Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gari Otamendi Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean?

Dokumentuaren akzioak

Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean?

2006/11/08 09:01

Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean? Dantza talde bat...

Etengabeko krisia bizi omen du dantzak. Eskasia gorria. Bada, ordea, sobera dugun zerbait; dantza taldeak, alegia. Bizpahiru milioi biztanle inguruko herri batean, ziento batzuk gorabehera, laurehun dantza  talde baldin baditugu eta talde bakoitzean berrogeita hamar kide baldin badaude –haurren dantza eskola edo taldea kontuan hartu gabe-, hogei mila dantzari! Harrapazank.

Ezin esan bada, delako euskal dantzak osasun exkaxa duenik. Kuantitatiboki ez, behintzat. Aspaldi luze honetan, baina, badut errezeloa energia gehiegi alferrik xahutzen ari ez ote den. Taldeak galga lana egiten du dantzaren inguruan interes eta gogo handia duenarentzat. Aspektu horri erreparatuta interesgarria iruditzen zait maila erdi-profesionalean funtzionatzen duten taldexkak agertu izana (dantzaria eta profesionala, gure esparruan, kimera bat da).

Kartutxoak aldez aurretik erretzen ari gara: instituzioa mantentzeagatik borondate handia, baina formaziorik ez duten gazteak ari dira irakasle lanetan (ezin ukatu, esaterako, haurren dantza klase asko haurtzaindegi zerbitzutzat hartzen direla, horrek esan nahi duen guztiarekin); errepertorioa zeharo erreta dagoela dirudi (nahiz eta luzerako ematen duen gaia izan); baita emanaldietarako zirkuitua; eta abar luze bat.

Taldearen izaera korporatibista zeharo markatzen duen adibide garbia taldea uztea da. Erabaki transzendentala, askotan ikusi izan dudanaren arabera. Bai ote? Demonio, ez al dugu bada, nahi dugulako dantzatzen?... Zer esanik ez beste ikuspuntu, apeta, iritzi edo dena delakoagatik, beste talde batera joaten bada dantzaria. Traizioa!

Borondate ona eta giza kalitatea nahi adina dago dantza taldetan, zalantzarik gabe. Ezin gara, ordea, itsuak izan: hutsune ugari dugu.

Ez naiz eruditua. Aitzitik, blog hau abian jarri eta nire burutazioak idazteko buru arina izan dut –ignorantziaren gailurra!-. Esan ere, ez naiz ezer berririk esaten ari: dagoen potentziala ez garatzeak kezkatzen nau. Izan ere, askotan, bada zenbait une, non aurrerapenik ez egitea atzerako pausu itzela den.

Dokumentuaren akzioak

aritz
2006/11/08 10:03
Erabat ados Gari,

Badirudi dantza taldea ikutu-ezinezko instituzioa dela, beneratu beharrekoa ia. Eta horrek besteak gorrotatzera eramten gaitu tamalez (ze rollo txarrak dantza taldeen artean,... ia gaitarien arteko liskarren tamainakoak).

Taldeak galga lana egiten du dantzaren inguruan interes eta gogo handia duenarentzat.

Nik ere horri erreparatu diot azkenaldian. Dantzaren eta folklorearen inguruan interes handia duenak taldea utzi egiten du azkenean (hori gertatu izan da nire inguruan, behintzat). Askotan gertatzen da pertsona horien iritzia eta batere interesik ez duenarena berdin balio dutela. Hain gara asanblearistak,... Dantza taldea ez da horientzat lan esparru egokia, dirudienez. Eta pena da hori, hortik baitator besteak beste folklore adituen eta dantza taldeen artean dagoen amildegiaren arrazoia.

Aspektu horri erreparatuta interesgarria iruditzen zait maila erdi-profesionalean funtzionatzen duten taldexkak agertu izana.

Interesgarriak dira bai, baina are gehiago interesatzen zaizkit niri, dantzaren eta folklorearen inguruan "gutxieneko" interes eta ezagutza duten pertsonek gidatutako dantza talde "ohikoak".
oier
2006/11/08 10:27
Gogoeta mamitsuak Arrabita!
Nire ustez taldeak gure asmoak gauzatzeko euskarri bat dira. Eta funtzio hori betetzeko balio diguten heinean dira garrantzitsuak. Baina taldeak ez dira muga izan behar. Zenbaitetan gertatzen da ahaztu egiten dela zein zen taldearen funtzioa eta taldearen beraren biziraupena bihurtzen dela helburu nagusia. Uste dut dantza tradizionalaren munduan taldearen eredu zurrunegia erabiltzen dugula. Aipatzen dituzun talde txiki erdi-profesional horien sorrera ere interesgarria dela iruditzen zait, baina hala ere oraindik malgutasunaren bidean urrats batzuk gehiago egiteko ditugu. Begira antzerkiaren mundura adibidez. Antzerki talde (profesionalak) ez dira talde itxi eta zurrunak. Zuzendaritza eta logistika taldea da finkoa, eta ondoren gainontzeko elementua obra bakoitzaren arabera biltzen dira.

Orain 4 urte gai honen inguruan aritu ginen dantzan posta zerrendan eta ondorio sorta bat laburbildu nuen hemen.

Ondo segi, oier.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gari Otamendi

Gari Otamendi

Añorga, 1980

Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean. 

Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.