Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Eskuak bete dantza Arraten, 2014

Dokumentuaren akzioak

Eskuak bete dantza Arraten, 2014

Atzamar guztiak behar izan ditugu aurtengo edizioa zenbatzeko. Hortik aurrerakoak, datozenak datozela, hamaika izan daitezela! Arrateko Amaren Dantzek, oharkabean euren lehen hamarkadako bidean, bizi-bizi eta barruko poz txiki bati eutsi ezinda, Arrateko Dantzarien Kofradiaren akta liburuko orriak betetzen jarraitzen dute. Egun handia dugu Kofradiako partaideok irailak 8a. Aurten ere hala izan da: astelehen buru zuri gehienendako, ezpata-dantzari jantzi eta dantzatzeko egun berezi gutxi batzuontzako, eta horretaz gozatzeko aukera gozo -pentsatu nahi dugu- Arratera hurbiltzen den ororendako.

Zeruari begira bizi ditugu urtero-urtero bezperako egunak. Aurten eguraldiaren iragarpenek ikur guztiak jarriak zizkiguten Euskal Herriko mapan eta beraz izan genuen hazkurerik buruaren atzekaldean egunera bertara arte. Izan ere bezperan, igande arratsaldez, euri jasa izugarria bota bait zuen Arrate gainean, eta segituan B eta C planeri bueltaka jarri gintuen. 2005eko Arrate eguna etorri zitzaigun burura, euriak behartuta elizako aterpean dantzatu behar izan genuenekoa!

Goizean goiz, zeru garbi eta Eibarko zuloa behe laino zuriz estalitako koadroa oparitu zigun Arraterako bideak. Behin goian, putzuak ageri ziren han hemenka, eta zelaia oraindik buztia bazegoen ere, eguzkiak laister lehortuko zituela iruditu zitzaigun. Bazirudien ez zela plan alternatiborik martxan jarri beharrik izango.

2014-09-08_goizean_JG

Erropen banaketak lehendabizi, konplementoak atzetik, kateorratzen bat edo beste banda ondo eusteko eta, paparraren erdian Arrateko Amaren domina jarri ostean, ordubeteren buruan denok prest ginen: 11:00etako meza nagusirako kanpaiak airean zirela taldeko argazkia. Kapitainaren albo banatara aurtengo gonbidatuak ageri dira: Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas.

2014-09-08_Arrate_FL_0453

Koloniako terrazatik behera jeitsi eta urteroko anabasa, barruko ala kanpoko lerroei tokatzen ote zaien eliza barrura sartzea... Oierrek "kanpokoak!" agindu du eta kexek jarraitu duten arren, eztabaida bukatu da. Bi gonbidatuei urduritasuna nabari zaie berotze saioan dihardutela (egia esatera, denok izaten dugu urduritasun puntutxo bat elizara sartu aurretiko unean). Jende dexente dago eliz atarian (barrurako ohiturarik ez duena), eta ate nagusiak parez pare zabalik direla, lepoa luzatuta barruak ere ondo beteak ikus ditzakegu. Astelehena izanda harritzeko eta pozgarri zaigu hainbeste jende ikustea.

2014-09-08_Arrate_FL_0488

Zain gaude abisua norbaitek noiz emango, txistularien lehen notak entzun, eta azkenean ere gure aurretik direla bagoaz barrura. Begiradak ezker-eskuma zaindari. Aurrera iritsitakoan altaretik ere begirada gehiago zain dauzkagu: abadeak alde banatara, fondoan sinesdun ilara alderik alde eta erdi-erdian Arrateko Ama. Hasi da ezpata-dantza: deia, zortzikoa eta ezpata-jokoa. Segundu gutxitan arnasa berotu egiten da. Azken deia. Konturatu orduko berriz kanpoan gara denok sartutako bidetik.

2014-09-08_Arrate_FL_0555 2014-09-08_Arrate_FL_0570

Giro zoragarriak jan ditu laino eta beldurrak. Jendea Arratera igo eta igo igartzen dugu meza noiz bukatu zain gauden bitartean. Listo! Badator Ama Birjina lau andarien gainean, eta gure lau ezpata-txikiak izkina banatan (Garikoitz Otamendi eta Jon Iruretagoiena batu zaizkie Nagore eta Arkaitzi). Gurutzera bidean, espero zitekeenaren aldean, lurra nahiko siku dago eta argazkilari eta bideo kameren artean egin dugu pagadian aurrera. Eibar aldera zeuden piñuak bota zirenetik, behin inguruak txukunduta, polita dago gurutze ingurua, bai gero! Hurrengo, derrigorrezko agurra Eibarko herriari abadeak gidatuta, ondo zain gaitzan eskaera Gure Zaindari Onenari, Salvearen marmarra eta bueltako bidea.

 2014-09-08_Arrate_FL_0599 2014-09-08_Arrate_FL_0626 2014-09-08_Arrate_FL_0666

Eliz atarian, berriz barrura ezkutatu aurretik eta lehen prozesioan atzetik genuen jende andanak inguratzen gaituela orain, berriz Arrateko Ezpata-dantza dantzatu diogu Ama Birjinari, oraingoan lau ezpata-txikiekin.

