Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Emilio Xabier Dueñas Nesken aurreskuan bukatu zuten 1921eko estropadak

Dokumentuaren akzioak

Nesken aurreskuan bukatu zuten 1921eko estropadak

Nesken aurreskuan bukatu zuten 1921eko estropadak

Santurtzi, 1921.

1921eko irailaren 11n, Abran (Ibaizabal-Nerbioiren ibaien ahoan) jokatu ziren lau estropadaren ostean, beste zazpi traineruren aurka gogor lehiatuta eskuratu zuen garaipena Santurtziko ontziak. Alboan izan zituen Santurtziko eta Bilboko Eskola Nautikoetako ontziak. Estropada hauetara 40.000 eta 50.000 lagun inguru hurbildu omen ziren garaiko egunkarien arabera eta itsasadarraren ertz banatako hondartza eta kaietatik ikusi zuten lehia, Getxo, Santurtzi eta Portugalete herrien paretik.

Ez zen marinel-herri horretako eskifaia batek maila horretako lehiaketa bat irabazten zuen lehen aldia, baina oraingo honetan, garaipena lortzeko grinak giza eta ekonomia baliabideetan inbertsioa eragin zuen, besteak beste, arraunlariak aurreko hiru hilabeteetan entrenamendu gogor eta arduratsuak jasatera eraman zituena... Apustuak merezi izan zuen. Garai hartako Orioko traineru ahaltsu eta ia garaitezina menderatu zuten.

Honenbestez, garaipena festa handi batekin ospatu beharra zegoen. Eta horrela izan zen.

Garai hartan jarduneko alkate zen, eta hurrengo urtean ofizialki alkate izango zen Ildefonso de Arrola (Getxo, 1883) algortarra, erakundeetako zereginekin estuki lotua zena (udalena, foru aldundian, e.a.), ez baitzuen alperrik aita eta anaia bera ere Getxoko alkate izanak, arduratu zen, garaiko prentsaren arabera, ospakizun ekitaldiak antolatzeaz, eta gasturen bat bere poltsikotik ordaindu izana ere gerta zitekeen (bere semearen testigantzaren arabera).

1921 Santurtzi 01

Garaipenaren egun berean, Getxon, Abraren Itsas-elkartean goraipamen eta txalo artean garaikurra, bandera jaso ostean, erromeria ospatu zen herrian. Aurretik, herritar eta agintariek harrera egin zieten traineruan arraunean kaiko arrapalara iritsi ziren arraunlariei. Erromeria gaueko ordu txikietararte luzatu zen. Hemen gogoratu behar dugu, garai haietan, urteko sasoi horretan, dantzaldia beranduenez gaueko 22:00ak eta 23:00ak bitartean bukatzen zela. Gainera, arraunlari gehienak Santurtziko Mamarigakoa izanik, auzo horretako jaiak (Itsasoko Ama Birjinarenak, irailaren 8koak) atzeratu egin ziren iraileko lehen bi asteburuak hartu zituen estropadak ospatzen zirela eta.

Alkatearen emaztea, Asunción Elías (Santurtzi, 1884), herrian 1877 eta 1879 bitartean alkatea izan zen Juan Simón de San Pelayoren biloba zen. Gainera, Simón, pilotu-lemazain (edo (pilotu)-praktiko, portuan ontziak sartu eta portutik ateratzeaz arduratzen zena) izan zen, eta prentsako albisteen arabera, bera izan zen 1834an Karmeneko Ama Birjinaren irudia irlako desertuko Karmeldarren komentutik (Ugarteko Punta, Sestao) Santurtzira lekuz aldatu zuena. 1907an herriko zaindari izendatu zuten Karmeneko Ama Birjina. Asunción arduratu zen jaiak iraun zituen hiru egunetan arraunlarien uniformetzat hartu zen arropa, bularrean Santurtziko ezkutua zeramaten sweter moreak, ehun eta egiteko diru bilketa antolatzeaz. Janzkera praka eta zapata zuriekin osatzen zuten. Honi estropadan irabazitako txapelak eta nork bere izena eta garaipenaren data grabatua zeramaten arraunak gehitu zitzaizkion, eta horixe izan zuten uniforme arraunlariek herriko ospakizunak iraun zuten hiru egunetan.

