Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Amaia Elizaran: “Emozioari formari baino garrantzi handiagoa eman diogu”

Dokumentuaren akzioak

Amaia Elizaran: “Emozioari formari baino garrantzi handiagoa eman diogu”

2022/01/25 07:10
Amaia Elizaran: “Emozioari formari baino garrantzi handiagoa eman diogu”

Amaia Elizaran eta Liam Ó Maonlaí, Arima. Dantzagunea, Errenteria, 2022-01-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Gorputza eta arimarekin ari da lanean Amaia Elizaran (Tolosa, 1992) oraingo honetan. Liam Ó Maonlaí (1964, Dublin) musikari irlandarra lagun hartuta sortu du bere azken pieza: Arima. Arnasketa izan du lanerako tresna eta hortik dantzatzeko, mugitzeko beste era baten bila aritu da. Otsailaren 5ean Gazteszenan ikusi ahal izango dugula bere Arima dio.

Oraingo honetan gorputzarekin Arima eramango duzu oholtzara, zer dela eta Arima?
Arima niretzat da gelditzen dena; hau da, gauza bat bukatzen denean gelditzen dena. Akzio batekin energia edo atmosfera bat edo sortzen da. Batzuetan energetikoki nahiko altua eta energia hori kolpez gelditzen edo mozten denean gelditzen den hori da arima.

Amaia Elizaran: Arima
Amaia Elizaran, Arima. Dantzagunea, Errenteria, 2022-01-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Noiz hasi zinen Arima hau gorpuzten? Konta iezaguzu pixka bat nolakoa izan den bidea.
Proiektu hau hasi zen 2020an. Galway-ra [Irlanda] joateko aukera izan nuen Kultura Hiribirua izan zelako. Proiektu hura hasi zenean lan talde bat ginen eta covida etorri zen. Beraz, covidari esker esan dezaket Liam Ó Maonlaí ezagutu nuela azken aldaketa batengatik. Aukera izan nuen berarekin han lan egiteko. Gogoratzen naiz egun batean bazkal ondoren pianoa jotzen hasi zen, ni ere dantzan hasi nintzen eta biok ordubetetik gora pasa genuen inprobisatzen. Kristoren konexioa sortu zen eta orduan pentsatu nuen lanean jarraitu beharra geneukala biok batera. Handik bueltan hasi nintzen forma ematen lanari eta orain dela hiru hilabete hasi gara elkarrekin lanean.

Liam Ó Maonlaí musikari irlandarra sorkuntza prozesuan eta oholtzan ere lagun izango duzu ezta?
Bai, bai. Prozesu osoan zehar egon da Liam hemen eta emanaldi guztietan ere egongo da. Azkenean, Arimaren bi gauzarik nagusienak Liam eta ni gara.
Amaia Elizaran: Arima
Amaia Elizaran eta Liam Ó Maonlaí, Arima. Dantzagunea, Errenteria, 2022-01-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Edertasuna, apaltasuna edota xehetasun txikien garrantzia aipatzen dituzu. Hori nola adierazi dantzan?
Pieza honetan inprobisazioa landu nahi genuen, eta iprobisazio horietatik gorputz egoera eta giro sonoro batera iritsi, non musika eta dantza batuta energia bat sortzen den. Emozio edo energia horretatik mugimendura iristea nahi izan dugu eta ez mugimendu edo formatik sentimenduetara. Azkenean, benetako konexioa sortzen da eta emozioari formari baino garrantzi handiagoa eman diogu. Detaile txikiek inportantzia hartzen dute eta hori landu nahi izan dugu.



Segundoero egiten dugun zerbait bada ere askotan ahaztu egiten gara arnasketaz. Zuk bereziki erreparatu nahi izan diozu ezta?
Piezaren hasiera eta bukaera arnasketak lotzen ditu, baina bada beste kontu bat ere. Hori ulertzeko aspaldiko historia bat kontatu beharko nuke.

Kontatu, kontatu.
Gogoratzen naiz gazteago nintzela ballet klase batean Paquita dantzatu behar izan nuela. Pare bat minutu iraungo zuen gehienez eta itota bukatu nuen. Nola da posible? Noski, ez nuelako arnasa ondo hartzen. Orduan hasi nintzen yoga munduan exploratzen; oso lotuta dago nire dantza ibilbidea yogarekin. Arnasa hartzen baduzu bularrezurra eta aldaka banandu eta elkartu egiten dira, luzapen erlaxazio mugimendua dago. Arnasketatik etortzen den mugimendu naturala da, eta ikertu dut pixka bat mugimendu hori nola landu dezakedan nire gorputza mugitzeko, mugitzeko beste modu bat bilatzeko. Arima bakarkako lana da, egin ditut aurretik ere beste bakarkako batzuk eta beldurra neukan betikoa egitekoa. Aldatu nahi nuen, baina ez inposatu aldaketa. Lan baten ondorioz nahi nuen iritsi beste era bateko mugimendura. Eta hori bilatzen arnasketak lagundu dit.

