Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Gure auzoetako jaien soka etetzen

Dokumentuaren akzioak

Gure auzoetako jaien soka etetzen

Azken urteetako ohiturari jarraiki, bihar Elgetako Goimendi-Azurtza auzora joateko zita genuen soka-dantza ateratzeko asmoz. Aurten ez dagoela beharrik abisatu digute, ez omen da jairik ospatuko, eta zaldi zuri gaineko Santiagok baseliza barruko ilunpetan eman beharko du beste urte betez.

Herriko plazan edo antzoki batean dantzan diharduguneko gogo eta ilusio berarekin dantzatzen dugu gure auzoetako jaietan ere. Testuingurua humilagoa izanda ere, gertutasun berezia dute auzoetako jaiek. Maitasunez antolatutako egun bereziak dira ezin bestela, auzotarren nortasuna berretsi eta bat egiteko balio izaten dutenak. Eibarren herriko auzoetako jaiez gain (Urki, Legarre, San Kristobal, Amaña) baditugu gurean eliza, baseliza edo santu eta santaren baten inguruan ospaturiko jaiak: Azitain, Arrate, Salbador (Otaola-Kiñarra), Santa Kurutz (Mandiola), Aginaga, Santiago (Goimendi-Azurtza, berez Elgeta)... Mendi arteko errepidea bezala, urteak joan eta urteak etorri agertzen eta desagertzen doazen jaiak dira gehienak ere; "beti" antolatze lanetan aritu dena erretiratzearekin batera itzaltzen direnak eta berriz auzora odol gazteak datozenean indarberriturik argi egiten dutenak.

2010-01-017_soka-dantza_azitain

Urteak dira auzo jai hauetako meza ostetan soka-dantzak ateratzeari ekin geniola garai batean edozein erromeri eta jai girotan ohikoa zen dantza moldea biziberrituz. Halaxe atera izan ditugu azken hamarkadan gizonezkoen sokak Azitaingo eta, aipatutako, Santiago elizen atarietan, eta emakumezkoena berriz Mandiola bailarako Santa Kurutzen, Santiago (uztailak 25), San Anton (urtarrilak 17) eta Santa Kurutz (maiatzak 3) egunetan urrenez urren (edo aste barrua jausiz gero hurrengo larunbatean).

2005-07-25_soka-dantza_goimendi-azurtza

Azkenengoz 2011an lotu genituen eskuak sokan Azitain aldean, Felix Bergarak jaiak antolatzeari utzi behar izan zion urtean hain zuzen ere. Goimendi auzoan aurten, auzoaren desegituraketak bultzatuta batez ere, urtetan auzotarrek osatutako soka eten egingo da eta Kiñarra aldeko Salbador baselizaren bueltan ere litekeena da aurten mezatarako kanpai hotsik ez entzutea.

2013-05-05_soka-dantza_santa-kurutz

Zorionez tunelak bi alde izaten ditu eta Mandiola-ballen Santa Kurutzeko jaiek osasuntsu diraute. Azitaingoa azkenengoz ospatzen zuten urte berean, sokaren gidaritza emakumeen eskuetara pasa zen eta nahigabe eta zoritxarrez ala zorionez! gure auzoetako soka-dantzaren ordezkari bakar bihurtu da. Ez dela kasualitatea esango luke batek baino gehiagok.

Sinbolikoki baino ez bazen ere, azken urteetan osatutako sokek ezin izan diote egoera gordinari aurre egin. Oinarri erlijiosoa duten jai eta ospakizunek sinisdunen gainbeheraren bide beretsua jarraitzen dute, eta baserrien zahartze eta hustutzeari lotutako errealitatea gehituz gero, nekazari giroetan inongo ospakizunik antolatzea diren mirari txikiak desagertuz doaz. Ez dakigu behin desegindako soka berriz lotzerik izango ote den. Guk badaezpadan arropa zuri-gorriak prest izango ditugu tokatzen denerako.

2014-05-04_soka-dantza_santa-kurutz

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com