Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Udaberri Dantza Taldea, 'Hondarribia Berdintasunaren Hiria' sarian irabazle

Dokumentuaren akzioak

Udaberri Dantza Taldea, 'Hondarribia Berdintasunaren Hiria' sarian irabazle

Talde tolosarrak Jaizkibel Konpainiaren aipamena jaso du, tradiziozko ekitaldietan emakumeen parte-hartzea arrakastaz sustatu izanagatik
Egilea
Elene Arandia
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2015/08/06
Lotura
Diario Vasco

 Udaberri Dantza Taldeak berri on eta pozgarria jaso du orain gutxi: Hondarribiko Jaizkibel konpainia mistoak estreinakoz emango den 'Hondarribia Berdintasunaren Hiria' sarian aipamena egin dio taldeari. Tradiziozko ekitaldietan emakumeen parte hartzea ahalbidetu duten elkarteak eta euren ibilbidea nabarmendu nahi izan ditu, ika-mika handiegirik gabe aurrera egin izanagatik. Bide horretan, nabarmentzekoa da dantzari tolosarren kasua; izan ere, duela bi urte, 2013 urtean, emakumeek lehen aldiz parte hartu zuten San Joan eguneko bordon-dantzan, eta, geroztik, emakumeak festetako ekitaldi nagusiaren parte dira.

Sari banaketa ekitaldia irailaren 4an izango da Hondarribiko jaiekin bat eginez, eta Udaberri Dantza Taldeaz gainera, Donostiako Kresala eta Zumarragako Irrintzi Taldeak ere sarituko dira.

Sariketako epaimahaikide izan dira Garbiñe Biurrun epailea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Nieves Alza Txingudi Saskibaloi Elkarteko presidente izandakoa, Paul Rios bakearen eta giza eskubideen aldeko aktibista, Hondarribiko urrezko domina jaso zuena ere, eta Xabier Lapitz kazetaria. Abuztua eta oporrekin batera, dantza taldeak aste honetan ekin dio aurtengo udako bidaiari. Atzo, hilak 5, abiatu zen taldea Tolosatik, eta hamar eguneko irteera egingo du. Bidai luzeak ez dira taldearen egunerokoa, baina azken urteotan Udaberrik aukera izan du euskal dantzak Europako zenbait txokotara zabaltzeko. 2013. urtean, adibidez, taldeak Hungariara bidaiatu zuen, eta iaz Portugalen izan zen.

Aurtengo udako xedea, berriz, Italia da. San Giovanni Rotondoko jaialdian parte hartuko du, Foggia eskualdeko Apulia herrian, Blue Diamonds Festivals sarearen baitan ospatzen dena. Bertan, euskal dan-tzak beste hainbat kulturekin nahastuko dira, hiru egunez. 30 pertsonatik gorako taldea osatu da musikariak barne, eta Udaberrik adierazi bezala, sanjoanak geroztik, buru-belarri aritu da Italiako emanaldiak prestatzen. Dantza egiteaz gainera, ordea, taldekideek Florentzia, Ponpeia, Erroma, Siena eta Pisa ezagutuko dituzte, abuztuaren 15era bitartera.

Emakumea San Joan jaietako bordon-dantzaren parte bilakatu da 2013. urteaz geroztik.

Emakumea San Joan jaietako bordon-dantzaren parte bilakatu da 2013. urteaz geroztik. / IÑIGO ROYO

Dokumentuaren akzioak