Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!

Dokumentuaren akzioak

Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai!

Aritz Ibañez-ek idatzitako Maridomingi Go Home! sarrerari erantzuten hasi naiz, baina gehiegi luzatu eta azkenean blogera ekarri dut. Mari Domingirekin egiten ari garen hankasartzearen salaketan sakontzera nator.

Olentzerotik Bizar Zurira

Ezin da ulertu Mari Domingiren sorrera eta hedapena, Olentzero beraren bilakaera eta transformazioa kontuan hartu gabe. 1950eko hamarkadan Olentzero Lesakatik Iruñera eraman eta ondoko hamarkadan Ikastolek Euskal Herri osora hedatu zuten. Orain zazpi urte idatzitako "Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?" artikuluan salatu nuenez, Olentzero pertsonaia zarpail, desatsegin eta mozkortia, papa-noelizatu egin dugu. Sinkretismo horren ondorioz, orain Bizar Zuri iragartzen digutenean ez gara gai jakiteko Santa Klaus edo Olentzerotaz ari zaizkigun. Total, ba al dago alderik?

Olentzeroren liftinean kultura popular bigun, politikoki zuzen eta ekonomikoki salgarria hezur-muinetaraino sartu digu merkataritza industria ipar-amerikarrak. Euskaldunok asmatu genuen Gabonetako iruditeria ñoño eta otzanari iskin eginez, erakarmena eta beldurra batera pizten zituen pertsonaia zakar eta misteriotsua festa mengelaren erdian ezartzen. Baina ez gara gai izan Eguberri globalizatuen homogeneizazio erauntsiari aurre egiteko. Olentzero Santa Klausekin fusionatu zaigu.

Festaren infantilizazioarekin, gero eta umeagoentzat, gero eta produktu txepelagoak nola ekoizten ditugun ederki salatu zuen Xabier Etxabek Haur-folklorea ala folklorearen infantilizazioa? artikuluan, eta Olentzeroren transformazioa horren adibide garbia da. Festak umeentzat eraldatzeak ez die ez umeei ez gizarteari mesederik egiten. Ustez umeen hobe beharrez egiten den guztia ez da umeen onerako gertatzen. 

Mari Domingi

Eta berdintasunaren izenean egindako guztia ez da berdintasunarentzat mesedegarri gertatzen. Mari Domingiren asmakuntza, Olentzeroren alboan, emakumezko erreferente bat eskaintzeko egin da. Baina Aritz Ibañezek salatu bezala, "bilatzen diren baloreen kontrako" ondorioak ditu honek. Olentzerori bikotea asmatu diogun unean bertan, Olentzeroren beraren genero marka finkatu dugu.

Domingi eta Olentzeroren artean sortu den familia eredu tradizionalak ere sortzen du kezka. Leire Narbaizak eibartarrak zerrendan esanak: "Mari Domingin Fuera!!!! Olentzero seguru mutilzaharra dala!!! Mari Domingin asmatziak ez dau bikote tradizionalan alde egitten? Olentzero ezin da promiskuoa izan, edo bakartixa, edo......homosexuala?"

Bai, nire ustez Olentzero mutil-zaharra, ezkondua, banandua, ezkondu gabe elkartua zein alarguna, lagun-zalea zein bakartia izan daiteke, heterosexuala zein homosexuala, gaya zein lesbiana...  Bai, lesbiana ere bai. Orain bost urte eibartarrak posta zerrendan idatzi nuen "lehenago edo beranduago Mari Domingik aldarrikatuko du berak ere baduela Olentzero izateko eskubidea".Orduan ez neukan Leitzako Orantzaroaren berri. Leitzako Orantzaroa.2010eko abenduan Leitzako Kultur Taldeak Orantzaroaren inguruko hitzaldia antolatu zuen, eta bertan, garai batean Orantzaroa emakumezkoa ere izaten zela azaleratu zuten. Alegia, Mari Domingi Olentzero izan daitekeela, ez daukala bere laguna izan beharrik.

Irudian: Orantzaroa, Leitzako Kultur Taldea.

Mari Domingi, izan zaitez Olentzero!

Maite zaitugulako esaten dizugu ez zaitugula Olentzeroren ondoan nahi (gutxiago azpian!), ez zaitugu laguntzaile moduan gura, ez zaitugu inoren bikote moduan desio, ez zaitugu binarismoaren osagaitzat nahi. Ez daukazu bizarrik jarri beharrik, baina ez daukazu XVI. mendeko emakumeen soinekorik jantzi beharrik ere. Ez daukazu gizona izan beharrik, eta ez daukazu emakumea izan beharrik ere. Baina ez zaitez izan Olentzeroren laguna! Izan zaitez nahi duzuna, izan zaitez Olentzero, izan zaitez gure Queer-Olentzero! 