1921 Santurtzi 02

Ospakizunen zati handiena garaipena lortu eta hurrengo astean egin zen; programaren arabera hainbat ekitaldi aurreikusi ziren, ohikoa baino askoz luzeago aurreikusten zen asteburu luzerako. Ostiralean hasi eta igandera bitartean kontzertu eta erromeriak hainbat udal musika bandaren eskutik. Herrikoaz gain, Barakaldo, Sestao eta Portugaleteko musika bandak gonbidatu zituzten. Azken horrek, gainera, bere herriko gazteria atzetik ekarri zuen biribilketa erritmora. Larunbaterako desfilea antolatu zen, eta bertan garaipen garrantzitsua (eta sufritua, bigarrenarekiko diferentzia ez baitzen lau segundora iritsi) alegorikoki irudikatzen zuen karroza zihoan. Honen ondoan, musikariak eta estropadan parte hartu zuten tripulazioetako kideak. Meza kanpoan, Portugaleteko Udaletxera bisita anaitasun jarrera argiarekin, udaletxearen argiztatzea, herri bazkariak, udaletxean eskainitako oturuntza eta etengabe jaurtitako zuziri eta leherkariek osatu zuten,, ziur aski, udaletxearen diru-kutxak astindu zituen ospakizuna.

Esan daiteke horiek izan zirela, gainetik begiratuta bada ere, parkean egin zen “Aurreskua” bere baitan hartu zuten ospakizunen aurrekariak eta testuingurua. Aurreskua larunbat arratsaldean dantzatzea aurreikusita zegoen, baina ezezagunak zaizkigun arrazoiak medio, igande goizean egin zen. Hori bai, espero izatekoa zen bezala, erromeriaren etenaldi batean.

Filma (eta dantza) honetan ikusi dezakegun lehen kontua protagonistak dira. Alkateak berak kontratatu zuen Bilbon egoitza zuen ekoiztetxe amerikar batek grabatu eta muntatu zuen dokumentalaren aktoreak. Ez dakigu dokumentalaren gastuak Udalak ordaindu zituen (kontu liburuetan ez dira gastuok gainontzeko jaiengatik egindako ordainketekin batera ageri) edo alkateak berak (honen jabetza zuenak) kitatu zituen.

Pelikula originalaren goiburuari esker “Aurreskuko” edo “Ohorezko Aurreskuko” (horrela izendatzen dute garaiko hedabideek eta baita herri mailan ere) parte hartzaileetako batzuen izenak ezagutu ditzakegu. Señoritas izendapenarekin ematen dira beren izenak. Horrela badakigu Juana Aguirre izan zela aurreskulari (aurresku) eta María Fernández atzeskulari (auchesku). Hauekin batera soka osatzen zuten gazteetako batzuk: Elena Goyarzu, María Pagazaurtundua, María Ibarra, edo Torronteguiko, Monasterioko eta García Hormaecheko neskak. Herriko handikien familiekin bat datozen izen eta abizenak hauek, udalerrian XIX. mendearen amaieran jaioak gehienak.

1921: Santurtziko emakumeen aurreskua, arraunlariak
Arraunlari garaileak eta udalerriko ordezkariak-Antolaketa Batzordeko kideak (Artxiboak: García de Iturrospe – “Genitxu”)

Mutilen aldean, berriz, zerrenda ia osoa da. Omenduak, batez ere, arraunlari txapeldunak izan ziren. Ez dakigu hamazazpi kidek osatutako eskifaia osoa (traineru bakoitza 13 arraunlari bultzatu eta patroiak gidatzen dute) bertan ote zegoen. Guztiak herrikoak ziren, eta antolaketa batzordeko zenbait ordezkarirekin batera (udal-batzako kideak aldi berean), honako izenen hurrenkera zuten (argazkirako jarritako orden berean):

  • Lehen lerroan (goian), ezkerretik eskuinera: Valentín Camino, Félix Vela, Antonio Pérez Mujica “Soperón”, José Martín “el chulo”, Juan José Camino “Kanko”, eta Manuel Obregón “Manolo”.

  • Bigarren lerroan, ezkerretik eskuinera: Celso Fernández (estropaden antolaketa batzordeko ordezkaria), Gabino Iriarte, Roque Betolaza, Eusebio Ruiz Urrestizala, Mariano Obregón, Francisco Otamendi “Kiko”, Félix Cabrera, Víctor Camino, Agustín Sollano “Polvorilla” eta Eduardo Martín (brankaria).

