Dokumentuaren akzioak
Dantza-gela egokitzeko dirua biltzen ari da Ordiziako Amets Bide
11.800€ behar ditu Ordiziako Amets Bide taldeak entseguak egiteko lokala egokitzeko, eta horretarako crowdfundin-kanpaina dauka martxan, Goteo plataformaren bidez. Albiste hau idazteko unean 9.126€ dituzte zakuan. Entsegutarako lokala izateaz gain, eta herriko talde eta eragileen arteko sinergiak lortzea dute helburutzat hiru esparru landuta: euskara, aisialdia eta kultura. Berrogeita hamar urtetik gorako ibilbidea du Amets Bidek, eta beren jardueraren azken bost urteetan susperraldia bizi izan du taldeak, boluntariotza-lanean oinarrituta.
Lokala herriko talde eta eragileentzako kultur gune sozial bat izatea da helburua eta, horrekin batera, hirigintzaren ikuspegitik, erreferentzialtasuna lortu nahi dute, Domingo Unanue plazan dagoen lokaleko jarduera eta bizia inguruko eremuetara zabalduz. Lokala egokitzeko beharrezko dirua lortzeko kanpainaren barruan, lehen txandan plataformak markatutako 3.500€ko mugara iritsi ziren. Dagoeneko martxan da bigarren epea, eta abenduaren 3 arte egin daitezke diru-ekarpenak, zifra mugarik gabe. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta deialdiaren barruan dago ekimena, eta beraz, lortutako zifra bikoiztuko du, horretarako bideratutako 19.000€ko zakuaren bitartez.
Dokumentuaren akzioak