 

Erreferentziak:

 

    Dokumentuaren akzioak

    Amelia
    2013/12/09 17:24

    Oso interesgarria eta ondo azaldua! Antzeko zerbait etorri zitzaidan burura Gasteizko festen testuinguruan zera asmatu zutenean: Zeledoi txiki eta neska txiki!

    Baina nola "neska txiki"? Nork esan du Zeledoiak eta Zeledoi txikiak ezin dutela emakumeak izan, edo haiek nahi dutena? "Neska txiki" hori asmatuta (izenik gabe, neska guztien ordezkari?), Zeledoi txiki mutil bihurtu zuten argi eta garbi, eta, bidenabar, berriro azpimarratu zuten bikoteak heterosexualak izen behar direla.

    Berdintasunaren izenean, zelako gauzak egiten ditugun... Niri ere sobratzen zaizkit Maridomingi eta neska txiki!

    Oier A.
    2013/12/09 18:27

    Mila esker zure erantzunagatik Amelia! Ez nuen Zeledoiren "neska txiki"ren kontu horren berri. Eta zenbat horrelako. Animo!

    ikatza oparo opari
    2013/12/10 11:17

    Olentzerori kutsu misteriotsua kentzen ari geralarekin ados, baino, horrenbeste tornu-bueltarik... Olentzeroren promiskuitate, aukera sexual eta abarrez aritzea... lekuz kanpo dagoela uste det.

    Patxi Abasolo
    2013/12/10 12:18
    aritz
    2013/12/10 12:41

    Ikatza oparo opari, nik esanen nuke Olentzerok kutsu misteriotsua galdu badu ez dela azken egun hauetako eztabaidarengatik. Galtzekotan, aspaldixko galdu zuen, bizar zuriarekin, bere ontasunarekin, bere abstemiotasunarekin eta berriki, bere emazte floreroarekin. Pertsonifikazio prozesu politikoki zuzena pairatu du gaixoak, eta horrek kendu dio nire ustez, kentzekotan, izaera misteriotsu hori.

    Eztabaida askoz sinpleagoa da nire ustez, Olentzero izan da enbor bat, ikazkin bat, arratzalea, bizargina, dantzaria, gizon edo emakume... Jarrai dezala bide hortan, berritzekotan berritu dezagun gaur egungo (ustezko) baloreekin koherente izanda eta ez El Corte Inglés-ak edo ETB-k inposatu nahi dituztenekin.

    Joxe Aranzabal
    2013/12/10 15:08

    Niri ere oso argigarria egin zait artikulua, Oier. Egia esan, azken aldian nahiko urrun nabil horrelako jaietatik, eta ez diot arretaz erreparatu aldaketa honi. Baina zure hau irakurrita, bat nator zurekin eta Leirerekin. Ondo segi.

    Imanol
    2013/12/10 20:34

    Orain dala urte bi Manu Etxebarriak gai hau landu eban Deian egin eutsien artikulu honetan:

    http://m.deia.com/2011/12/23/ocio-y-cultura/que-mundo/olentzero-sin-pipa-y-con-novia

     

    Peru Magdalena
    2013/12/11 12:44

    Guztiz ados nau zeurekin, Oier. Azken urtietan neu be protesta bardinaz nabil. Gehixen bat, behin, Olentzero ixeteko eskatu eta bixerra zurittuarazi gure izen do... dotzienetik lagun bati!

    Honako pertsonai erdi-mitologiko bati bere misterixue, bilurre eta "arriskue" kentzen badotzau, ez gabiz inolako mesederik eitten gure umieri. Ingurune "ziur", zozo eta misterio bako bat sorraraztiek, ahul eta prebisibliauek eingo dauz, nire ustez, eta munduekiko erakarpen-bilur misteriotsu hori kenduko dotzie, lelotu eingo dauz, gero etorriko jakiezan olatu barrixekiko koldartu. 

    Oier A.
    2013/12/12 13:28

    Mila esker zuen erantzunengatik denoi!

    Ikatza oparo opari:

    Saiatu naiz azaltzen Olentzeroren generoa ez zela uste bezain finkoa, eta ondorioz, heteronorma ere zalantzan jartzekoa iruditzen zaidala. Ez zaude ados horrekin? Zergatik iruditzen zaizu lekuz kanpo dagoela?

