Dokumentuaren akzioak
70. urteurrena publikoari eskainiko dio Oberena dantza taldeak
'Zorionak, zuri. Gracias por estar ahí' lelopean, ospakizuna publikoari eskaini nahi dio Oberena dantza taldeak. Izan ere, ikuslerik gabe ezinezko baita Oberena dantza taldeak aurrera egitea. Taldeak lan publikoa egiten du, ikuslearen gozamenerako, eta urte guzi hauetan harmailatik zein plazako txokotik gure oinei so izan diren guzi horiei eskerrak eman nahi dizkio dantza taldeak.
70. urteurrenaren kariaz, honako ekitaldiak antolatuko ditu Oberena dantza taldeak: dantzari ttikien ikusgarria, dantzari nagusien ikusgarria, kamisetak eta abenduaren 3ko dantzaldi berezia. Ttikien ikusgarria azaroaren 19an izanen da, Nafarroako Antzerki Eskolan. 'Lizarren Doinua' obra eskainiko dute dantzari ttikiek, dantza eta antzerkia uztartzen dituena. Kamisetei dagokionean, Kukuxumuxuk prestaturiko marrazkiarekin atonduko dira. Hainbat neurrikoak izanen dira, eta salgai paratuko dira egun berezietan (abenduaren 3a kasu).
Abenduaren 3an, urtero bezala, Oberenako dantzarien eguna ospatuko da. Ohi denez, belaunaldi guzietako dantzariak bilduko dira Oberena Kirol Elkartean, baita dantzatzeari utzi ziotenak ere. Aurten sorpresatxoren bat izanen da emanaldi berezi honetan, 70. urteurrenaren kariaz, eta, beti ere, ikuslegoari esker ona adierazteko. Azkenik, dantzari nagusien ikusgarria dugu. Horren berri aurrerago emanen dugu.
- Informazio gehiago nahi izanez gero, gure bloga bisitatu dezakezue.
Lizarren doinua
Esan bezala, Lizarren doinua dantzari ttikiek prestaturiko obra da, dantza eta antzerkia uztartzen dituena. Udaberritik ibili dira lan hau prestatzen, eta azaroaren 19an eskainiko dute Nafarroako Antzerki Eskolan. Dantza talde garen heinean, antzerkia izan da gehien kostatu dena, izan ere, lehenbiziko aldia baita horrelako antzerki obra prestatzen dutela. Dena den, ilusio handiz ekin diote lanari haur, begirale, musikari eta gurasoek. Bakoitzak berean, baina ahal zen guzia emanez. Emanaldia ikusi nahi duenak Antzerki Eskolan bertan izanen du sarrera erosteko aukera 3 eurotan.
Sinopsia
Buruzagi maltzur batek munduko gaita guztien doinua bahitu du. Musika tresna hori jotzen saiatu zen, baina nahiko baldarra zenez, ez zuen lortu. Horregatik, azti baten laguntza izan du gaita guztiak isilarazteko. Baina mutiko batek aztiari aurre egin dio. Lizar du izena, eta arratsaldero arratsaldero bere gaita jotzen du soinua galdu ez dezan.
Egun batean, iturrira joatea ahantzi, eta aztiak Lizarren gaitaren doinua bahituko du; iturriaren barnean gatibu geratuko da. Oinatz eta Amets anai-arrebek misio bat izanen dute: Lizarren doinua askatzea. Horretarako erraldoiak herriko plazara eraman beharko dituzte, aurki hasiko diren herriko besten aurretik. Izan ere, hori da Lizarren doinua askatzeko modu bakarra. Amets eta Oinatz basoan barneratuko dira haien helburua lortzeko, eta hainbat abentura biziko dituzte.
Dokumentuaren akzioak