Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak '5 Days to dance' prestakuntza ikastaro deialdia

Dokumentuaren akzioak

'5 Days to dance' prestakuntza ikastaro deialdia

2014/12/29 11:25

Donostia 2016 Fundazioa, bere bitartekaritza-programaren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dantza laguntzeko Dantzagunea zerbitzua elkartu egin dira 5 Days to dance proiektua sustatzeko. Ikastetxeetan dantza komunitarioa lantzeko osatu da proposamen hau, Bakearen Itsasargiaren barruan, eta “DE LooPERS-dance2gether” dantza-konpainiak garatzen du —Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt dantzari eta koreografoak dira aipatutako konpainiako kideak.

Zer da ‘5 Days To Dance'?

Pertsonak elkarrekin dantzatzeko gai badira, elkarrekin bizitzeko gai ere badira” da proiektu pedagogiko honen oinarrian dagoen esakunea. Dantzak ikasleengan eragin positiboa duela eta ikasleen garapen pertsonala eta soziala aberasten duela dioen ideiatik abiatuta osatu da 5 Days to dance proiektua. Irakas-aste batean zehar, parte hartzera animatzen den ikastetxeak ikasketa-plana eten egingo du, artistekin batera oinarrizko koreografia bat prestatzeko. Ondoren, ikastetxean bertan jendaurrean erakutsiko da prestatutako lana. Ondorengo bideoan Donostiako Larramendi ikastetxean garatutako esperientzia laburbiltzen duen dokumentala ikus daiteke:  

 

Donostia 2016k dantza komunitarioko ekimen hau lurraldeko 4 ikastetxetan garatzea aurreikusi du, 2015eko martxotik ekainera bitartean; gainera, 2015/2016 ikasturtean beste lau ikastetxetan garatzea aurreikusi du. 

Dantza-proiektu hau koreografia baten sorkuntza eragiteko bitarteko gisa planteatzen da, non ikasle bakoitzak ikaskuntza-prozesu bat gauzatzen duen bere gorputzaren zein besteekiko harremanen inguruan. Proposamen honek ikasle bakoitzak bere burua ezagutzeko eta bere mugak eta helburuak lantzeko balio du, eta, era berean, erronka txikiak/handiak gainditzen eta orain arte ezezagunak ziren eta berezkoak dituzten alderdiak ezagutzen laguntzen die ikasleei.

Esperientzia artistiko eta sentsorial honen bitartez, gazteei mundu berri bat irekitzen zaie, gizabanako gisa duten potentziala indartzeko, nork bere buruarengan duen konfiantza sustatzeko eta taldeko komunikazioan hobera egiteko, izan ere, egozten zaizkien gizarte-rolak haustera eta zalantzan jartzera animatzen dira gazteak, gizabanako gisa sendotzen ari diren bizitzako etapan.

Ikastaroaren edukia

Deialdi honek dantzako profesionalei (dantzari eta koreografoei) zein irakaskuntzakoei (irakasleei) gonbidapena egiten die 5 Days To dance proiektuaren lehen etapan parte hartzeko. Hain zuzen, dantza komunitarioari buruzko prestakuntza-ikastaro bat eskaintzen zaie eta aukera ematen zaie, aldi berean, DE LooPERS konpainiaren metodologia eta esperientzia zabala ezagutzeko eta horrelako proiektu bat ikastetxe batean garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta estrategiak ezagutzeko.

Ikastaroan parte hartzen duten pertsonek, baldin eta erakutsitako motibazioa eta gaitasunak programarekin bat badatoz, Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt artistekin batera lan egin ahal izango dute ikastetxeetan aurreikusitako prozesuetan, eta modu horretara, lehen pertsonan biziko dute eskolaesparruko dantza komunitarioaren inguruko esperientzia erreal bat eta prestakuntza jasoko dute etorkizunera begira antzeko esperientzietan parte hartzeko.

Nori zuzentzen zaio?

Ikastaro hau dantzari eta koreografo profesionalentzat eta ikastetxeetako irakasleentzat da, 12 orduko iraupena edukiko du (otsailaren 13a, 14a eta 15a, 16:00etatik 20:00etara) eta Dantzagunea zentroaren 2. aretoan egingo da (Pelotari kalea z/g (Niessen eraikina) - Errenteria 20100).

Ingelesez eta gaztelaniaz eskainiko da ikastaroa; hala ere, aipatutako hizkuntzetako bat ez ezagutzea ez da oztopo izango ikastaroan parte hartzeko eta eskaintzen den edukia ondo ulertzeko.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.