Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aingeru Berguices, musikari eta folklore ikertzailea hil da

Dokumentuaren akzioak

Aingeru Berguices, musikari eta folklore ikertzailea hil da

2022/06/07 07:05
Aingeru Berguices, musikari eta folklore ikertzailea hil da

Aingeru Berguices, doktore tesiaren defentsan, 2016-11-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa

Musikari profesional eta folklore ikertzaile ibilbide eta ekarpen oparoa egindako Aingeru Berguices Jausoro (Bilbo, 1957 - Galdakao, 2022) hil da ekainaren 3an 65 urterekin. Oskorri musika taldeko kide izan zen beste hainbat talderen artean eta akordeoiaren historia soziala ikertu du bereziki, besteak beste eskusoinuaren sarrera Bizkaian eta Bilboko La Casillako dantzaldiak aztertuz doktore tesian. Aingeru Berguicesi omenaldia eskainiko zaio ekainaren 13an, 18:00etan, Bilboko Campos Eliseosen.

Ezagutzara irekita

"Bilbo gris eta poluituan jaio nintzen berrogeitamarreko hamarkadaren bukaeran. Nerabezarotik esperientzia eta giza ezagutzaren eremu ugaritara irekitzen joan nintzen" idatzi zuen bere buruazAkordeoi eta pianoko karrerak eginak zituen, umetan hasi eta helduaroan osatuta. Ingenieritzako ikasketak abiatu zituen gaztetan eta Historia Garaikidean doktoretza egin zuen helduaroan. 

Umetan hasita solfeo, piano eta akordeoi ikasketak Bilboko konserbatorioan ikasle libre moduan azterketak eginez joan zen gainditzen. Akordeoian zentratu zen eta azterketak Bartzelonan pasatzen zituen, aldi berean ingenieritzako ikasketetan hasi zen garai berean, baina musikari profesional moduan hasi zen lanean eta une hartan ikasketak utzi zituen. 30 urte beranduago berrartu eta akordeoiko goi mailako ikasketak bukatu zituen. Jarraian pianoko ikasketak ere bukatu zituen. Musikologiako doktorego ikasketak egin eta segidan doktoretza egin zuen musikaren historia soziala eta akordeoia ardatz hartuta, Bilboko La Casillako dantzaldiak eta akordeoiaren sarrera Euskal Herrian aztertuz.

Musikari, aholkulari eta artisau

Musikari profesional moduan hainbat talderekin jo eta grabatu du Aingeru Berguicesek bere ibilbide profesionalean: Oskorrirekin Plazarik plaza (1980), Eta Oskorri sortu zen (1981) eta Adio Kattalina (1982) disketan; Ruper Ordorikarekin Hautsi da Anphoran (1980), eta baita Gontzal Mendibil kantariarekin, edo Amuriza, Lopategi eta Azpillaga bertsolariekin ere. Berbena taldeetan ere jotakoa, Jazz munduan ere eskarmentu handikoa zen. Ke-Men-Talidad, El Redoble Atxuitarra eta Zubipeko Swing (Voilá, 1992) taldeetan jo zuen besteak beste. 

Oskorri Adio katalina
Aingeru Berguices (lehena ezkerretik) Oskorriren Adio Kattalina (1982) diskaren azalean.

Akordeoia, trikitixa eta Bizkaiko dultzaina hainbat erromeria eta kalejiratan jotakoa zen, baina musikari profesional moduan aritu zen 25 urteetan eta ikasketak piano eta akordeoikoak izan arren, pianoa ez zuen profesionalki jo izan eta akordeoia ere gutxi, baxu elektrikoa eta bonbardinoa jo baitzituen batez ere. Aholkulari, antolaketa eta errendimendu prozesuen kudeatzaile, inteligentzia emozionala lantzeko taller emaile, Gestalt terapeuta, yoga irakasle, egurraren artisau... Elizetako organoak eraikitzen eta errestauratzen lan egin zuen bost urtez Frantzian. 

Folklore ikertzaile

Musikari tradizionalen ibilbidea asko interesatu izan zaio, nola egin ote zuten erakusten duten mailara iristeko ikasketa formalik izan gabe. Jakin-min horrek eraman zuen folklore ikertzaile lanetan murgiltzera. 2016an irakurri zuen doktore tesia EHUn, Joseba Agirreazkuenagaren zuzendaritzapean. Bertan nagusiki Bilboko La Casillako dantzaldiei begiratu zien. Udaleko artxiboetan arakatuz ikusi zuen material asko zegoela eta horrez gain El Noticiero Bilbaino egunkaria xehe aztertu zuen 1880-1900 bitartean dantzaldieri buruz eskaintzen zuen informazio aberatsa aztertuz.

