Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Agenda

Dokumentuaren akzioak

Agenda

2018/02/10ko hitzorduak

Abantoko landa-meatze aratusteak

2018/02/10 11:00 Abantoko herrian (Bizkaia)

Gehiago irakurri

Beasaingo inauterietako dantza-desfile herrikoia

2018/02/10 10:30 Beasain, Gipuzkoa

Ostadar Dantza Taldeak antolatuta, Inauterietako dantza-desfile herrikoia egingo da Beasaingo kaleetan zehar. Azken urteetan bezala,, inaute larunbatean (otsailak 10) eskainiko da 10:30etik aurrera. 

Dantza-desfile ireki honetan, Euskal Herri mailan ohikoak diren inauterietako dantzak eskainiko ditu Ostadar Dantza Taldeak. Dantzariez gain, parte hartzera animatzen diren herritarrak ere irtengo dira.

Dantza taldeak dei egiten die herritarrei eta desfilean parte hartu nahi duten guztiei taldearen lokalean (Oriamendi kalea 10, Beasain) izango diren entsegu irekietara etortzeko egun eta ordu hauetan:

  • Asteartetan, 19:00etatik 20:00etara
  • Asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara edota 20:00etatik 21:00etara.
  • Ostiraletan, 20:00etatik aurrera
  • Larunbatetan, 11:00etatik aurrera

Gehiago irakurri

Galdakao: Altsasuko inauteria

2018/02/10 19:00 Galdakao

Inauterietako larunbatean Altsasuko inauteria atera ohi du Andra Mari dantzari taldeak 

Gehiago irakurri

Kalez-kaleko eskea eta dantzak

2018/02/10 11:00 Gallarta

Inaute larunbatean Gallartan eta ondoko larunbatean San Fuentes-en ateratzen dute Meatzaldeko Harrigorria dantza taldeak antolatzen duen landa izaera daukan inauteria. 

Larunbat goizean, 11:00etan kale-eskea egingo dute herriko baserri, etxe ta kaleetatik. Ondoren elkarrekin bazkaldu eta arratsaldeko 18:00etan Herriko goiko aldetik plazarainoko kalejira egingo dute mozorro ta aratustetako beste pertsonaiekin: Bizkarbaltza, Zangaluzea, Beldarroia, Hartza eta Hartzazaina, Sorginak, eta Artauntxoa.

Gallarta eta San Fuentes: Aratusteak 2014 [Bideoa]

Gehiago irakurri

Zamarroak, Neskak eta Mari Arroka

2018/02/10 18:30 Olazti

Larunbatean Olaztiko ihoteak ospatzen dira, 1992. urtean berreskuratu zena. Inauteriko pertsonaia tradizionalak, Zamar handia, Zamar txikiak, Neskak eta Mari Arroka herriko kaleetan zehar ibiltzen dira zalaparta sortzen fareekin (joareak).

Inauteriko elementurik ezagunenetariko bat Zamarro batzuek daramaten gurdia da. Gurdian lur bustia daramate eta umore onez botatzen diete segizioa ikustera mozorrotu gabe ateratzen direnei, Mari Arroka suzko igitaia daraman bitartean. Desfilea San Migel plazan amaitzen da, Olaztiko zortzikoa dantzatuz.

Gehiago irakurri

Talai-dantza

2018/02/10 08:00 Amezketa

Inauterietako larunbat eta igandean ateratzen dira Amezketako talai-dantzariak eskean. 2016an hasi ziren larunbat eta igandez ateratzen, ordura arte inaute igande eta astelehenez ateratzen baitziren makil-dantza dantzatu eta puskak biltzera. Bedaio eta Amezketako baserrietatik egiten dute etxez-etxekoa. 

Amezketa: Talai- dantza-2014 [Bideoa] 

Gehiago irakurri

Zarramuskeroak

2018/02/10 17:00 Cintruenigo

Zarramuskeroak dira Cintruenigoko inauterietako pertsonaiak. Ostiral gauez, Kultur Etxeko balkoitik pregoia irakurrita, inauteriak hasten dira. Baina Zarramuskeroak larunbat eta igande arratsaldean ateratzen dira kalera.

