Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Iruñeko Baltasar: korapilatutako mataza

Dokumentuaren akzioak

Iruñeko Baltasar: korapilatutako mataza

Azken egunotan nire burua ere aspertu dut Baltasarren belztasunaren inguruko eztabaidetan parte hartzen. Baina zer galdu zait niri eztabaida horietan? Ba aizue, ezin sahiestu! Alta, sare sozialetan zaila da batek pentsatzen duena nahi bezala garatzea. Beraz, gogoeta hau terapia gisa erabiltzea erabaki dut, ia Baltasarrek bere esku beltzetatik askatzen nauen.

Baltasarren belztasunari buruzko ika-mika gero eta beroago dago Iruñean. Iruindarren parte esanguratsu batek eta baita udalak ere, Baltasar beltzaren aldeko hautua egin dute. Dirudienez, erregeen kabalgata antolatzen duen elkarteak entzungor eginen du. Iruñeko erregeen kabalgata kiribildutako artile mataza da gero eta gehiago, korapilatutako hainbat hari-mutur dituena.

Fernando LizaurLehenengo hari-muturra, Fernando Lizaur: Iruñeko erregeen kabalgataren elkarteko presidentea. Azken 30 bat urte hauetan berak egin du Baltasarrena, azken erregearen papera transferiezina bilakatuz. Esan bezala, bere jarrera horrek iruindarren kopuru handia haserretua du aspaldixko. Lizaur temati eta harroxkoa bere postutik kentzeko zenbait amarru ere egon dira, tartean Baltasarrena egiteko pertsona beltz bat proposatzearena. Badakit zerbait hortaz, izan ere, oraindik gaiari buruzko gogoetarik egin gabetan, kabalgataren elkarteko bazkide izan bainintzen urte batez, afera honetan Lizaurren kontra egiteko korrontetxo batek eramanik. Honekin ez dut esan nahi Baltasar beltzaren aldeko mugimendu guztia Lizaur kanporatzeko estrategia hutsa denik, baina bai, esan bezala, bi hari-muturrak (Lizaurren egoskorkeria eta pertsona beltzen eskubideak - eta hor bigarren hari-muturra-) korapilatuta daudela. Gogoratzea merezi du, bestetik, Lizaurrek Baltasarrena egin duen bitartean inork (ez beltz, ez zuri, ez gizon, ez emakume) ezin izan duela paper hori jokatu.

Beraz bigarren hari txirikordatua, pertsona beltzen eskubideak. Afrikatik datozen lagunen integraziorako erregeen kabalgatan parte-hartzea urrats onuragarria izan daiteke, ados. Baina ez baditugu eskubideak azalaren kolorearen arabera mugatu nahi -bestela esanda, ez badugu arrazakerian erori nahi-, Baltasarrena ezezik, Meltxor, Gaspar -edo Olentzerorena- egiteko eskubidea aitortu beharko genieke pertsona beltzei -gizon zein emakume-. Bestela, tradizioak omen dioena -Baltasar beltza dela, alegia- pertsonen eskubideen gainetik jartzen ariko ginateke. Niri aldrebeskeria iruditzen zait.

Baltasar eta ume bat, IruñeanHirugarren hari-muturra folklorearen infantilizazioa. Izan ere, polemika honetan argudio nagusietako bat - nagusia ez bada- izaten ari da haurrek benetazko Baltasar beltz bat merezi dutela, ez direla inozoak. Baltasar belztuak tindua galtzen duela eta umeak hortaz konturatzen direla eta horrek ilusioa zapuzten diela. Baltasarrek beltz izan behar du nire umearendako, eta kitto! Haur folklorearen ezaugarrietako bat engainua edo ziria da. Iragaite errito batean bezala, engainu hortaz jabetzen denean, uzten dio umeak ume izateari, nolabait. Errealitatearen eta ziriaren arteko borroka ezinezko hori da benetan haurrei zirrara eragiten diena. Sinisten dute -sinistu behar duten momentura arte- baltasar belztuan, hortza erortzen zaienean xagu batek oparitxoa ekarriko diela sinisten duten bezala. Gainontzekoak gurasoen istorioak ez ote diren...

Folklorearekin ari garelarik, eta laugarren hari-muturra jarriko dugu mahai gainean- ulertu behar dugu gure festa eta errito asko metaforen gainean daudela eraikiak, ez direla literalak. Xiberoko maskaradetako buhameak ez dira benetazko buhame, Antzuolako mairua ez da benetazko mairua eta Iturengo inauterietako hartzak ardi larru eta adarrak ditu. Irudikapenak dira, errealitatearen planotik at daudenak. Beltzaran -edo belztu- gehiago ditugu gure inguruan: Olentzero bera, Mairua, Kauterak... eta urrutixeago hainbat Morris Inglaterran, San Nikolasen laguntzaile Pedro-beltxa Herbeheretan... Baina ez dira literalki beltzak. Eta literalki hartzerakoan arrisku bat bada: beltza beltz, zuria zuri, gizona gizon... eta emakumea? Nire ustez ez genuke irainik edo mespretxurik ikusi behar belztutako Baltasarrean. Mozorro bat baino ez da!

