Dokumentuaren akzioak
Akelarre dantza taldea Argentinako euskal astean izango da
Hendaiako Akelarre dantza taldea 2018ko Argentinako Euskal Astera gonbidatu dute. Mar del Platako Denak Bat euskal etxeak antolatutako euskal astea azaroaren 5etik 11ra izango da eta hendaiarrak han izango dira dantzan.
La Plata eta Buenos Airesen emanaldi bana emango dituzte eta Mar del Platan hiru. 2015ean Hendaian hasitako lana orain dantza ikastaroen bidez jarraitu nahi dute Argentinan, duela hiru urte Mar del Platako Beti Alai euskal dantza taldea Hendaian izan baitzen. Hendaiako dantzariek, batez ere, Lapurdiko dantzak erakutsiko dizkiete argentinarrei, baina Euskal Herriko beste leku batzuetako dantzekin ere arituko dira, besteak beste, Berako makil dantzak, Abaltzisketakoak, Kortesko dantzak, Eltziegokoak edo Irradaka landuko dituzte.
Diru laguntza publikorik jaso ez dutenez, azken bi urtetan bidaia finantzatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte: dantza emanaldiak, ganbara husteak, bestak, zozketak, herri bazkariak... Horrela proiektuaren erdia finantzatu dute, falta den erdia dantzariek beren poltsikotik jarri behar dute. Hori horrela, crowdfunding kanpaina jarri dute martxan eta herritarrak proiekturako diru ekarpentxoa egitera animatu nahi dituzte. Diru-laguntza, donazioak egitea ahalbidetzen duen webgunean egin daiteke.
Informazioa: Akelarreko dantzariak Argentinako Euskal Astera gonbidatuak!
Dokumentuaren akzioak