Ordubeteko tartean, zarramuskeroak izaten dira kaleetako jaun eta jabe. Talko-hautsak, kolonia eta beste produktu batzuk hartuta, aurpegia agerian duten gazte-koadrilen atzetik ibiltzen dira, eta horietako asko ez ezagutzeko moduan uzten dituzte. Antzinako jatorria duten herri-pertsonaia horiek parrokiako elizako kanpaien joaldi bereziarekin batera hasi eta amaitu ohi dute irteera.

Gehiago irakurri

Azeri-dantza

2018/02/10 10:00 Hernani

Inaute larunbatean, gazte talde bat Hernaniko plazan biltzen da, soka bat daramate esku batean eta puxika bat bestean. Txistulari taldea, ondo mozorrotuta, haien zain dago. Halako batean, haur eta gazte talde bat inguratu, eta indar osoarekin zigor gogorra eskaintzen diete, puxikarekin gorputz enborra, besoak eta hankak kolpatuz. Itxidura desegin eta beste norabide batean korrika ateratzen dira, taberna batean sartuz. Tarte batean desagertzen dira eta halako batean beste denda batean agertzen dira, gazteak berriz ere inguratuz eta berriz ere kolpatuz. Bi orduz, kaleetan gora eta bera dabiltza, kale, zeharkale, pasabide, denda eta tabernetan. Eszenan agertzen diren bakoitzean, txistulariek doinuaren abiadura areagotzen dute. Bitartean, buruan azeri larrua daraman gazte bat gora eta behera dabil kaleetan, ume eta gazteak puxikarekin jotzen, eta tarteka dantza eginez. Behin plazara iritsita, ekitaldia bukatzeko, puxiken gainean jauzi egin eta hautsi egiten dituzte.

Gehiago irakurri

Jardinzayen konpartsa

2018/02/10 19:00 Donostia

Inauterietan bi aldiz ateratzen da Jardinzayen konpartsa, lehenik, inaute larunbat arratsaldean eta bigarrenez igande eguerdian. Eskolaren eskutik, Jardinzayen konpartsa tradizionala Donostiako kaleetan barrena ibiliko da. Aurten Jardinzayen Konpartsari ESKOLAren inauteri ezberdinetako jantziak gehituko zaizkio, denak nahastuta (1979-1998 urteetako jantziak). 

Gehiago irakurri

Surrandiak

2018/02/10 18:30 Durango

Surrandien konpartsa ateratzen da Durangon inauterietako larunbatean. Surrandiak kalejiran irtengo dira Plateruenetik Jaizale txistulari taldea eta Tabira musika bandarekin batera eta Andra Maria elizpean emango zaio amaiera. 

Eguerdiko 12:00etan Surrandiek triki-poteoa egiten dute eta arratsaldean 18:00etan txokolatea hartu ondoren Surrandi konpartsa irtengo da kalera 20:00etan Andra Mariko elizpean kalejirarekin amaitzeko.

Gehiago irakurri

Kamarroak

2018/02/10 18:00 Bakaiku

Kamarroa da Bakaikuko (Nafarroa) inauterietako pertsonaia. Mozorro guztiak dira Kamarro, ez dauka janzkera zehatzik. Inaute larunbatean ateratzen dira Kamarroak Bakaikun. Herriko elkartean elkarrekin bazkaldu ondoren, mozorrotu eta etxez-etxe abiatzen dira goldea garraiatuz eta hautsak botaz. Zaparra deitzen zaio Kamarroek eskuan darabilten makil luzeari, eta herritarrak eta bereziki umeak beldurtzen aritzen dira herriko kaleetan.

Bakaiku: Kamarroak 2015 [Bideoa]

Gehiago irakurri

Puska biltzea

2018/02/10 09:00 Behobia

Zaldunita bezperan, goizeko 9:00ak aldera abiatzen dira Eraiki Dantza Taldeko kideak baserriz baserri. Etxe guztietan fandango eta arin-arina dantzatzen dute dantzariek, ondoren, ordain-saria jasotzeko. Bidasoa ibaiaren ertzeko baserrietatik ibiltzen dira goizean zehar. Arrautzak, porruak... denetik biltzen dute, ondoren, bazkari eder batekin eguna amaitzeko.

Behobia: Puska biltzea 2011 [Bideoa]

Gehiago irakurri

Kaskaboboak eta Maskaritak

2018/02/10 13:00 Agoitz

Inaute larunbatean eta hausterre-egun bezperan ateratzen dira Kaskaboboak eta Maskaritak. Gazteak mozorrotuta ateratzen dira eta puska biltzea egiten duten herrian zehar larunbatean. Etxerik etxe arrautza eta txistor biltzean aritzen dira, eta ondoren horrekin afaria prestatzen dute.