Hain zuzen Bilbon, La Casilla ondoan jaiotakoa zen Berguices. Aiton-amonak bertan bizi ziren gerra aurretik, eta La Casillako kiosko zaharra ezagutu zuen 60ko hamarkadan bota aurretik. Etxean kanturako eta dantzarako zaletasun handia zuten, eta La Casillako dantzaldiei buruz etxean entzundako hariari tiraka dantzaldi haiek dantzaren alorrean eta beste erromeriekin zein harreman zuten ezagutu nahirik heldu zion horren ikerketari. 

Aingeru Berguices
Aingeru Berguices, doktore tesiaren defentsan, 2016-11-14. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan (cc) by-sa

Bestalde, emakume panderojoleen inguruan ere egin ditu ikerketak. Gizarte frankistan emakumeek ezarria zuten rol hertsia gainditu eta publikoan dantzaldietan protagonismoa hartu zuten panderojoleak aztertu zituen Berguicesek. Horren inguruan hitzaldiak, ikusentzunezkoak eta aurkezpenak egin ditu azken urteotan.

Eusko Ikaskuntzaren Jentilbaratz folklore aldizkariaren eta Soinuenea Fundazioaren Soinuberri erredakzio batzordeko kidea izan zen, eta Eusko Ikaskuntza eta Zatak Herri Ondarea elkarteetako bazkide. Aiko taldearen Jotamentala dokumentalean zein bestelako ikastaldietan parte hartu du. Bilduma oparoa zuen akordeoi, argazki zahar, arbelezko diska, eskuidatzi, bestelako tresna eta liburutegi aberatsarekin.

Argitaratutako lanak

  • Dos siglos de música culta y tradicional en el Duranguesado 1800-1986. Durango, 1986.
  • Trikitixa (Farrea) y acordeón en Busturialdea: Historia y hombres. Gernika-Lumo, 1990.
  • Notas sobre Acordeón. Trabajo de campo por Bizkaia. Argitaratu gabea. Bilbo, 1992.
  • “Azkue Aberasturi, Resurrención María de”. In Casares Rodicio, Emilio (dir.). Diccionario de Música Española e Hispanoamericana. Tomo I: Abad-Azzali. Madrid: Sociedad General de Autores y Editores, 1999; pp. 929-934.
  • El acordeón en Arratia: Introducción, expansión y desarrollo hasta 1936. Doktorego programako tesina, EHU/UPV, 2007.
  • Fasioren mendea: Bonifacio Arandia Uriarte (Igorre, 1909-1987). Aiko Taldea, 2010.
  • "Koreografia endogenoak eta exogenoak erro tradizionaleko herri dantza modernoan Bizkaian", Dantzan.eus, 2011-05-03.
  • "Análisis fenomenológico de dos romerías de preguerra a la luz de fotografías de época en el ámbito de Durangaldea: Abadiño (ca. 1920) y San Cristóbal de Oiz (ca. 1930)". In: Jentilbaratz 14. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2012.
  •  “Participación en un entorno cooperativo”. In Moliní, Eugenio; Alegría Mendaza, Karitte; Berguices Jausoro, Aingeru; Bergua Aristizabal, Ainhoa... [et al.]. Innovación, personas y participación / Participación genuina o el arte de pensar, decidir y trabajar juntos, Eugenio Moliní ; contribuciones a la participación ... Consorcio de Inteligencia Emocional. Zamudio : Innobasque, 2012; pp. 204-208.
  •  Moliní, Eugenio; Alegría Mendaza, Karitte; Berguices Jausoro, Aingeru; Bergua Aristizabal, Ainhoa... [et al.] Berrikuntza, pertsonak eta partaidetza / Benetako partaidetza edo elkarrekin pentsatu, erabaki eta lan egitearen artea, Eugenio Moliní ; partaidetzari egindako ekarpenak ... Zamudio : Innobasque, 2012.
  • Organología popular y sociabilidad: el baile de La Casilla de Abando-Bilbao y la expansión del acordeón en Bizkaia (1880-1923). Doktore-tesia, 2016.
  • “A propósito del Cancionero de Txeru”. In: K-Barakaldo 04. Barakaldo: CIHMA, 2017.
  • "Arratiako danbolinteru gainean (1890-1936)", in Zeanuriko txistulari taldea. 50. urteurrena (1968-2018), 2018.
  •  “Euskal padereterea patriarkatuaren urradura. La Panderetera vasca: una brecha en el patriarcado”. In Barrio Marro, Javier. (Dir.). Ezkutuko ondarea : emakumeen errealitateak Bizkaian = Patrimonio oculto : realidades de las mujeres en Bizkaia. Bilbao : Bizkaiko Batzar Nagusia = Juntas Generales de Bizkaia, 2019.
  • "¿Dónde consiguió Iparragirre su carnet de cantautor?" In Dantzariak 65. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 2020.
  • Eten barik joten, dokumentala, Bilbo, ETB, 2020.
  • Inicio del acordeón en Euskal Herria: el baile de La Casilla de Bilbao, cuna de su expansión (1880-1923). Iruñea, 2021.