  • Eserita: Guillermo Ruiz del Castaño (zinegotzia), Daniel Obregón “Resaca” (patroia) eta Ildefonso de Arrola y Aqueche (jarduneko alkatea eta estropaden antolaketa batzordeko ordezkaria).

Irudian hamazazpigarren partaidea falta da, Federico Martín, aurrean abizen berarekin aipatutako bien anaia, zeintzuek Caminotarrekin batera arraunlarien herena baino gehiago osatzen zuten. Ziur aski, gehienak, arraunlari eta itsas-gizonak izango ziren, izan ere, bi urteren buruan, 1923an, egindako estropaden arautegian baldintza hori betetzen zuten gizonek bakarrik estropadetan parte hartu ahal izango zutela jasotzen baita.

1921 Santurtzi 03

Musikariei dagokienean, irudietan ageri den “danbolinteroa” (txistularia) (Pedro) Joaquín López de Vergara Vidarte (Balmaseda, 1881) da. Anaien artean lehena izan zen Portugaletera aldatzen (bere aita Balmasedako musika bandako zuzendaria izan zen), bertako musika bandan silbotea jo zuen 1907 eta 1909 artean eta ondoren, Ortuellakoan aritu zen 1925 eta 1932 bitartean baxua jotzen. Eskualdean oso ezaguna zen txistulari eta musikari leinua osatu zuten; izan ere Luis, Serafin, José María, Roque eta Jesús anaiek Portugaleteko txistulari bandan eta musika bandan jo zuten urte luzez. Ezagunena Luis izan zen, 1918tik 1957ra bitartean aritu zena.

1921: Santurtziko aemakumeen aurreskua, txistularia eta danbolinderoa
Gregorio Urionabarrenechea (ezkerrean) eta Joaquín López de Vergara (eskuinean) Portugaleteko erromeria batean. (Artxiboa: López de Vergara familia).

Joaquinen ondoan atabala jotzen ageri dena Gregorio Urionabarrenechea (edo Uriona Barrenechea) Mallagaray da (Santurtzi, 1877), Portugaleten horretarako plaza 1902 inguruan izan zuena. Txistulari ere aritzen zen Gregorio, bakarka zein beste batzuk lagunduz, tartean bere aita, Melchor Urionabarrenechea Uztara (Bergara, 1843) hainbat urtetan Santurtzin. Melchorrek, Santurtziko udaleko liburuen arabera, 40 urtetik gora egion zituen lanbide horretan herrian, horietako batzuk Santurtzi bitan banatu aurretik, Antzinako Santurtziko Udala (Santurtzi moduan ezagutua) eta Santurtzi Ortuella (Ortuella). Horri esker biziarteko pentsaio jasotzen zuen.

Gregorio, une horretan, bere anaia Joaquin bezala, Santurtzin bizi zen, eta ziur aski biek izango zuten txistulari plaza (herriko festa eta ospakizun guztietan jotzeko ordaintzen ziren musikariak) bertan, urteko festa egutegiko ospakizunetan joz, eta baita ekitaldi berezietan ere, ospakizun honetan bezala, zorionez, herriaren historiarako ondare moduan geratu den aurresku hau joz.

Nabaria da pelikulari zatiak falta zaizkiola. Ez dakiguna da irudiok hartuak izan ziren, baina zalantzarik gabe, irudion balio historikoa kalitate eta teknizismoen gainetik dago. Argi antzematen da aurreskuaren egitura, eta arreta apur batekinb doinuen konpasak, eta ondorioz, doinuak berak sumatu daitezke.

Hasierako “Desafioari” aurreskulariaren “Kontrapasak” eta bere bikotearen -alkatea izan zuen bikote- aurrean egindako “Banakoak” jarraitzen die. Ondoren atzeskulariak jarraitu zuen zati berdinekin, honen bikotea traineruko patroia izanik. Lehenaren eta azkenaren laguntzaileak soka osatzeko gainontzeko arraunlarien eta gizonezkoen bila doazen bitartean (20 bikotetik gora dago sokan), aurreskulariak eta atzezkulariak beste “Kontrapasa” (?) bat egiten dute, sokan bertan, bigarren desafioa eta azken biribilketarekin amaitu aurretik. Dantza soltea gehigarria edo bukaera da.