Asteartean aldiz, inauteriari emango diote amaiera kalejira batekin berriro ere Kaskaboboak eta Maskaritak. 

Gehiago irakurri

Oñatiko inauteria

2018/02/10 11:30 Oñati

Oñatz dantza taldeak, herriko musikariek eta inauterietako lantaldeak antolatzen dute Oñatiko Inauteria inaute larunbatean. Goizeko 11:30ean kalejiran abiatuko dira dantzan eta egun osoan zehar arituko dira herriko kaleetan.  

Gehiago irakurri

Larrain-dantza: Nafarroatik Lau Haizeetara

2018/02/10 20:00 Atarrabia, Kultur Etxea

Urtarrilaren 27an, Lizarrako Los Llanos Kulturgunean eskaini zen “Larrain-dantza: Nafarroatik Lau Haizeetara” ikuskizuna eskainiko da Atarrabian.

Parte-hartzaileak: Ereintza abesbatza (Lizarra), San Andres abesbatza (Atarrabia), Atarrabia abesbatza (Atarrabia) eta Mirua abesbatza (Iruñea); Lizarraldeko Herri Dantzen Tailerreko dantzariak; “El Bardo” taldeko antzezleak; Ezpelur taldeko musikariak.

Ikuskizunean, 1903. urtera jauzi egingo da, Alfonso XIII.ak Lizarrara egin zuen bisita irudikatzeko. Izanez ere, errege borboiari ongietorria emateko kariaz urte hartan antolatu ziren ekitaldien artean, gazte batzuek lehenbiziko aldiz dantzatu zuten Larrain-dantza. Antzeztutako gidoia gehienbat gaztelaniaz emanen da.

Gertaera hura izan eta 115 urte geroago auzolanean prestatu den emanaldi honetan, orduan bezalaxe berritasun berezi bat izanen da, Larrain dantza abestu ere eginen baita, lau ahotsetan, euskaraz, dantzaren doinu ezagunentzat espres sortutako hitzak ezagutaraziz. Lau abesbatzek batera kantatuko dute, musikarien doinuak lagunduta eta dantzariak dantzatzen diren bitartean, ikuskizunari amaiera emateko.

Gehiago irakurri

Inauteria

2018/02/10 18:00 Noain - Elortzibar

Heldu den otsailaren 10ean Noain-Elortzibarrek ibarreko eragile askoren bultzadari esker inauteri berria estreinatuko da. Horrela, mondongeroak, arotzak, sotolariak, gari-jotzaileak eta artzainak karriketara aterako dira inauteria ospatzeko. Noaingo herritarrak pertsonaia hauetaz mozorroturik karrikara aterako dira, XIX. mendeko Elortzibarko herritarren gisa eta, zenbait bolondresek egindako eta Diritambo Teatroko Marisa Serranok zuzendutako antzezpen baten laguntzaz, Txantxagainen bila abiatuko dira, txerrihiltzeko produktuak lapurtu dizkiela oharturik. Herriko karriketan barnako jarraipenaren ondotik herri epaiketa eginen da, hiltzea eta aske uztearen arteko erabakia hartuko delarik.
  • Mondongeroak: txerri-hiltzean txerri-puskak prestatzen dituzten gizon-emakumeak dira, odolkigileak; hau da, odolkiak, lukainkak, txistorrak egiten dituztenak. Belaunaldiz belaunaldi ikasitako errezetak erabiltzen zituzten. Oso trebeak ziren aizkora eta labanak erabiltzen, eta beti odolez zikinduta egoten ziren.
  • Artzainak: Beti beren makilari itsatsita zebiltzan eta ohiko irudietako bat izan dira gure Ibarrean, duela hamarkada gutxi arte. Batzuk hemengoak bertakoak ziren, hau da, gure herrietan bizi eta hemen ere artaldeak gobernatzen zituzten. Beste batzuk, berriz, noizbehinka gelditzen ziren bazterrotan, Pirinioetatik Bardeara transhumantzian zihoazela. Horregatik, hainbat janzkera mota zerabiltzaten.
  • Gari-jotzaileak: haiei esker, ogia egiteko lehengaia lortzen zen. Larruazal beltzarana zuten, orduak eta orduak ematen baitzituzten alor eta larrainetan eguzkipean, eta eskuetan zoketak edo kaxoletak eramaten zituzten.
  • Arotzak: Garai batean, Elortzibarko lanbiderik errotuena izan omen zen. Eguneroko bizitzarako behar ziren tresna guztiak sortu eta konpontzen zituzten. Urdinez janzten ziren, eta zaku-oihalez egindako kapa bat zeramaten. Beltzez zikinduta egoten ziren beti, burdinaren eraginez. Eskuetan mailua daramate.
  • Sotolariak: Pertsonaia jatorrak dira, etxe esparrua ezagutzen dute, eta ibarreko jaiak maite dituzte. Galtzak jasota daramatzate mahatsa zapaldu ondoren, eta jakina, beti “pitarraz” zikinduta daude (etxean egiten zen ardoari horrela esaten zitzaion) zahagia edo ardo zatoa besapetik zintzilik.