     

    Patxi Abasolo:

    Eskerrikasko loturagatik Patxi. Ikusten dudanez tradizioaren ezagutza eta genero berdintasunarekiko kezka duten hainbat lagun bat datoz Mari Domingirekin hartutako bidearen desegokitasuna salatzeko orduan.

     

    Aritz:

    Bai, nik uste dut oso garrantzitsua dela ez galtzea gure tradizio eta festen kontrola, eta horiek noruntz eraman nahi dugun gure artean hitz egin eta adostea. 

     

    Joxe Aranzabal:

    Eskerrikasko Joxe. Umeak zein adinetan ditugun batzuk salatzen du honek! kar, kar, kar. 

     

    Imanol:

    Arrazoia Imanol. Irakurri genuen artikulu hori ere bai bere garaian, eta erreferentzien artean jartzerakoan ahaztu. Orain erantsiko diot. Eskerrik asko!

     

    Peru Magdalena:

    Bizarra zuritu beharrarena ez nuekan entzunda! Lelotuta, bai horixe, umeak ez dakit, baina geu hala gaoz dagoeneko! 

     

    Patxi Montero
    2013/12/13 14:18

    Gai hau abiapuntu hartuta, askoz haratago joan gintezke, eta 'folklorea' bera, eta ustezko 'tradizioa' bera kolokan jarri, edo berraztertu zer arraiotan ari garen, eta kasuz-kasu "zergatik" galderari erantzun zentzuzkoa ematen saiatu.

    Behar al dugu Olentzerorik, Lesakatik kanpora? (Lesakan behar al duten ere ez dakit, ez dut testuingurua ezagutzen). Zergatik behar dugu Ekialdeko Errege Magoen edo Santa Klausen alternatiba forzatu bat? Jokoa bera onartzea dakar, joko berdinean sartzea.

    Opariak El Corte Ingles-en erosi barik, Durangoko Azokan erosi behar al ditut baskoa izateko? Olentzero gurtu behar al dut Errege Magoen ordez? Baina... oopariak dakartzan pertsonaia bat gurtzeko eta opariak erosteko beharra al daukat Gabonak direlako?

    Aspaldi jeitsi nintzen Gabon desnaturalizatu eta kontsumizatu hauen trenetik. Ez dut tontakeria global honetan parte hartu nahi. Nire etxean ez da aspaldi ospakizun berezirik egin, ezta oparirik erosi ere. Ezta asmorik ere zurrunbilo ñoño-huts horretan sartzeko, ezta orain umeak ditudala ere.

    Ospa dezatela berezko Olentzero, zentzua duen lekuetan. Ospa daitezela Gabonak zentzuz, zentzua duten lekuetan. Are gehiago, ospa daitezela tradizioak zentzuz, zentzua duten lekuetan.

    Ez daukat Gabonen beharrik bihotz onekoa izateko, edo maite dudanari opari bat egiteko, oparia egiteko abagune egokia datorrenean.

    Olentzero eta Mari Domingiren inguruko hausnarketa hau oso interesgarria iruditu zait, baina ematen dit aitzakia eztabaidan jartzeko zein erraz jausten garen kontsumismoaren eta azalkeriaren joko ñoñoetan. Gainera, 'gure' ordezkoa asmatu-forzatuta, eta beraz, 'gurea' sentituz, sutsuki defendatu... baina joko berari jarraitu, ohartu gabe jokoan jausi garela.

    Edo bestela, onar dezagun humiltasunez joko hau gustuko dugula, parte hartu nahi dugula, eta onar dezagun horretarako pertsonaia-tresna asmatua, 'tradizioa' abizenik jarri gabe atzetik.

    Gabonetan... porrusalda, patata tortilla, eta gertutasuna opari.

    Patxi Montero
    2013/12/16 11:06

    A, eta Arrasaten Txoronpio pertsonaia asmatu zuten. Eguerdian dator Olentzerorentzako gutunak jasotzera, auzoz auzo. Eredu estandarrak kopiatzen, 'gure' pertsonaiak tradizio egiten. Joko beraren sokatik, jokoari berari eusten. Belaunaldi batean 'tradizio' bihurtu da. Eta 50 urte barru, ordukoek esango dute Txoronpio Arrasatekoa 'betikoa' dela, beti ezagutu dutela, eta akaso defendatuko dute, eta justifikatuko dute, eta indartu ere egin nahi izango dute, 'tradizioaren' izen sakrosantuan.