2014-09-08_Arrate_FL_0725 2014-09-08_Arrate_FL_0723

Ia ordubiak dira. Zelaiko beharrei ekiteko unea. Buruak altxa eta atera gara arbola artetik...jende artera. Aurten ez daramagu pikadunik edo apartean buruzagi-makildunik eta beraz ahal den bezala abixatuaz zabaltzen dugu bidea txosna giroan murgilduta dabilen jende artean: "nondik atera ote dira hauek?" Ez dirudi astelehena denik, ez. Jendearen arreta lortu dugu eta probalekuaren aurrean leku hartuta ekin diogu ezpata-dantza osoari. Azken deia egin ostean txukun joan zaigula ematen du. Azken korrikaldia eta ganbara egitea falta. Ordura arteko lanak bukatuta, ezpata-txikiak badatoz alderik aldeko irribar eder batez ezpatapetik. Denok egiten dugu irribarre elkar kutsatuta.

2014-09-08_Arrate_FL_0760 2014-09-08_Arrate_FL_0800 2014-09-08_Arrate_FL_0828 2014-09-08_Arrate_FL_0859

Oholtza aurrekaldera erretiratu gara denok Nagoreri, makil-txikien taldeko kapitainari, leku egiteko probalekuan. Fin dantzatzea zer den gero! Makila txikien atzetik handiak, ohi dugun bezala. Arkaitzi tokatzen zitzaion taldea agintzea eta bai dotore agindu ere. Amaitzeko brokelen txanda eta Garikoitzen erakustaldia buruzagi lanetan.

2014-09-08_Arrate_FL_0907 2014-09-08_Arrate_FL_0916 2014-09-08_Arrate_FL_0960

Txistulariak Iruñeko diana jotzen hasteaz batera osatu da azkenengo aldiz taldea. Joan etorriko zubiak egin eta lizarren gerizpearen teloipean ezkutatu gara. Ezpatak lurrean utzita elkarri zorionak ematea tokatzen da: gonbidatu bereziei lehendabizi adeitasunez, eta gero astelehen batez, lanak, eskolak edo bikotea -umeekin!- utzita posible egin duten Arrateko Amaren Kofradiako dantzari guztiei (eta lantegi, unibertsitate eta bikoteei!) bihotzetik bihotzera. Bejondeizuela!

2014-09-08_Arrate_FL_1005 2014-09-08_Arrate_FL_1015

Merezitako dutxaren ostean, berriz ere zelaira, are mereziago izaten den sagardo ipurdia dastatzera oraingoan. Larregi nahastu gabe Krabelinera bazkaltzera (ahaztu gabe, bihoa blog honetatik Mireia eta lan taldeari eskerrik eta zorionik beroena, lasaiago bizi asmoz, azkenengo bazkaria zerbitzatu bait ziguten). Dantzan izandakoez gain azken orduan eguerdirako aurreko urteetako omenduren bat edo beste batu ahal izan zitzaigun mahaira. Berrogeita hamar lagunetik gora! Astelehena...esan dugu ezta? Jan edanen ostean 2014 honetako aktaren irakurketa. Aipamen eta oroitzapen berezirik izan zen kofradiaren hamargarren Arrate egun honetarako. Gonbidatu bereziei esker on xumea joan zitzaien eta hunkiturik, Nagore eta Arkaitzenak beraienak berriz bueltan etorri zitzaizkigun. Eman eta hartu. Ematekoak izan dira bai biak ere, eta pozarren hartu ditugu. Zorionak!

2014-09-08_Arrate_FL_1042 2014-09-08_Arrate_FL_1043 2014-09-08_Arrate_FL_1057

Hamar ekitaldi joan direnez, hutsik egin gabe beren ezpata heltzeari utzi nahi ez edota ahal izan duten dantzariei, urteroko omenduei egiten zaien antzera, domina bana eman zitzaien jabetzan gorde eta tokatzen denean erabil dezaten aurrerantzean. Juan Antonio Urbeltz eta Kepa Artetxe bertan zirenez zortzi dantzarik Arrateko Amaren dominak haien eskutik jaso ahal izan zituzten. Edo hobeto esanda zazpi gehi bat eze, aitatasun zeregin berriak direla eta Joseba ezin izan bait zen bazkaltzen izan gurekin. Oparia doble beraz!

2014-09-08_Arrate_FL_1140

Beste kofrade berririk ere izan dugu urte seinalatu honetan: Julen Leuza Iruindarra (bezperako kontzertuetan Los Zopilotez Txirriaos taldearekin jo ostean zer hoberik hurrengo egunerako?!), aurreko urtean Gari txikia tripan zuela bazkaritan bakarrik izan genuen Leire Egiguren ondarrutarra, abuztu hasieran Confolens (Frantzia) aldean Argiako lagunekin batera emandako Arrateko Ezpata-dantzan gure ondoan izan genuen Igor Baroja debarra, eta udara aldean Gaztemundu programak Euskal Herrira ekarrita gure artean ibili zaigun Nati Bohé argentinarra. Etxetik bertatik berriz, Itziar Herrera eta Miren Cid. Ongi etorri. Plazer bat!

Datozenei besarkadarik beroenak eman eta gero, joan zenari gogoetarik sakonena. 2007an betirako zizelkatu zitzaigun Maitaneren irudiak berez egin zigun gainezka, eta haren oroitzapen bizia ere gure artean izan genuen ezin bestean. Arrateko zelaiko floridadetik gora ei dagoelako zerura bidia... Nork daki baina, urtero egun zoragarri bat bizi eta dantzatzeko bidea bai behintzat.

Hemen Felipe de Loiolaren argazki sorta:

-Arrateko dantzak 2014 [argazkiak]

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com