Dokumentuaren akzioak
Alicia Alonso, balletaren izar handienetakoa itzali da
Kubako balletaren ikurra eta XX. mendeko ballet izar distiratsuenetakoa izan den Alicia Alonso dantzaria hil da 98 urterekin Habanako ospitalean. Kubako Ballet Nazionalaren sortzaile eta figura nagusia izan da Alonso. Kubako balletaren ardatz eta bertako dantzarien eredu izan da bere estilo propioa eta mundu mailan ere goi mailako dantzari errekonozitua izan da.
1920an jaio zen Habanan eta bere dantzako lehen urratsak Habanako Pro-Arte Musical elkarteko balletean egin zituen Nikolai Yavorski irakasle errusiarrarekin. 1937an Nueva Yorkera joan zen eta American Balleteko Eskolan hasi zen dantzan. Enrico Zanfretta, Alexandra Fedorova, Anatole Vilzak eta Anthony Tudor izan zituen irakasle. Gero, Vera Volkovaren ikasle izan zen Londresen eta Olga Preobrazhenskayak irakatsi zion Parisen. Brodwayko musikaletako, Ballet Caravaneko edo American Ballet Theatre ballet konpainiako izarretako bat izan zen.
Kubako balletaren arima
Kubara itzuli eta 1948an Alicia Alonso balleta sortu zuen bere jaioterrian; 1955an Kubako Balleta izena eman zitzaiona eta 1959ko iraultzaz geroztik Kubako Ballet Nazionala dena. Kubako ballet eskolaren oinarri tekniko, estetiko eta etikoetan ikasitako lehenengo dantzari belaunaldia formatu zuen.
Azken hirurogeita hamar urtetan, munduko ballet konpainia onenen artean kokatu du Kubako Ballet Nazionala. Koreografo eta dantzari moduan obra klasikoetako paper garrantzitsuenak jokatu ditu munduko antzoki entzutetsuenetan. 1995an erretiratu zen oholtzatik, baina ia azken momentura arte jarraitu du bere balleta zuzentzen.
Dokumentuaren akzioak