Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Iruñeko Orfeoiaren 150. urteurrena ospatu genuen irailean

Dokumentuaren akzioak

Iruñeko Orfeoiaren 150. urteurrena ospatu genuen irailean

1949. urtean Iruñeko udalak bere dantza talde propioa osatzea erabaki zuenean, Iruñeko Orfeoiari eman zion, hasiera hartan, dantza taldearen kudeaketaren ardura. Horrek ekarri zuen, lehen dantzari haietako zenbaitzuk Orfeoiko kantari ere izatea eta bi erakundeen arteko harremana estua izatea, hasmenta hartan. Izan ere, 1951. urtean sortutako Duguna ikusgarrian -ordutik taldeari izena eman digun, eta Euskal Herriko antzoki nagusienak kurritu zituen hortan-, Iruñeko dantzariok eta Orfeoiak parte hartu genuen eskuz-esku.

Iruñeko Orfeoia 1865. urtean sortu zuten eta beraz, iaz, 150. urteurrena ospatu zuten. Haien ospakizunetan parte hartzeko gonbitea luzatu zigutenean, beraz, nola ukatu, kasik gure sortzea ere ospatzea zenean? Gurean ere hartu genituen, ikuskizuna prestatzeko entsaioetan!

20150921_201752

Azken urteotan, Iruñeko talde artistiko nagusi zenbaitzuk urteurrena ospatu dute: Erraldoi eta kilikien konpartsak, Pamplonesa musika bandak… eta denek formato antzekoa hautatu dute ospakizunerako: hiriko gainontzeko taldeekin batera atondutako ikusgarria. Orfeoiak ere bide beretik jo zuen eta aurrekoetan bezala, parte hartzea tokatu zitzaigun; gogotik, bistan dena. Irailaren 26an izan zen, Sanfermin txikiko larunbatean. Bertan zeuden, besteetan bezala, udal txistulariak - Eiande Aranburu eta Beñat Lopez tartean-, gaiteroak, Pamplonesa musika banda, Erraldoien konpartsa eta gu. 

Protagonista Orfeoia zelarik, musika-kalitate handiko ikuskizuna prestatu zuten. Gure eginbeharra zenbait obratan dantzatzea baino ez zen izan, baina hala ere, komeriak, ez baita errexa koro oso batek dantzatzeko beharrezkoa den tenpoari eustea. Hala ere, eginahala estimatzen diogu Igor Ijurra zuzendariari eta kantari guztiei.

_K6E7277

Hasteko, Agurra dantzatu zuten Itziar Perez eta Mikel Tristanek. Itziar-ek gaur egun -ere- ohikoa den jantzi zuri eta gorriarekin eta Mikel-ek 1865. urtea irudikatu nahi zuen frak-arekin, pajarita, txistera eta guzti.  Ondotik, Jaurrietako Axuri-beltza-ren Lorenzo Ondarraren moldaketa dantzatu genuen, baita Baztango mutil-dantzen tankera duen Jon Oñatibiaren Aunitz Urtez obra ere.  Azkenik, Jesus Guridiren Eusko Irudiak interpretatu zuten elkarrekin Pamplonesa musika bandak eta Iruñeko Orfeoiak. Euskal melodía ezagunen nahasketa majistrala da obra hori, tartean dantzen doinuak daudelarik. Hor ere jarri genuen geure aletxoa. Amaia Irigoien eta Leire Lezak Gipuzkoako ezpata-dantza erritmoak dantzatu zituzten eta mutilek Durangaldeko Dantzari-Dantzaren zati batzuk ere. Emaitza balekotzat emanen dugu.

6W3A7775

6W3A7952

Balio dezatela lerro hauek, berriz ere, gure taldearen ibilbidean horren garrantzitsu izan den Iruñeko Orfeoia zoriontzeko! Eta Jon Oñatibiaren obrak zioen bezala: Aunitz Urtez!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.