Beste egile batzuekin batera:

  • BERGICES JAUSORO, Aingeru; JUNKERA URRAZA, KEPA. “Trikitixa : el acordeón diatónico en el País Vasco”. In Journal of basque studies, The. Indiana : IUP, 1982-VII [error por VI], n. 2 (1985), p. 49-55.

  • BERGUICES, PEREZ URRAZA; ABASOLO "TILIÑO": Fasio trikitilariari omenaldia. Igorre: Igorreko Udala, 1988.
  • BERGIZES, Aingeru; OLAGARAI, Denise; PEREZ, Kepa: Trikitixa egunak Iparraldean (Journees d’accordeon diatonique ay Pays Basque Nord-1991.go Apirilak eta Maiatzak. Ezpeleta, 1991.
  • HARANA, Mielanjel; TAPIA, Joseba & BERGUICES, Aingeru. (1998). Gelatxo. Zarautz: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

  • BERGUICES, Aingeru: PÉREZ URRAZA, Kepa. "Baltseoa Arratian 1876-1932 epealdian", in Zeanuriko txistulari taldea. 50. urteurrena (1968-2018), 2018.

 

Diskografia

  • “Argitze garaian egunsentiari agur”. MendibilGontzal. Donostia: IZ: 1978.
  • “Hautsi da anphora”. Ordorika, Ruper. Bilbao: Autapen, 1980.
  • “Plazarik plaza”. Oskorri. Bilbao: Autapen, 1980.
  • “Eta Oskorri sortu zen”. Oskorri. Bilbao: Autapen, 1981.
  • “Adio Kattalina”. OskorriDonostia; Baiona : Elkar, 1982.
  •  “Erriko Kantak”. Urrutia, Juan Carlos. Barcelona: Apolo Records, 1982.
  • “Jazz Donostia 83: 23-7-83. Jazzaldia (18. 1983. Donostia). Donostia : Jazz Donostia 83, 1983. [2 Casetes, estéreo]. [Zubipeko Swing].
  • “Voilà!”. Zubipeko Swing. Donostia: Kea, 1992.
  • “Yan barik”. Zubipeko Swing. Donostia: IZ, 1995.
  • “Laguntasuna. 1949-1999”. Laguntasuna. Mutilva Baja: Etxe-ondo, 1999.
  • “100 Haur Kanta”. Zubipeko Swing. Andoain: Egunkaria, 2001 [Joxepa eta Joxepe].
  • Ibialdia (1994, Abusu-Bilbo. “Bilbo badabil bada, Bilbao zer dabil?”. / Ibialdia 94, Abusu-Bilbo Maiatzak 29.): Donostia : Elkar; Ikastolen Elkartea, 1994. [Casete, estéro]. [Zubipeko Swing].
  • Ibialdia (1998. Mungia). “Ibilaldia´98 Munguia”. Bilbo: Ikastolen Elkartea; Larramendi Ikastola, 1998. [CD-AD]. [Aurreskoetxea, Zubipeko Swing].
  • Jazzaldia (18. 1983. Donostia). “Jazz Donostia 83: 23-7-83. Donostia : Jazz Donostia 83, 1983. [2 Casetes, estéreo]. [Zubipeko Swing].

 

Bestelakoak

  • CORRAL, Javier. Bilbo pop. Voilà! El debut de Zubipeko Swing. El grupo bilbaíno de jazz tradicional publica su primer álbum tras diez años de vida. In Bilbao: Bilbao, n. 8 (feb. 1993), p. 27.
  • IRAZU, Gloria. “La rehabilitación de un caserío, paso a paso”. El Mundo, 2007/05/18.

Dokumentuaren akzioak

2022/06/08 01:31
Zelako artikulu ederra idatzi duzuen.
CC-BY_SA lizentzia librearekin argitaratzen duzuenez moldatu ahal izan dut Wikipediara eramateko. Eskerrik asko egin duzuen lanarengatik.
Aingeruren lana ikaragarria izan da.

     https://eu.wikipedia.org/wiki/Aingeru_Bergizes


Honela jarri dut artikuluan:

    Erreferentziak
    Artikulu honen zati gehienak Dantza.eus webguneko "Aingeru Berguices, musikari eta folklore ikertzailea hil da" artikulutik hartu izan da. CC-BY-SA lizentzia erabiltzen du Dantzan.eus webguneak.

Eskerrik asko.
    Kepa Sarasola
2022/06/08 10:26
Eskerrik asko Kepa! Eskerrik asko wipedian hain txukun jartzeagatik eta erreferentzia egiteagatik. Webgunearen lehen izendapenean 'n' bat falta da, Dantza.eus beharrean Dantzan.eus baikara. Eskerrik asko!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.