Gehiago irakurri

Puska biltzea

2018/02/10 09:00 Irun

Inaute larunbat eta igandean ateratzen dira puska biltzean Irunen. Hainbat dantza taldek Irungo txoko desberdinak bisitatuko dituzte dantzan.

Inaute larunbata:

  • 9:00: Baserri giroko inauteria: Eraiki Dantza Taldea. Eraiki Dantza Taldeak, Bidasoa eta Behobiako baserrietatik puska biltzea antzolatzen du inaute larunbatean. Eraikiko dantzariak goizeko 9:00etan elkartuko dira San Martzial mendian eta egun osoan zehar egongo dira baserriz baserri. Zinkoenea baserrian bazkaltzen eta ondoren ere jarraitzen dute eskean Behobia inguruko etxeak bisitatzen. Amaitzean, elkarrekin afaltzen dute jasotako arraultze eta txorizoekin. Behobia: Puska biltzea 2011 [Bideoa]

 

  • 9:30: Baserri giroko inauteria: Ibarla Meaka Dantza Taldea. Irungo Meaka dantza taldeko kideek puska-biltzea egiten dute inauterietan. Inaute larunbat eta igande goizean Irungo Meaka auzoan baserriz baserri aritzen dira gazteak eta helduak, eta larunbat arratsaldean aldiz, Hondarribian, Jaizkibel azpian egiten dute kuestazioa. Hondarribia: inauteriak 2017 puska-biltzea [Bideoa]

  • 10:00: Baserri giroko inauteria: Txorimaloak Soinu Taldea

Inaute igandea:  

  • 9:00: Baserri giroko inauteria: Egoipar Meaka Dantza Taldea
  • 9:00: Baserri giroko inauteria: Meakako Adixkideak Dantza Taldea
  • 9:00: Baserri giroko inauteria: Kemen Dantza Taldea. Kemen dantza taldeko kideek puska biltzea egin ohi dute inaute igandean. Olaberria auzoko baserri eta etxeak bisitatuko dituzte Kemen Dantza Taldeko kideek, bertako atariak garbituz, etxekoentzat erromeriak antolatuz dota puskak bilduz. Gainera, arin-arin zein fandangoak dantzatuko dituzte, baserritarren gozamenerako.

Gehiago irakurri

Hartzaro festibala

2018/02/10 11:30 Uztaritze

Hartzaro festibala otsailaren 3tik 13ra ospatuko dute Uztaritzen aurten 22. aldiz. Herri Soinu elkarteak egitarau oparoa antolatu du udaberriari ongi etorria egiteko asmoz. Neguko festa honetan, ohiturak eta ikuskizun berriak herritarren artean zabaltzea da asmoa.

Egitaraua 

Otsailak 10, larunbata, sorkuntzaren eguna

  • 11:30ean merkatu animazioa (hiribehereko pilota plazan) Kautere Balet.
  • 17:00ean Kiroleta frontoian, dantza eta sorkuntzak. Sartzea 7€. Giz’arte – Zarena Zarelako. Zarena Zarelako dantza taldea eta Burgaintzi txarangaren musikariak elkartu dira Giz’arte ikusgarri berria emaiteko.
  • 20:00etan Erromeria – Jan eta edan Integrazio Batzordea elkarteak segurtaturik.
  • 21:00etan Kiroleta frontoian - Dantza eta sorkuntzak. Sartzea 12€. Kukai – Oskara. Oskara ikuskizunak, Kukai Dantza eta Marcos Morau / La Veronal konpainien arteko bat-egitea dakar. Burrunka – Mugetatik AT! Burrunka taldearen 2016/2017ko sorkuntza.

