Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak 2016ko Sanferminen kronika

Dokumentuaren akzioak

2016ko Sanferminen kronika

2016ko Sanferminen kronika

Argazkia: Maite H. Mateo

Opor garaian gaude, baina hain zuzen horregatik zorretan ditugun lanak berdindu nahiko genituzke, berandu baino lehen. Hartara, memoriak oraindik gehiago huts egin baino lehen, hor doa aurtengo Sanferminetako gure lanen kronika. 

Hamaiketakoa txupinazioaren aurretik izaten denez, eta gure Sanferminak mahaiaren inguruan hasi baziren ere, zapi gorria lepo inguruan lotu ondorenekoei soilik erreparatuko diegu. Hartara, Sanferminetan lan egiten lehenak gure taldeko txistulariak izan ziren, suziriak zapart egin eta berehala, La Pamplonesa musika banda eta beste hainbat txistularirekin batera Gainza-ren biribilketa jo baitzuten udaletxearen atarian.

Gainza
Ezkerretik eskuinera: Aitor Huarte, Veronica Ferreira, Aritz Ibañez, Ainara Ibañez, Iñaki Sagardoi, Julen Fagoaga eta Migel Fagoaga. Eiande Aranburu eta Beñat Lopez falta dira argazkian

Txistua ahotik atera gabe kasik, dantzariz janztera eta soinu probak egitera sakabanatu ziren batzu eta besteak. Izan ere, Foruen plazako ohiko emanaldia genuen 13:30etan eta dantzatzeaz gain aurten guri zegokigun musika jartzeko erantzunkizuna. Elziegoko dantzak programaren parte baziren ere, guk Luzaideko dantzetan jarri genuen indarra, neskak eta mutilak bolante, gorri, zapur, zigante eta makilari lanetan tartekatuz. Aspaldiko partez makilaria plazaratu genuen, Anhauzeko Zaldubidetarrekin trebatu ondotik. Julen Fagoagari egokitu zitzaion maila zerutik biltzeko ardura, bai bildu ere! Urraska, poliki-poliki, egin genion aurre Sanfermienatako lehen mandatuari eta eki gorriari.

Foruen plazako emanaldia 2016 -1  

Foruen plazako emanaldia 2016 -2

Foruen plazako emanaldia 2016 -3

Horretan fini uztailaren 6ko dantzak. Dantzariz jantzitakoak behintzat.

Biharamuenan, gehien-gehienak formal-formal agertu ziren entzierroaren ondoko udaletxeko zitara. Arropaz aldatu eta 9:45etan prest ginen, usaia den gisan, prozesioan parte hartzeko. Ohi baino luzeago egin zitzaigun paseoa. Izan ere, gogoan dugun beranduen bukatu zen segizioa, ibilbide osoan zehar onddoak bailiran sortu ziren hamarnaka jota kantari(txar)en erruz. Tira...

Hasier Morenok egin zituen aurtengoan, prozesioako buruzagi lanak
Hasier Morenok egin zituen aurtengoan, prozesioako buruzagi lanak

Prozesioaren ondotik, besterik ezean -momentuz-, hango eta hemengo dantzak egiten jarraitzen dugu. Honakoan Durangaldeko dantzari-dantza eta erregelak egin genituen, dantzarien generoari dagokionez bereizketarik egin gabe. 

2016-07-07-1

2016-07-07-2

2016-07-07-3

Siesta goxoa egiteko eguna izaten da uztailaren 7koa. Lo egitekoa kasik. Horregatik aurpegi onez elkartu ginen hainbat lagun, biharamunean erraldoi eta kilikien konpartsak egin zigun agurrera. Jateko eta edateko freskoak  eskaini genizkien eta haiek guri balts eder bat. Esker mila, beraz!

Erraldoiak Dugunan

Hango eta hemengo bisitariak etortzen zaizkigu urtero Sanferminetan: Eibartarrak, Elgoibartarrak, Añorgatarrak, Baigorriarrak, Callús-ekoak, ikasketetan edo lanean ezagututakoak... hamaika. Baina aurtengoan bisitari bereziak izan ditugu. Uztailaren 10ean Iruñeratu ziren Boiseko dantzariak, Euskal Herritik egin duten itzuliaren barne. Ortzadar-eko lagunekin batera egin genien harrera eta programa konpletoa izan zuten. Goizean jauziaren bestan parte hartu zuten eta arratsaldea berriz, emanaldia Sanjose plazan. Ederki berotu zuten Iruñeko publikoa haien gogo eta manera ederrekin. Biba Oinkariko dantzariak!

Boiseko Oinkarikoak Iruñean 2

Boiseko Oinkarikoak Iruñean

Euskal-amerikarrekin Sanfermin giroa pixka bat dastatu eta autobusera lagundu genituen. Eta gu ere erretiratu, biharamunean ere lana genuen-eta! Sanferminek etxeko txikienei eskainitako eguna izaten dute eta uztailaren 11an tokatu zen aurtengoa. Iruñeko dantza talde txikiek kalejira kaotiko samarra izaten dute eta ondotik, emanalditxoa uztaileko eguerditan Iruñeko Gazteluko plaza izaten den labean. Kasik inertziaz parte hartzen dugu egun horretan eta agian honi ere bueltatxo bat eman beharko diogu heldu den urterako!

Fricasse duguna

Fandangoa txikiek Sanferminetan

Eta konturatzerako, uztailak 14. Entzierroaren hesiak jada kenduta zeudenean elkartu ginen udaletxean, uztailaren 7an egin bezala. Aurpegiak luze, ez dakigu penaren edo nekearen eraginez. Zortziurrenaren bideari ekin genion. Uztailaren 14koa oso erosoa izaten da. Sanlorenzoko elizara hurbildu, hamaiketakoa hartu eta buelta. Hala egin eta azken lanei ekin genien ondotik, lepo betea zen udal plazan. Taldeko neskek Domingera dantzatu zuten erraldoi eta kilikiekin batera.

Domingera 2016 - 1

Domingera 2016 - 2
Argazkia: Javier Bergasa

Geroxeago Lizarrako Larrain-dantza dantzatu genuen Iruñeko-gaiteroen esanetara.

Larrain-dantza 2016

Dantzaz beteriko 9 egunen ondotik, goiburuko argazkiak agertzen duen gisan, belauna plegaturik bukatu genituen bestak. Baina dagoeneko heldu den urtekoen zain gaude!

Bitartean, pasa opor on!!!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.