Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eire Vila Joareak dantzan: Ituren, Zubieta eta Aurtitz

Dokumentuaren akzioak

Joareak dantzan: Ituren, Zubieta eta Aurtitz

2015/05/25 09:30
Joareak dantzan: Ituren, Zubieta eta Aurtitz

Joaldunak, Zubieta, 2015-01-27. Argazkia: Eire Vila / dantzan CC BY-SA

Aski ezaguna da Ituren eta Zubietako joaldunek inauterietan egiten duten ibilbidea. Astelehenean Zubietatik Iturenera, asteartean Iturenetik Zubietara. Baina hain ezagunak diren astelehen eta astearteaz haratago bada festarik Ituren eta Zubietan. Baita Aurtitzen ere.

Ez dira bi, inauterietan joareak joaz ibiltzen diren taldeak, baizik eta hiru. Iturengoak, Zubietakoak eta Aurtizkoak. Eta hiru taldeek badituzte zenbait desberdintasun. Joareak jotzeko modua desberdina da. Ituren eta Zubietan pausu bera ibiltzen dute. Aurtitzen aldiz, oso nabarmena ez den arren, modu desberdinean egiten dute. Erropei dagokionez, Zubietako taldeak, alkondara zuria du soinean, eta gainontzeko bi taldeek ardi-larrua jartzen dute gorputzaren goiko aldea estaltzeko. Talde guztietan ote dago hartza? Ez. Ituren eta Aurtitzen bada hartza, baina ez Zubietan.

Urtarrilak 25, igande eguerdia: Ituren. Jabier Bereau.

Igande goizean abiatu nintzen Ituren aldera. Bortzirietan barrena behelainoa nagusi, Malerrekan sartu eta gosariko tertulian murgilduta zeudela iritsi nintzen herriko ostatura. Jai giroak betetzen zuen taberna: erretiratu gabekoak, esnatu berriak, lo gutxi egindakoak...

Bertan, Jabier Bereaurekin elkartu nintzen. Jabier, duela bi urte elkarrizketatu nuen Iturenen, Besta Berri egunez bertako soka-dantza edo dantza-luzia grabatzera joan nintzenean. Oraingo grabaziorako ere berarekin jarri nintzen kontaktuan, inauteriaren nondik norakoen berri jakiteko.

2015-01-25_01-Ituren-joaldunak_Naiara-Martin_5595

Hain giro atseginean, kafe bat hartu, Jabierrekin pixkat hitz egin eta lasai-lasai, eguerdiko 12:30ak inguruan joaldunak janzten hasi ziren. Abarkak lehenik, larruak, joareak... errituala. Nagusiak janzten zihoazen heinean, inguruan zenbait ume ikusi zitezkeen nagusiak moduan jantzirik. Joare txiki, larru txiki, tunturro txiki... nagusien antzera, gero haien atzetik ibiltzeko, haiengatik ikasten.

2015-01-25_01-Ituren-joaldunak_Naiara-Martin_5434

Joaldun guztiak jantzi ondoren, ostatuan bertan ematen dute lehen buelta. Gertukoa sentitzen da lehen buelta hori, gutxi batzuentzat emana balitz bezala. Eta berezia da han barruan sortzen den hotsa.

Eguerdiko ordubatak jota, joareen erritmoari jarraituz eta eguzkiari protagonismoa kentzeko asmoz irtetzen dira ostatutik joaldunak, txukun, dotore, herrian zehar puskak biltzeko. Bi ilara osatzen dituzte, nagusiak lehenik, txikiak ondoren. Eta hauen atzean, puskak biltzen, otarra eskuan joango diren herriko bi gazte, euren erritmo propioan, herritarrek emandako puskak eramango dituzte. Baita musika taldea (trikitia, panderoa, bonboa, txirula) ere.