 

Otsailak 11, igandea, ohituraren eguna

  • 9:00etan Kaskarotak eta kaskarot ttikiak etxez etxe Hiribehereko auzoan goizean, eguerditik goiti Purgon.
  • 10:00etan Latsa – Txilindon sukaldaritza lehiaketa. Lagun arteko giro atsegina eta goxoa –Izen emaiteak 06 98 62 99 76 edo latsa.uztaritze@orange.fr
  • 11:30ean Elizaren atarian, meza nagusiaren ondotik, Kaskarot taldeen ohiko elkarretaratzea.
  • 12:00etan Hiribehere auzoan.
  • 13:30ean Latsa – Ihauteri bazkaria Latsa sukaldaritza elkarteak antolaturik. Bazkal ondoren txilindron txapelketaren sari banaketa. Izen emaiteak 06 98 62 99 76 edo latsa.uztaritze@orange.fr
  • 18:00etan Mutxikoak Saltoka taldeak alaiturik. Mutxikoak, Euskal Herriko eta atzerriko musika eta dantzak, zinezko dantzaldi herrikoia, Pettan Anduezak alaiturik.

 

Otsailak 12, astelehena, Tolosako inauterietara irteera

  • Senidetze elkartearen laguntzarekin, giroa segurtatua, karroza eta konpartsen irteera, poteo-pintxo eta kalejira txarangak alaiturik.
  • 10:00etan abiapundua Lapurdiko plazan eta itzulera arratsaldekoko 19:00etan. Tokiak atxikitzeko Herri Soinu dei ezazue 06 52 12 48 23 otsailaren 5a aitzin. Autobusa 10€.

 

Otsailak 13, asteartea, astearte gizen

  • Ohitura eta sorkuntzaren topaketa. Ohiko musika eta dantza sorkuntzaren elkarretaratzeak hamaika artista profesional eta artista amateur biltzen ditu. Aurten ere, 250 antzerkilari, soinulari eta dantzarik ongi etorria emanen diote Udaberriari. Astearte gizenaren pizkundean parte hartuko duten eragileak, Zanpantzar auziko antzezleak eta soinulariak dira. Hau da, Zainaldiak, Zirtzilak, Negartiak, auzapeza, epailea, apeza, animaleak, hartza eta bere zaindaria, Maiaren zerbitzalariak, laminak eta mitologiaren beste pertsonai batzuk baita musikalari ugari: Burrunka, Zo Zongo, Uztaritzeko txaranga, Gaita Luze eta Tripan. Besta giroan, ihauteriko eragileek eta jendetzak plaza eta karrikak hartuko dituzte. Parte hartu nahi duten guziak ongi etorriak dira! Hiribehereko Pilota Plazan.
  • 17:45ean Burrunkaren perkusioak.
  • 18:30ean Zirtzilek eta ihauterietakoek plaza hartzen dute: dantzak, musikak eta auziaren hastapena. Ibilbidea Purguko pilota plazaruntz abiatuko da. Ibilbidean barna Laminen agerraldia - Elizaren aintzinean, Maia dantzaren agerraldia - Antza plazan: Hartza dantzaren agerraldia Purgoko Pilota Plazan.
  • 19:30ean Zanpantzar auziaren segida eta bukaera, dantzak, toberak (antzerki herrikoia eta tutak erakustaldia) - dantzak eta musikak (Hartzaroren sorkuntzak) - Hartza dantza - Aker dantza - zirtzilen soka - Sua dantza.
  • 20:00etan Erromeria bestak karpan segituko du - Jan eta edan Uztaritzeko Ikastolak segurtaturik eta Kiki Bordatxo taldeak alaiturik.
  • Gauerditan Gaualdia Bilgunen segituko da Izartxok antolaturik, Errobiko Kaskaroten batzokian.

 

Informazioa gehiago: Hartzaro 2018 egitaraua (pdf 17,7MB)

Gehiago irakurri

Dokumentuaren akzioak

« Maiatza 2018 »
Maiatza
AlAsAzOgOrLrIg
123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031
« Ekaina 2018 »
Ekaina
AlAsAzOgOrLrIg
123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930
« Uztaila 2018 »
Uztaila
AlAsAzOgOrLrIg
1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031