Pelikulak beste garai bateko sentsazioak transmititzen dizkigu, eta baita ezagunak eta ezezagunak zaizkigun xehetasunak ere. Batetik, nortzuk izan ziren aurreskua egin zuten neskak, nola egin zuten (neurri batean behintzat) eta zuten gizarte estatusa (altua herri barruan); nortzuk izan ziren omenduak, arraunlariak (behe klasekoak), korporazioa eta bestelako kargudunak, bereziki erakundeetakoak. Bestalde, ez dakigu neskek dantza nola ikasi zuten, ez baitugu herrian jarduera horren inguruko ez ahozko ez idatzizko testigantzarik.

Dena den, erantsi behar dugu, garai hartan, dirudienez, eta idatzitako datuen arabera, aurreskua sokan dantzatzen zela, edo behintzat hori horrela zela dioten albisteak daudela, gertuko datetan, inguruko beste zenbait herritan hala nola Portugalete edo Barakaldon. Interesgarria izango litzateke Santurtziko ekitaldi atsegin honen inguruan bildutako historia labur honi dagokion edozein atal osatzea, beraz, inork inolako informazio gehigarririk izango balueskertuko genuke.

1921 Santurtzi 04

Nire eskerrik beroenak argazki oinetan aipatutakoei, eta ondokoei: Oier Araolaza, Ion Lopez Barrena (Euskal-Filmategia-Filmoteca-Vasca), "Txarli" Fdez. Caldevila, Felipe Pozuelo (Bizkaiko Foru Artxiboa), Carlos Glaria eta gehienbat Ildefonso Arrola Eliasi, garaiko funtzioetan alkate zenaren semea eta irudi hauen jabeari, irudien eskubideen gaineko baimenak ematearren, bere adeitasun eta jarreragatik, eta 35mm-ko pelikula hau gorde eta digitalizatzera eraman izanagatik.

Erabilitako dokumentazioa

  • Artxibo dokumentazioa. Kutxa liburuak, kontabilitatea eta osagarriak, eta AMC Santurtziren zenbait espediente (Bizkaiko Foru Artxiboa). Akta eta Itun liburuak (Santurtziko Udala).

  • Hemeroteka. Garaiko prentsa (egunkari, astekari eta aldizkariak): El Noticiero Bilbaíno, El Nervión, Euzkadi, El Pueblo Vasco, El Liberal, La Tarde, La Gaceta del Norte, El Imparcial eta La Libertad.

  • Argitalpenak:

Joseba Gotzon. Historia de la música de Portugalete. Ambiente musical siglos XIX y XX. Banda municipal de txistularis (IV tomoa). Sego (Joseba Gotzon), 1999.

HEREDIA, Pedro. La música y otros aspectos costumbristas de la Villa jarrillera. Colección El Mareómetro bilduma. Portugalete: Fundación El Abra, 1997.

MAQUEDA MATA, Luis Manuel; RODRÍGUEZ CAMARERO, Juan Ignacio; RODRÍGUEZ ANDRÉS, José; RODRÍGUEZ QUINTANA, Maite. Concejo de Ortuella. Crónicas de su evolución hasta 1937. Ortuella, 1995.

URTIAGA, Jenaro “Sodupe”. Monólogos de una sardinera santurzana. Santurtzi: Ayuntamiento de Santurtzi, 1989.

  • Internet:

Regatas de traineras”. In: Auñamendi Eusko Entziklopedia. 2015eko Abenduaren 4a kontsultatua: http://www.euskomedia.org/aunamendi/102442/113255

Los épicos bogadores del primer tercio del siglo XX” eta “Los épicos bogadores del primer tercio del siglo XX (2)”. In: Santurtzi Historian zehar. 2015eko Abenduaren 4a kontsultatua: https://garciadeiturrospe.wordpress.com/2015/03/28/los-epicos-bogadores-del-primer-tercio-del-siglo-xx/

Filma ikusteko

Dokumentuaren akzioak

2016/03/09 19:27
Aupa Emilio, aspaldiko!

Zure ingurukoak ez baina Bermeoko emakumeak Aurreskua dantzan agertzen diren argazki pare bat baditugu guk Bermeon. Beti izan dugu guk gogoa argazki horietatik tiraka, informazio gehiago lortzea baina ez dugu suerterik izan.. edo ez dugu ondo bilatu.

Argazki hauek Bermeoko jaietako programan agertu ziren 1964 eta 1981 urteetan eta bertan argi ikusten dira emakumeak aurreskua dantzatzen Goiko Plazan.

Uste dut baliagarriak izango direla zure ikerketetarako ;-)

Hemen doakizu esteka: https://flic.kr/s/aHsksA2Zrr

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.