Dokumentuaren akzioak
Ana Santa Coloma Beti Jai Alaiko kide historikoa hil da
Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldean hainbat hamarkadaz aritutako Ana Santa Coloma hil da. Gaztetan Sección Femeninan aritu zen dantzan, baina dantzaren munduan buru-belarri Beti Jai Alai dantza taldean murgildu zen, taldeko jantzitegiaren arduradun eta jostun lanetan bereziki. Lantalde eraginkorra osatu zuen familian eta taldean bikote izan zuen Jon Pertika Beti Jai Alairen sortzaile eta zuzendariarekin.
Ana eta Estibaliz alabak dantza taldean hasi zirenean hasi zen Santa Coloma jantziekin laguntzen, gaztetan modista lanetan ibilia baitzen. Beti Jai Alaiko jantzien arduradunak taldea utzi zuenean bere gain hartu zuen ardura hori. Tokian-tokiko dantzetarako jantziak egiteko jatorrizko herrietakoak aztertzen zituen eta errekreazioetarako grabatuak, litografiak, liburuak... Beti Jai Alai taldeak egin zituen Francisco Mendietaren XVII. mendeko “Eskumuinak” koadroko soinekoak Santa Colomak josiak dira. Baita, Begoñako aurreskua egiteko birsortutako jantziak ere.
Beti Jai Alai talderako ez ezik, Bizkaiko beste hainbat talderentzako ere egin ditu piezak. Adibidez, Lekeition kaxarranka dantzatzeko erabiltzen duten bandera eta Markina-Xemeingo ezpata-dantzako buruzagiaren txalekoa. Inguruko dantza taldeetako kideak aholku eske ere askotan hurbildu izan zaizkio.
Urteak eman ditu itzalean lanean, baina hil baino lehenago, hain justu duela hilabete, urte hauetan guztietan eginiko ahaleginaren aitortza jaso du. Pasa den abenduaren 4an BDBk banatzen duen Esker Ona saria jaso zuen.
Urtarrilaren 6an hil zen Ana Santa Coloma eta urtarrilaren 13an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Andre Mariaren sortze garbiaren elizan izango da hileta elizkizuna.
Iturria: Ana Santacoloma, una artesana de los trajes tradicionales
Dokumentuaren akzioak