Dokumentuaren akzioak
Alicia Amatriain proposatu dute Donostiako Urrezko Danborra emateko hautagai
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Alicia Amatriain donostiarra proposatu du Donostiako Urrezko Danborra jasotzeko hautagai gisa. Amatriain Stuttgart Balleteko dantzari nagusia da gaur egun, eta sona handia du nazioartean. Berriki, Alemanian ematen den dantzako sari nagusia jaso zuen, eta bere izendapena bultzatzeko arrazoien artean aipatu dute Amatriain “gipuzkoar eta donostiar dantzaren bikaintasunaren erakusgarria” dela, eta “Gipuzkoako dantzaren irakaskuntza bultzatzeko eta aintzat hartzeko izendapen garrantzitsua” dela.
Emakume bat izendatzearen garrantzia azpimarratu du Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak. 1967an Urrezko Danborra ematen hasi zirenetik, sei emakumek soilik jaso baitute oroigarria, laurogehitik gorako izen-zerrenda batean. Abenduaren 17 arte bidal litezke hautagaitza babesteko idatziak.
Donostiako Udalak pertsona fisiko edo juridiko bati ematen dio Urrezko Danborra, hiriaren irudi positiboa eta erakargarria eraikitzen egindako ekarpenagatik, eta meritu profesionalengatik. San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, ekitaldi publiko batean. Iratxe de Arantzibia kazetari eta dantza kritikoaren Sautedebasque blogaren bitartez, Alicia Amatriainen hautagaitza aurkezteko eta babesteko arrazoiak eman ditu Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak.
Alicia Amatriainen hautagaitza babesteko, babes-gutuna bidaltzeko eskatzen da. Bi eratan bidal liteke:
- Posta elektronikoa: idazkariadantza@gmail.com
- Ohiko posta: Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea, Posta Kodea: 3353, 20080 Donostia
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak udalak markatutako epearen azken egunean emango ditu Alicia Amatriainen aldeko babes gutunak. Babes gutunak bidaltzeko epea abenduaren 17an bukatuko da. Babes-gutunak bidaltzeko ereduak Sautedebasque blogeko orri honetan daude.
Informazioa: Alicia Amatriain-Candidatura Tambor de Oro (Sautebasque)
Dokumentuaren akzioak