Beraz, Iruñeko hiru erregeen matazan korapilo ederra dugu sortua eta behintzat lau hari-mutur ditugu erabat katramilatuak. Korapiloa modu egokian askatzeko hari ezberdinak identifikatu behar ditugu lehenbizi eta pazientziaz aritu.

Errege mago neskak

Erregeen koloreari buruzko eztabaida dugu gaur mahai-gainean. Uste baino lehenago -zenbait tokitan ari dira jada-, emakumeen parte-hartzearena ere etorriko zaigu, normala denez. Berriz diot: erregeek benetazkotasuna errespetatu behar badute -gure umeen ilusiorako eskubidearen edo literalidadearen izenean- nola sartuko ditugu emakumeak? XXI. mendean Baltasar belztua anakronikoa dela irakurtzen ari naiz han eta hemen egunotan. Baina Baltasarrena bakarrik egin dezakeen beltzarena ere ez al da anakronikoa? Aurreratu gaitezen eta zabaldu dezagun meloia guztiz, eguneratu dezagun tradizioa baina ez erdizka eta gaizki. Izan daitezela pertsona beltzak -edo marroiak, horiak...- Baltasar edo Meltxor. Izan daitezela emakumeak Gaspar eta Olentzero!

Badirudi Iruñeko udalak erregeen kabalgateren antolaketari dagozkionak berraztertuko dituela 2017. urteari begira. Gaurtik dute gaiari patsadaz, baina irekitasunez heltzeko aukera (eta ardura).

Erlazionatutako elementuak
Baltasarren dilema: beltza ala belztua?

Dokumentuaren akzioak

2016/01/05 15:43
Hiru Errege datoz
Kale Nagusitik,
tripa ardoz beteta,
ezin egon zutik;
Meltxorrek heltzen dio
Gasparri besotik,
ez muturrez aurrera
eroritzeagatik.

Gipuzkoa aldean, antzekoak diren hainbat bertsiotan, XIX. mendearen bukaeraz geroztik zabaldua dagoen bertsoa da hori, Zarauzko moldean.

Hemen bakoitzak dauzkagunez gure bataila txiki edo handiak (parekidetasuna, inmigranteak nola gure ohituretan sartu, infantilizazioari nola aurre egin...), nik ere neurea botako dizuet: "Hiru Errege datoz...", "Erregeak datoz Bretxan barrena...", "Trakatan, trakatan, hiru Errege..."... nekez aurkituko duzue orain, komunikabideak tarteko, hain zabaldua dagoen "Errege Mago" esamoldea.

Niri beti iruditu zait oso esamolde baldarra, "Errege Magoak"; berriki egindako erdarazko itzulpen kaskarra, batere jatorra iruditzen ez zaidana. Seguru asko, horren motiboa izango da ezagutu dudan Erregeen tradizioan beti "Erregeak" edo "Hiru Erregeak" erabili eta entzun izan dudala, bai etxean, bai kalean, eta bai kantu nahiz bertsoetako tradizioan (Erregeak euskaldunak izan diren herrietako tradizioaz ari naiz, Zarautzen, esaterako). Eta Erregeak izan dira guretzat erregaloak ekarri izan dituztenak (hitz joko polita!), besterik ez. Badaezpada esan egingo dut, aurreko esaldia gaizki uler baitaiteke, erregaloak Erregeek edo Olentzerok edo Papa Noelek ekarri, nik horretan ez daukadala problemarik.

Gainera, komunikabideek "Errege Magoak" erabiltze horretan, ikusten dut ustezko "magia" hori nabarmentzeko ahalegin bat, batere gustatzen ez zaidana; ETBk Olentzeroren urteroko anuntzioetan egiten duen moduko zerbait: metaforak diren Olentzero nahiz Erregeen beste alderdiak ezkutatuz, eta "mago" izaera hori neurrigabe goratuz ("Harry Potter"en antzeko irudia ez al dute ematen!).

Noski, ondotxo dakigu denok tradizioa zer den: norberak (edo kolektiboak) bere interesen arabera (ber)interpretatzen duen zerbait, komeni zaizkion alderdiak goratuz, eta gustukoak ez direnak alde batera utziz. Baina, horretan ari garenez, hor utzi dizuet nire erreibindikazioa.

Ondo bukatu Gabon garaia, eta eman ondo-ondo lustrea zapatei, Erregeak datoz-eta!

Xabier Etxabe.
2016/01/05 19:08
Mila esker Xabier! Estimatzen dizut oharra eta ados naiz. Apuntatua!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.