Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Andoni Iribarren dantzari iruindarra zendu da

Dokumentuaren akzioak

Andoni Iribarren dantzari iruindarra zendu da

2016/06/07 08:20
Andoni Iribarren dantzari iruindarra zendu da

Argazkia: Kurruskla dantza taldea

Larunbatean zendu zen, 60 urtetan, Andoni Iribarren Imaz, dantzari iruindarra. Ortzadar dantza taldeko sortzaile, Iruñeko erraldoien konpartsako kide ere izan zen eta Afrikar erregea dantzarazi zuen 40 urtez. Erronkari ibarreko bizi kulturalean inplikazio handikoa, bertako dantza aferak ere bultzatu zituen.

San Antonioko gaztediko kide, 1974. urtean, beste hainbat lagunekin batera, Ortzadar dantzari eta kantari taldearen sortzaileetako bat izan zen. Bertan dantzari izan zen 1979 ingurura arte. Gaur egun ere Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kidea zen eta bertatik bultzatutako ekintza askotan parte hartzen jarraitzen zuen.

18 urterekin sartu zen Iribarren Iruñeko erraldoien eta kilikien konpartsan eta duela bi urtera arte, 40 urtez, dantzatu izan du Afrikar erregea konpartsako pisuena. Erraldoi dantzari izateaz gain, koreografia sortzaile ere aritu zen. Erraldoia ongi dantzatzea zen garrantzitsu beretzat, ez zituen koreografia sofistikatuak maite. Erraldoiak musikaren erritmoan dantzan ikustea bakarrik, aski espektakulo zen beretzat. Dantzari indartsua zen Andoni. Zenbaitetan, gaiteroei Luzaideko bolant-dantza jotzeko eskatu eta han abiatzen zen bera, 62,5 kg-ko erraldoia bizkarrean, antrexataka dantzan.

Erronkari ibarrarekin ere harremana zuen eta bertako dantza giroa sustatzeko lanetan eman zituen azken urteak. 2005 urtean Erronkarin bertan, bertako Ttun-ttuna dantzatuko zuen herritar talde bat jarri zuen martxan. Dantza erakutsi eta gaur egun herriko bestetan dantzatzen jarraitzen dute. Urte berean, Erronkariko banderaren dantza berreskuratzeko ahalegina egin zuten eta ordutik, Andoni Iribarrenek dantzatu izan du Erronkarin eta Izaban Erronkariko bandera-arbola.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.