrok edo Leire Ituartek, arte eszeniko garaikideen alorrean burutzen duten lanari.

Aurten, BAD-ek eszenatokiak zabaldu eta hiri guztiari gainetik begiratuko dio, Hiribilduan kultur erreferentzia diren leku berrietara heltzeko, Alondegira, Euskalduna Ontziolek hartzen zituzten lurretara eta EHU-ko Paraninfora, ikus-entzule berriak eszena garaikideko lan berritzaileenez gozatzera hurbil daitezen. Edizio  honetan zenbait gune berezi ere sartuko dira. Horrela, Vista Alegre Zezen Plazan “Itineris Apur BAD” ikuskizuna jarraitu ahal izango da.

Espazio berri horiez gain, BAD-en ohikoak diren beste batzuekin jarraituko da, Baliabide Eszenikoen Udal Zentroa - BilbaoEszena, La Fundición, Hacería, Bilborock, La Merced ikastetxea, Hika Ateneo, Zawp Pabilioia eta Muelle 3, besteak beste, gehienak, urte osoan programazio egonkorra eskaintzen dutenak, zirkuitu komertzialagoetatik kanpo eta, horrez gain, ikerlariak, artistak eta koreografoak elkartzeko ohiko leku direnak. BAD, Campos Antzokian eta BBK Aretoan ere egongo da beste urte batez, eta edizio honetan 6 zk.-ko Pabilioia gehituko zaio. 6. Pabilioia, ateak abuztuan zabaldu zituen eta Arte Eszenikoekin lotutako sortzaile talde batek bultzatzen duen ekimena da.

Estreinaldiak eta konpainiak

Azaroaren 6ra arte La Merced ikastetxeak bost ikuskizun eskainiko ditu, horietako lau erabateko estreinaldiak izango dira, hiru, euskal konpainien eskutik. Horrela, Horman Poster talde bilbotarrak, BAD-ek ko-ekoiztu duen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza jaso duen “Pasado Perfecto” performancea eskainiko du; Olatz de Andrés dantzariak “Privolva” estreinatuko du, espazio definitu gabean, dimentsio-anitzean eta poetikoan kokatzen den eta ukitu erretro-futurista duen lana; Tearto Teatro konpainiak bere azken lana aurkeztuko du, “Autoestigma”. La Merced ikastetxeko azken estreinaldia, “Ya llegan los personajes”, Juan Domínguez antzezle, koreografo eta eszena zuzendariaren eta Rafael Lamataren eta Jaime Vallaureren performancea da, multimedia elementuak dituena, “Los Torreznos”. Bilaketa eta esperimentazio espresibora bideratzen da, keinua, hizkuntza eta presentzia bezalako forma xumeen bitartez.

Campos Antzokiak, programazio osoko ikuskizunik garrantzitsuenetakoa jasoko du azaroaren 1ean (19:30etan). Seydou Boro konpainia afrikarrak “Le tango du cheval” dantza ikuskizuna estreinatuko du, lehen aldiz Estatu osoan. Ouagadougoun, Burkina Fasoko hiriburuan, Salia Sanou eta Seydou Boro koreografoek ikastetxe bat zuzentzen dute eta ikastetxe hori, gainera, euren konpainiaren eta Dialoges de corps jaialdiaren egoitza da. Bertara, dantza garaikideko atzerriko konpainiak heltzen dira. Bi sortzaileek Frantzian ezagutu zuten elkar, Montpellierreko Zentro Koreografikoan lanean ari zirela, Mathilde Monnierren aginduetara. Gaur egun, Boro, zortzi dantzarirentzat eta zuzenean joko duten musikarientzat egin den eta zaldiengan inspiratuta dagoen “Le tango du cheval” lanaren azken xehetasunak lantzen ari da. Mundu mailako estreinaldia urriko hilabete honetan izango da Bordelen, eta azaroan Bilbora helduko da. Bertan emanaldi bakarra izango du, Espainian egingo duten birarekin jarraitu aurretik.

La Fundiciónen, Israelen bizi den Arkadi Zaides koreografo sobietarraren “Quiet” dantza ikuskizuna aurkeztuko da, Espainian lehen aldiz (azaroaren 5ean eta 6an). Joan den urtean, artista horrek Kurt Jooss sari garrantzitsua jaso zuen, “Solo Colores” koreografiarengatik, eta sari hori, nazio eta nazioarte mailako beste batzuei gehitu zaie.”Quiet” lanak israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaz hitz egiten du. Sorkuntza prozesua interpreteen gizarte errealitateetan eta prestakuntza artistikoan dauden desberdintasunetan inspiratu da. Lanean agertzen diren lau pertsonaiek erasoz, errukiz, nahasketaz eta nahiez betetako paisaia erakusten dute. Intentsitate horren erdian, gatazkan dauden maila guztiak biltzeko gai izango den leku bat bilatzen da etengabe, leku lasai bat.

La Fundiciónek jasoko du, baita ere, Henrik Kaalund dantzari eta koreografo independentearen “Dreame” lanaren Estatuko estreinaldia. Horrez gain, leku berean ikusi ahal izango dira Euskadin lehen aldiz, Bea Fernándezen “Tres personas, todos los cuerpos” lana eta Marco Canale antzerkigile eta zuzendari argentinarraren “La puta y el gigante” lana (Artezblai argitaletxeak argitaratua). Lan horretan, eszenatokira lehen aldiz igoko den zuzendariak, Uribe agintean egon den bitartean Kolonbiak bizi izan duen historiari buruzko gogoeta egingo du, ikuspegi kritikotik (urriaren 29an eta 30ean).

