Dokumentuaren akzioak
124 dantzari gazte elkartuko dira EDBren Gazte Topaketan
Ate joka ditugu Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu dituen Gazte Topaketak. Asteburu honetan, ekainak 30etik uztailaren 2ra 124 dantzari gazte bilduko dira Asparrenan (Araba) euskal dantzaz hausnartu eta bizipenak elkarbanatzeko. Helburu nagusia da dantzari gazteak ahalduntzea eta motibatzea.
Ikusi dute dantza taldeetan badela belaunaldien arteko etena. 15-25 urte bitarteko gazteen tartean hutsunea handia dago eta adin horretako gazteak batu eta hainbat dinamiken bidez ikusi nahi dute zergatik uzten dituzten dantza taldeak beren adineko gazteek eta zein izan daitezkeen erronkak.
Euskal dantzari gazteen ahotsa
124 gaztek eman dutela izena esan digu EDBko koordinatzaile Erika Garciak, "denatarik dago, baina dantzari gehienak Bizkaiko taldeetakoak dira eta gainera emakumeak".
Asteburuko programazioan hainbat ekintza bildu dituzte; eztabaidarako espazioak zein dantzarako uneak izango dira. Art for Life enpresako kideek dinamizatuko dituzte saioak. Garciak beste arlo batzuetatik ezagutzen ditu eta oso esperientzia ona izan dutenez egokia iruditu zaie dinamizatzaile horien esku-hartzea, "hausnarketa-prozesu sortzaileak bultzatzen baitituzte".
Hainbat ariketen bidez gazteei ikusarazi nahi diete taldeetan inportanteak direla eta gazteen ahotsa entzun nahi da; hausnartu, konpartitu eta irtenbideak bilatzea da asmoa.
Gazteak antolakuntzaren parte
Topaketak antolatzeko batzorde bat martxan jarri zen eta batzorde horretan parte hartu dute topaketetan izena eman duten hainbat gaztek. Horietako bat da Vianako Erentzun taldeko Irati Fernandez. Besteak beste, logotipoak, egingo dituzten jolasak, ordutegiak... aukeratu eta antolatu dituzte.
Ideiaren berri izan zuenean parte hartzea erabaki zuen, iruditzen baitzaio aukera berria dela gazteentzat, "horrela guztion artean dantza berriak ikasiko ditugu, ondo pasatuko dugu, jendea ezagutuko dugu... Niretzat dantza ez da obligazioa. Gustatzen zaidan zerbait da eta harro nago dantzari izateaz". Azken esaldi horixe izan da topaketak bultzatzeko erabili dutena. Garciak azaldu digu nabarmendu nahi izan dutela dantzaria izatearen garrantzia, "inportantea da dantzaria izatea, bizimodu bat da eta harro sentiarazi nahi ditugu gazteak horretaz".
Egitaraua
Ekainak 30, ostirala
- Dantzarien etorrera
- Gazteen Dantza Topaketaren aurkezpena (18:30)
- Gonbidatuentzako luntxa (Babesleak, laguntzaileak, antolatzaileak,…)
- Dantzarien kokapena
- Afaria
- Dantza plaza (22:30)
Uztailak 1, larunbata
- Talde dinamika “Art for life!”ekin (11:00)
- Bazkaria
- Kalejira Araiatik (17:00)
- Dantzen desafioa (19:00)
- Afaria (22:00)
- Bingo musikala
- Araiako jaiak
Uztailak 2, igandea
- Talde dinamika (11:30)
- Itxiera eta agurra
Informazioa: Gazteen dantza topaketak
Dokumentuaren akzioak