    Urte batzuk geroago, Txoronpia laguna ekarri zioten. Orain biak dira, Txoronpio eta Txoronpia. Hori bai, generoan eta protagonismoan parekatuta, esango nuke nik (ez dut ziurtasunez esango, ez baitiet jaramonik egiten, baina uste horretan ngo).

    Eta zer ajola niri? Txoronpio eta Txoronpia, biak ditut soberan, gogoko ez dudan eredu bati eustera baldin badatoz.

    Oier A.
    2013/12/18 10:58

    Aupa Patxi, mila esker zure erantzunengatik. Festa guztietan badira gauza interesgarriak eta ez hain interesgarriak, eta nire ustez bakoitzak bere interesekoak direnak aprobetxatu ditzake. Neguko festetan aipatzen dituzun kontu ez-interesgarriak ari dira nagusitzen azken hamarkadetan, baina aurretik eta gaur egun itzalean ere, badira beste kontu batzuk niretzat oso interesgarriak direnak eta festaren alderdi horiek aprobetxatu eta disfrutatzera naramatena. Zeintzuk? Adibidez eske-errondak edo kuestazioak, komunitateak elkar-ezagutu eta harremantzeko tresna eder moduan. Funtsean Olentzero (eta San Nikolas ere, inauteriak, santa eskea, san martin eta abar bezala...) eske-errondetarako aitzakia zen, eta ezaugarri horri eusten zaio zenbait tokitan, eta beraz, alderdi hori oso baliagarri egiten zait niri.

    Kontsumismoak eragindako aldaketa handienetako bat eske-errondak umeek eta gazteek egin beharrean (jarrera aktibo, sozial, kultural eta komunitarioa sustatuz), orain opari-banaketa gertatzen dela (jarrera pasibo eta indibiduala) eta, zerbait (gaztainak, goxokiak, jakiak zein diru apur bat) lortzeko zerbait (kantuak, dantza, harremana, gertutasuna, denbora....) eman behar zen tokian, orain nahi dugun edozer majikoki lor daitekeen uste absurdoa transmititzen diegu seme-alabei. 

    Neguko festen inguruan (Halloween, Olentzero, San Nikolas, Inauteriak...) hainbat hitzaldi eman ditut azken urteeotan, eta goian planteatutako horiek eta beste batzuk azaltzen ditut bertan, baina ezin orain ordubete pasako txapa erantzun batera ekarri. Dena den, Gorka Zabaletak Baleike aldizkarirako erreportaje oso ona egin zuen nire hitzaldiaren mamia jasoz, eta hori jasota daude gako nagusiak.

    Niri erosketa eta opari kontuek ez naute batere erakartzen, baina hala ere eguberriak asko gustatzen zaizkit, oso oroitzapen politak ditut umetan Olentzerorekin kalez kale kantuan ibiltzen ginenekoa, edo aitxitxak kantatzen zituen "San Nikolasen" kantuena.

    Patxi Montero
    2013/12/18 16:22

    Ados zurekin, Oier. Ni ere ibili izan naiz eskean txikitan San Nikolas edo Olentzero egunetan.

    Peru Dulantz
    2013/12/26 14:58
    Ez dakit, bada... Nik ere ezin ditut erosketak eta kontsumismo alferrikako hau jasan, baina maite ditut tradizioak, baita sortu berriak badira ere. Halako lotura sentimentala eta poetikoa eragiten didate neure iraganarekin, komunitatearekin... Zerbait telurikoa da, oso polita, bizitzea merezi duena, eta hurrengo belaunaldiei helarazi nahi niekeena.
    Garal
    2013/12/27 17:28

    Leire Narbaizak esan duena ez dago nondik nora ulertzerik... zer ikusirik du familia tradizional batek Olentzeroren bikotearekin???

    2015/12/24 18:35
    Horrela hasi zen San Nikolas, Saint Niklaus, Santa Klaus eta azkenean hor bukatu da Coca-Cola-ko zuri-gorriarekin jantzita. Eta norbaitek esango du orain: “Baina zer erlazio du Papa Noelek San Nikolas anima gidariarekin?”
    Ba … bai … Leirek esaten duena argi ikusten dut, erlazioa dauka Olentzero familia mungiarrak familia zintzo tradizionalarekin.
    Eta martxa honetan, ez dakigu, pipa, ardoa eta tripa kentzen diotenean, hor SPAren baten, ze itxurakin agertuko zaigu gure Olentzaro etorkizunean.

    Erantzun

    Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.