Kale Nagusiko BBK aretoak, Mal Pelo konpainia beteranoak aurkeztuko duen “Todos los nombres” lanaren Euskadi mailako estreinaldia jasoko du azaroaren 4an. Lan horretan, María Muñozek, eszenako bakarlari formatuan antzezle gisa burutzen ari den ikerketa lanarekin jarraitzen du. 6 Pabilioan“Errautsak” antzezlana programatu da, euskaraz, Le Petit Theatre de Pain Artedrama taldearen eskutik (urriaren 27an, 28an eta 29an). Izan ere, jaialdiaren helburuetako bat, euskaraz egiten den antzerkiaren garapenari laguntzea baita. 

Ikus-entzule berriak

Aurten, BAD-ek eszenatoki gehiago izango ditu, eta gure hiriko kultur bizitzan erreferentziazkoak diren lekuak sartzen ditu programazioan, Alondegia, besteak beste, beharbada eszena garaikidera hain ohituta ez dauden ikus-entzule berriak lan berritzaileenez eta abangoardiakoez gozatzera hurbil daitezen. Horrela, Bastida Aretoak, Carla Fernández artista mexikar independentearen “Bárbara, humana con cola” izeneko dantza ikuskizuna jasoko du (urriaren 29an). Proposamen eszeniko hori, zientzia fikzioaren tradizioan errotutako dantza pieza batek eta pieza hori eraikitzeko prozesuari buruzko pieza dokumental batek osatzen dute, obra osoaren dramaturgiaren barruan sartuta. Azaroaren 1ean, Alondegiko auditorioak, L`Alakran-en “Estoy en misa vuelvo enseguida” lanaren Euskadiko estreinaldia jasoko du.

Beste alde batetik, La Haceríak bi proposamen interesgarri jasoko ditu. Lehena, Legaleón-T konpainia gipuzkoarraren “Ella y él. Ficciones” azken lanaren erabateko estreinaldia (azaroaren 2an) eta bestetik, aurtengo BilboEszenako egoitzetako baten aurre-estreinaldia, Laida Azkona dantzari nafarraren “Mu-to” (azaroaren 5ean). Bilborock aretoari dagokionez, Plataforma Multimediaren “Orbe” dantza ikuskizunaren erabateko estreinaldia jasoko du.  

Itineris apur BAD

Bost artistaren begiradapean, Itziar Madariaga, Pako Revueltas, Rafa Aceves, Irene Bau eta Bego Crego, “Itineris Apur BAD” Bilboko Vista Alegre Zezen Plazaren instalazioetan burutuko da aurten. Aurtengo Itinerisek, handitasunaren barruan gutxiengoak egiten duen lana aztertuko du. Artelan txikiak gutxi batzuentzat, talde handientzako ikuskizunak jasotzen dituzten espazioetan. Azaroaren 3an izango da, hiru emanalditan, 18.00etan, 19.00etan eta 20.00etan.

Edizio honetan estreinatzen diren ikuskizunen artean, azpimarragarria da, bere berezitasuna dela eta, Mike Brooks (Ingalaterra, 1965) eta Rosa Casado (Madril, 1971) artistek bultzatutako “Tan sólo un trozo de historia que se repite” lana. Lan horrek Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntza du, BilbaoEszenaren bitartez, izan ere, joan den urtean garatzen hasi zen proiektu hori aurrera eraman ahal izateko “Artistak Egoitzan” programako beka bat jaso baitzuen. Performance multimediaren “Tan sólo un trozo de historia que se repite” espazio publikorako lan artistikoa da. Bere medio nagusia aurkitutako audio materiala da; bere estrategia nagusia jende aurrean aurkeztea da, eta bere poetikak oroitzapen pertsonalak eta giza nortasuna biltzen ditu. 

Bilboko azken urteetako historiari buruzko soinu eta bideo artxibo asko eta asko bildu ondoren –Bizkaiko zenbait komunikabideren laguntzari esker– aire libreko “Tan sólo un trozo de historia que se repite” ikuskizuna Euskalduna kaian estreinatuko da, ontziolaren lurrak zeuden lekuan, azaroaren 5ean eta 6an.

Beste alde batetik, BAD-en aurreko edizioan eta jaialdiarekin batera ekoiztuta, Itziar Barrioren “Los peligros de la obediencia” egitasmoa garatzen hasi zen, bere formatu eszenikoan. 4 egun, 4 antzezle, 8 ordu eta 3 bideo-kamara, lau antzezleek egunero ezagutzen zituzten zenbait jarraibideren araberako eszena bakarra eratzeko helburuz. Egun horietan lortutako material bideografikoa, lanaren emaitza den ikus-entzunezko piezaren parte izango da. BAD-en edizio honetan, esperientzia eszenikoan oinarrituz lortutako ikus-entzunezko materiala bideo-instalazio formatuan erakutsiko da (Alondegiko Atarian, azaroaren 1etik 4ra). Horrez gain, BAD-ek, Jaume Marcoren jatorrizko diseinua eta Maria Mur Deanen, Consonniren Zuzendariaren eta Blanca de la Torreren, Gasteizko Artium Museoko Kontserbatzailearen, testuak dituen katalogoa ere argitaratuko du. Katalogoa, joan den urtean burututako lan guztiari buruzkoa izango da.

  • BAD Informazio puntua: Expogela BilbaoHistoriko (San Frantzisko, 32). Goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara.
  • Informazio guztia: www.badbilbao.com web gunean, 010 telefono zenbakian eta BAD-en informazio zenbakian, 946793379.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.