Amaia Elizaran: Arima
Amaia Elizaran eta Liam Ó Maonlaí, Arima. Dantzagunea, Errenteria, 2022-01-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Seigarren lana da hau. Lehenengotik honaino, zer irabazi duzu eta zer utzi duzu bidean?
Lehenengo piezatik hona ibilbide bat egiten zoaz. Nahi gabe gauzak aldatuz doaz zu konturatu gabe, zure interesak, mugitzeko era... Baina pieza hau egin dudan piezarik irekiena eta inprobisatuena da. Aldi berean, ordea, egitura oso finkoa du. Musika eta dantza emanaldi guztietan ezberdina izango da. Beste lan batzuetan ez dut askatasun hau izan. Beste puntu batera iritsi naiz eta prozesu honetan asko disfrutatu dut. Presio gutxiago edo sentitu dut. Lehenengo piezatan ez dakizu ondo pieza sortzeko gai zaren edo ez, gehiago pentsatzen nuen jendearen iritzian... Oraingoan ez dut horretan denborarik galdu. Konfiantza izan dut eta horretan sinetsi dut. Ikusiko dugu zer gertatzen den!

Dantzagunean sortu duzu lana, zer da espazio hau zuretzat?
Dantzagunea? Etxea, gure etxea. Dantzagunea beti hor dago. Hasiera-hasieratik eman zidaten konfiantza osoa nahi nuena egiteko, jakin gabe zer egiten nuen. Gela honetan eroso sentitzen naiz, niretzat gela hau oso inspiragarria da. Artista asko pasatzen dira hemendik, lagun pila bat eta sortzen den berezitasuna ederra da lanerako.

Amaia Elizaran: Arima
Amaia Elizaran eta Amaiur Aristi, Arima. Dantzagunea, Errenteria, 2022-01-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Pentsatzen dugu lana eginda dagoela. Azken egun hauetan zer lantzen duzu edo nolakoak izan ohi dira azken prestaketak?
Orain arte prozesuan Liam eta ni aritu gara, baina azken momentura arte ez da amaitzen lana. Orain azken ukituak emateko garaia da, baita pieza antzokira eramatekoa ere, bi astean Gazteszenan arituko baikara, argiztapena, soinua, jantziak, eszenografia... guztia lotzeko. Izan ere orain bakoitza bere aldetik ari da lanean, baina denok elkartzeko garaia iristen ari da.

Amaia Elizaran: Arima
Amaia Elizaran eta Liam Ó Maonlaí, Arima. Dantzagunea, Errenteria, 2022-01-19. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Otsailaren bostean estreinatu eta agenda bete-bete duzula ikusi dugu.
Egia da, lehengo aldia dela hau gertatzen zaidana. Ez da normalena estreinaldi bat izan eta hamabi emanaldi lotuta izatea. Normalean estreinatzen duzu eta gero zer? Garai zailetan gaude oraintxe bertan, ez da erraza piezak mugitzea, baina zortea izan nuen. Dantza zirkuitutik emanaldi pila bat atera ziren eta oso pozgarria izango da estreinatzea jakinda piezak ibilbidea izango duela. Piezak behar baitu ibilbidea handitzeko eta transformatzeko.

Nolakoa da Amaiaren arima eta nola aurkitzen da momentu honetan?
Kar,kar, kar! Beti dago horrelako galdera bat, ez? Nik zer dakit ba! Ez dakit hitzekin azaltzen nolakoa den Amaiaren arima, baina otsailaren 5ean Gazteszenara joaten den jendea, piezaren bukaeran, nire arima ikusteko gai izango da.

 

Agenda, Amaia Elizaran: Arima

  • Otsailak 5, larunbata: Donostia, Gazteszena
  • Otsailak 19, ostirala: Sopela, Kurtzio Aretoa
  • Otsailak 19, larunbata: Durango, San Agustin Kulturgunea
  • Martxoak 25, ostirala: Lasarte, Manuel Lekuona Kultur Etxea
  • Martxoak 26, larunbata: Basauri, Sozial Antzokia
  • Martxoak 27, igandea: Arrasate, Amaia Aretoa
  • Apirilak 8, ostirala: Tolosa, Leidor Aretoa
  • Apirilak 9, larunbata: Eibar, Koliseo Antzokia
  • Apirilak 10, igandea: Lezo, Gezala Auditorioa
  • Apirilak 29, ostirala: Zarautz, Modelo Aretoa
  • Maiatzak 13, ostirala: Gasteiz, Felix Petite Antzokia
  • Maiatzak 14, larunbata: Berriz, Kultur Etxea

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.