2015-01-25_01-Ituren-joaldunak_Naiara-Martin_5585

Desfileari hasiera eman aurretik, frontoian hainbat buelta ematen dituzte, ondoren Lasaga auzora abiatzeko. Bidean, paisaia zoragarria da. Egun eguzkitsua izan zen igandekoa, mendi gainak elurtuak ikus zitezkeen. Lasagako geldialdiaren aurretik, bada malda gogor bat. Eta hara, joaldunak fin-fin, erritmoa moteldu gabe maldan gora! Hori sasoia, joaldunena! Eginiko esfortzua eta gero, merezitako ardo edalontzia dute zain. Indarberritu eta tertuliatxoaren ostean, berriro ere Iturengo norantzan abiatzen dira, oraingoan, herriaren mutur batera joan arte (Aurtitzekin muga egiten duena).

2015-01-25_01-Ituren-joaldunak_Naiara-Martin_5504

Iturengo mugara iritsi eta berriro ere plazara bueltatzen dira. Bertan beste geldialditxo bat egin eta herri hasierara joateko, muga egiten duen beste muturrean. Baina herriaren ertzetik ertzera joanda, bada nekea, egarria, gosea (!), eta tartean beste ostatu batean ere pixkatean arnas hartzeko tartea dute. Bitartean, mozorro gutxi batzuk ikus zitezkeen kalean.

Ordubetez aritu ziren herriari bueltak emanaz. Ondoren, elkarrekin bazkaltzera joateko hitzordua zuten.

Urtarrilak 25, igande iluntzea: Aurtitz. Ibai Berregi.

Baina eguna ez zen amaitu. Goiz-eguerdi parteko grabazioa izan behar zuena, luzatu egin zen. Goizean, Iturengo joaldunak janzten ari zirela, Aurtizko bi joaldun ezagutu nituen. Haiek kontatu zidaten, igande iluntzean puskak biltzen ateratzeko ohitura zutela, kalez jantzita, gerrian larruak eta joareak jantzirik. Horrela, planak aldatu eta iluntzean Aurtitzera hurbildu nintzen. Bertako ostatura gerturatu eta han ari ziren jai giroan, joaldun ateratzekoak zirenak. Pixkatean zain egon ondoren, herriko elkartera hurbiltzen hasi ziren larru eta joareak janzteko. Barrura sartu eta musikaz animatutako elkarte zabalean hasi ziren janzten zenbait herritarrek laguntzen zietela.

2015-01-25_02-Aurtitz-joaldunak_Naiara-Martin_5667

Atondu eta elkarte kanpoan prest zirenean abiatu ziren Aurtitzeko kale ilunetan barrena. Herrian zehar dauden farolen argia lagun, konkon-konkon hotsa nagusitu zen herrian. Joaldun helduak zein txikiak. Denak kaleko erropa eta larru eta joareekin. Joaldun taldearen atzetik, musiko talde txikiak jarraitzen zion. Hauei laguntzen, herriko zenbait gazte, puskak biltzen eta puskaaaaaak ohiukatuz. Taldetxo honek, etxez-etxe puskak biltzeko ardura dauka. Etxekoek, gehienetan arrautzak ematen dizkiete, eta hau eskertzeko, gazteek ardo gorri edo beltz tragoxka eskaintzen diete.

2015-01-25_02-Aurtitz-joaldunak_Naiara-Martin_5708

2015-01-25_02-Aurtitz-joaldunak_Naiara-Martin_5691

Astelehen eta astearteetako kalejiretan ez bezala, iluntze honetakoa berezia da oso. Herritarrak ziren ikusle bakarrak. Sortzen den giro goxo eta gertukoa gustatu zitzaidan bereziki. Nola iluntasun hartan joareen hotsak apurtzen duen gaua. Hain sinple, baina nahikoa. Ikusgarria benetan.

Baina hau ere, hasi bezala amaitu zen, elkartean, ordubeteko bueltaren ondoren. Elkarri larruak eta joareak kenduz, baina jai giroan jarraituz. Hurrengo hitzordua, astelehen goizean. Aurtitzen bertan, gosariarekin batera.

Urtarrilak 26, astelehena: Aurtitz. Ibai Berregi.

