Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Handitzen, handitzen

Dokumentuaren akzioak

Handitzen, handitzen

Handitzen, handitzen

Dantzarien segizioa, erraldoi eta guzti Igartzara iristen

Joan den irailaren 13an, jendetsu hasi zen gure urteroko ezpaten juntadizoa plazan, Beasaingo kirol elkarteak futbolaren festa baitzuen antolatua bertan. Elkarrekin nola moldatu asmatu bagenuen ere, belarriak zorroztu behar izan genituen hamabietan punttuan erlojuaren kanpaikadak entzuteko. Hori bai, dantza saioa alfonbra berdearen gainean hasi genuen.

 

Eguraldia lagun, inoiz baino dantzari kofradiakide gehiago abiatu ginen plazan behera. 72 dantzariko taldea osatuz, justu-justuan sartu ginen plazan lehen zubiak egiteko moduan. Horrelako ilara luzea osatuta, neurri-neurrian bete genituen gero Igartzako zubia eta bi ibai bazterrak ere.

Atzetik izan genituen segizioan erraldoiak, urratsak dotore eraman eta beren zubiak ere eginaz. Areatzatik etorri ziren txistularia, inudea eta Maialen eta Bartolo dantzariak. Iruñeako Donibanetik Otsagiko boboa, Luzaideko bolanta, Zubietako joalduna eta Zuberoako Kantiniersa, Haizaldi gaitero taldearen laguntzarekin. Eta guztien buru, Beasaingo Jone, San Joan Esku-dantzako neskatxa dantzaria eta Mattin, Igartzako ezpata-dantzaria.

 

Taldearen gidari izan genuen Joseba Juarez, zaldikoa Xabier Ruiz de Azua, Loinazko ezpata txikiekin Mikel Etxezarreta eta Eneko Huizi aritu ziren, eta kapitainak izan ziren Nerea Alustiza, Garaitz Velez eta Uxue eta Mikel Sarriegi aita-alabak.

 Igartzako zubian oso modu ikusgarrian dantzatu zuen gurekin ibaibazterrekoa Mattin erraldoiak, eta bukaeran, erraldoi guztiek beren dantzak burutu ondoren, hunkigarria gertatu zen Mattin berak burdinola aurrean eskaini zigun ezpata-dantza.

 

Horrenbeste meritu egin ondoren, bazkalondoan izendatu genituen ohorezko kofradiakide, bai Mattin erraldoia bera, nola Patxi Laborda laguna, Mattinen dantza-maisua eta arima izan zena egun horretan. Bazkariaren ardura aurtengoan Iker Markinez eta Jon Aierbe sukaldarien eskuetan egon zen.

 

Ohikoa denez, erromeria politarekin amaitu genuen eguna Aiko taldea tarteko.

  • Hona hemen argazki gehiago, Iñaki Erauskinek ateratakoak.
  • Bideo osoa hemen ikusi daiteke, behin-behinekoa.

Beste bideo zati batzuk:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com