Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak AEBko euskaldunek bizi-irauteko egiten dute dantza

Dokumentuaren akzioak

AEBko euskaldunek bizi-irauteko egiten dute dantza

2009/07/22 11:42

Basqueresearch.com aldizkari digitalean topatu dugu ikerketa honen berri. Doktore-tesi honek Estatu Batuetan euskal komunitatea osatzen duten pertsonen subjektibitatea azaldu nahi du. Horretarako ikertzaileak aztertu du euskal komunitateek herrialde hartan egiten dituzten dantzek eta ekintzek zer funtzio betetzen duten kultura askoko gizarte estatubatuarrean gizarteratzeko prozesuan.

Tesiaren egilea Clara Urdangarin Liebaert da eta hauxe da lanaren izenburua: Bailando Jauzi bajo barras y estrellas: Una etnografía del Zazpiak Bat Group of Dancers de Reno, Nevada (Barren eta izarren azpian Jauzi dantzatzen: Nevadako Renoko Zazpiak Bat Group of Dancers taldearen etnografia bat). Ikerketa hori egiteko, Renon egon zen Clara Urdangarin 2003ko otsailetik 2004ko urtarrila arte.

Ikertzaileak ikusi duenaren arabera, Renoko dantzari-taldeak egiten dituen entseguen, emanaldien eta abarren bidez, estatubatuar gizarte-testuingurura egokitutako komunikazio-kodea barneratzen da. Hala, euskalduntasuna gizarteratze-elementu bat da kultura anitzeko gizarte horretan.

AEBko euskaldunek bizi-irauteko egiten dute dantza

Urdangarinek euskal dantzen barne-logikaren eta dantzariaren kanpo-logikaren arteko erlazioa aztertu du. Logika horietako bakoitza lau ataletan banatzen da: subjektuak espazioarekin, denborarekin, beste subjektuekin eta objektuekin duen erlazioaren arabera.

Lan horretan erakusten den amerikar euskaldunen gizarteratzea hango testuinguruan ulertu behar da. Estatu Batuetakoa arraza askoko gizartea da, biztanleen jatorri desberdina herrialde osoaren kohesioarekin uztartzen saiatzen dena. Neurri batean, euskaldunak beste taldeengandik desberdintzen dituzten bereizgarriek kultura askoko gizarteen ezaugarriak dituzte: jatorri etorkin bati lotutako estatubatuar hiritartasuna, ohitura batzuekin eta beste taldeenganako anaitasun-nahiarekin identifikatuta.

Ikerketaren emaitzek euskal dantzaren barne-logika eta haren gizarte-markoa erakusten dute. Euskal dantzak Estatu Batuetan erakusten du beste euskaldun batzuekin elkartzen den hiritarra, talde bateko partaide izateko eta bere identitatea eraikitzeko Ipar Amerikako talde txikien esparruan. Hori kontuan hartuta, euskal jaiek kultura askoko komunitatearen aurrean euskaldun izateaz harro agertzen den euskalduna osatzen dute. Euskaldunek AEBko etnia askoko gizartean bizi-irauteko egiten dute dantza.

Renoko zazpiak bat taldea

Kultura materiala

Kultura materialak —objektuei lotutako kultura— norberaren identitateari lotutako produktuak kontsumitzen dituen hiritar estatubatuarra erakusten du. Era berean, euskaldunen jarduerek euskal identitatea azpimarratzen dute, hala nola AEBko bandera eta ikurriña bordatuta dituzten kapelak, kolore zuri, gorri eta berdeko pankartak eta globoak, edota "proud to be basque" –euskaldun izateaz harro nago— dioten auto-matrikulak.

Halaber, dantzarien eta euskal jaietan aktiboki parte hartzen dutenen janzkerak erakusten du uniformeak gustuko dituztela. Ikertzailearen esanetan, objektuek taldearekin identifikatzen dute subjektua eta, kasu honetan, euskalduna bere komunitate etnikoarekin.

Egileari buruz

Clara Urdangarin Liebaert (London, 1960) Erizaintzan diplomatua (Erizaintza Psikiatrikoan espezializatua) eta Gorputz eta Kirol Hezkuntzan lizentziatua da. Bere tesia UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz Heziketa saileko Joseba Etxebeste Otegi irakaslearen zuzendaritzapean egin du, eta Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan egon zen Urdangarin tesia lantzeko. Gaur egun, aipatutako unibertsitate-saileko irakaslea da.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.