Astelehenean, igandean baino askoz ere jende gehiago nabari zen inguruetan. Ituren gurutzatu eta zuzenean Aurtitzera gerturatu nintzen. Ituren eta Zubietan bezala, Aurtitzen ere gosaltzeko hitzordua egina zuten. Elkartera sartu eta giro atsegina zen nagusi. Jantzi aurreko gosari eta tertulia tarte hori aprobetxatu nuen Ibai Berregirekin elkarrizketaldi bat izateko. Aurtizko inauterien inguruan mintzatu ginen. Eta nire harridurarako kontatu zidan, inauteriak Aurtitzen ostegunean hasten direla. Orduan ateratzen dira puskak biltzen lehen aldiz.

2015-01-26_Aurtitz-joaldunak_EV_5804

Astelehenean aldiz, goizeko 11:30ak inguruan hasi ziren joaldunak janzten. Igande iluntzean baino joaldun gehiago zeuden. Errituala jarraituz elkar jantzi ziren, baina oraingoan, bezperan ez bezala, erropa, larru eta osagai ia guztiekin. Eta ia guztiekin diot, izan ere, herriari astelehen goizez ematen dioten lehen buelta, tunturro gabe ematen baitute. Beraz, prest, bi ilara osatu eta ekin zioten herriari buelta emateari puska biltzean. Lehen buelta hau, Aurtiztarrek bakarrik egiten dutena, elkartean hasi eta elkartean bertan amaitzen dute, azken bueltak elkarte barruan ematen dituztelarik. 

2015-01-26_Aurtitz-joaldunak_EV_5986

Arnasa hartu, hitzaspertuan deskantsatu ostean, ttuntturroa hartu eta ostera ekiten diote herria igarotzeari. Tartean herriko frontoitik pasatzen dira, eta honek sortzen duen oihartzuna demasekoa da. Hau bai joare hotsa!

Baina zuzenekoetan ezin da dena kontrolatu, eta herrian zehar zebizela, Ibai Beregiren joareetako baten izmia apurtu zen. Formula 1eko auto ingenieriek egiten duten bezala, hura, momentuan konpondu beharra zegoen, azkar, baina ongi, gainontzeko taldekideak gehiegi urrundu aurretik. Horrela, joare barruan dagoen behi edo zezenaren hezur zatia ordezkatu beharra zegoen. Zinta apur bat hemendik, eta trebetasun pixkat handik, izmi berria jartzea lortu zuten eta beraz, Ibai gainontzeko joaldunei batu zitzaion.

2015-01-26_Aurtitz-joaldunak_EV_5991

Joaldun guztiak berriro ere prest direla herriaren ertzeraino hurbiltzen dira eta errepide alboan, Zubietako joaldunen zain egoten dira. Momentu honetan zubietarrek euren erritmoa aldatzen dute eta besteen joare kolpe modura egokitzen dira. Zubietarrak jaso ostean, berriro ere herriari buelta ematen diote bi taldeek elkarrekin. Aurtiztarrak lehenik, eta Zubietarrak ondotik. Hemen, eguerdi partea iristen den heinean hasten dira herrian zehar lehen mozorroak agertzen. Haiek ere herrian gora eta behera ibiltzen dira, inguruko herritarrak edota bisitariak beldurtu eta zirikatuz. Joaldunak aldiz, eurenean jarraitzen dute, eta goiz osoan zehar joareak atzera eta aurrera ibili direnez, eta nekea xamurtzeko, salda bero-beroa dute zain ibilbidea amaitu eta Aurtizko elkartera iritsen direnerako.

2015-01-26_Aurtitz-joaldunak_EV_6047

Tripa berotu eta bete ondoren, Aurtizko eta Zubietako joaldunak, bata bestearen atzetik, aurtiztarren joare erritmoa eramanaz. Iturenera bidea hartzen dute bertan Iturengo joaldun taldearekin bat egiteko. Momentu horretan ere, hiru taldeak elkartzen direnean, guztiak, Iturenen daudenez, Iturengoen joare erritmoa eta pausua jarraitzen dute. Eta denek elkarrekin herrian barrean ibiltzen dira.

Tartean hara-honakoak, solasaldiak, salda (berriro), mozorroak Iturengo plazan, joaldunen izerdiak. Eta berriro ere, ibilbidearen amaiera. Baina hemen pausa bat egingo dut, eta momentu berezi bat nabarmentzea gustatuko litzaidake. Joaldunen joan-etorriak, Iturengo herriko mugan amaitzen dira. Bertan, Iturengo joaldunek, aurtiztar eta zubietarrak mugaraino lagundu eta elkar agurtzen dituzte. 

Ez da inolaz ere momentu deigarriena, ia ikuslerik ez da inguruan, eta noski, prentsa grafikoak ere apenas du interesik momentu honengan. Kameralari gehienak, Aurtitz eta Ituren artean dagoen zubian egon ohi dira zain, zeinek argazki politagoa aterako. Baina desfilea amaitzear dagoela, prentsa gehienak ihes egin duenean, bada xarma berezia duen despedida momentua. Elkar agurtzen diren une hori. 

2015-01-26_Aurtitz-joaldunak_EV_6164

Urtarrilak 27, asteartea: Zubieta. Periko Santesteban.

Asteartea euritsu esnatu da. Ituren eta Aurtizko joaldunek eskertuko dute freskotasun horri aurre egiteko gorputz gaineko larrua, Zubietarrek eramaten ez dutena, alkondara txuria bakarrik baitute soinean. Asteartez ere, gosaltzen zeudela iritsi nintzen eta Periko Santesteban agurtu eta egunaren nondik norakoak azaldu zizkidan. Hemen ere, Ituren eta Aurtitzen bezala, egunekoak berdintsu joaten dira. Festan parte hartuko duten guztiek elkarrekin gosaltzen dute eta amaitu ondoren, joaldunak janzten hasten dira. Tarte honetan Periko Santestebanekin hitz egin eta elkarrizketatzeko aukera izan nuen. 

2015-01-27_Zubieta-joaldunak_EV_6296

Hemen ere, lehenik zubietarrek buelta ematen diote herriari eta ondoren herriaren mugaraino gerturatzen dira Aurtitz eta Iturenetik datozen joaldunei harrera egiteko. Eta astelehenean Iturenen egin bezala, hiru joaldun taldeak elkartu eta denok batera Zubietako kaleak zeharkatzen dituzte. Herri hasieran dagoen zubia gurutzatu eta aldapa makala dute egiteko joaldunek! Erritmoari eusten diote arnasestuka, baina ibilbide polita da Zubieta barruan egiten dutena. 

Egindako esfortzuaren ordainetan, Zubietako ostatuan ere salda bero beroa dute zain, eta bertan tertulian egoteko parada dute. Hala ere, tartetxo honek ere badu amaiera eta joaldun taldeak herri mugara hurbildu eta hemen ere, Zubietako joaldunak, Aurtiztar eta Iturendarrak agurtzen dituzte. Baina, Zubietarrek herrira bueltatu beharra dute azken bueltatxoa emateko. Amaiera, herriko plazan dute, baina bitxia gertatzen dada Zubietako joaldunek egiten dituzten azken bi bueltak korrika egiten dituztela ikustea. 

2015-01-27_Zubieta-joaldunak_EV_6307

Hemen azaldutakoez gain, badira aipatu ez ditudan beste mila kontu noski. Hona, interesgarri, bitxi edota arrazoi bat edo bestegatik deigarri egin zaizkidanak ekarri ditut. Noski, festa hau bizitzeko modu politena, bertara hurbildu eta disfrutatzea da. Festa handia da inauteria Ituren, Zubieta eta Aurtizko herritarrentzat. Ibai Berregik esan bezala, urte osoa ematen dute jai honen esperoan.

Dokumentuaren akzioak

2015/05/26 18:40
Oso erreportai polita, Eire. Eta ohikotik gaindi. Eskerrik asko. Lan ederra hartu duzu!!
2015/05/27 10:34
Eskerrik asko Patxi! Niretzako berriak ziren zenbait kontu konpartitu nahi izan ditut.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eire Vila

Eire Vila

Elgoibarko dantzaria Haritz dantza taldean. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan ere aritzen naiz. Dantzan ez banago, kamara eskuan daukadalako da.

@eirevila


Babestu dantzan.com