Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txapelketako dantzari segurarrei omenaldia

Dokumentuaren akzioak

Txapelketako dantzari segurarrei omenaldia

Rafael Gerriko, Mari Karmen Elortza, Saioa Astegi eta Miren Gallastegi dira parte hartutakoak. Azpilla dantza taldearen ikuskizun bereziaren ondoren egingo diete omenaldia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/05/27
Lotura
Goierriko Hitza

Bihar, 18:00etatik aurrera, Erreboten, Euskal Herriko Dantza txapelketaren 40. urteurreneko bigarren ekitaldia izango da: Azpilla dantza taldearen emanaldi berezia eta dantza txapelketan parte hartu izan duten segurar dantzariei omenaldia. 40 urte hauetako historiak erakusten duenez, orain arte, lau segurarrek hartu dute parte Euskal Herriko dantza txapelketan.

1979an, Rafael Gerriko eta Mari Karmen Elortza zenak osatutako bikotea izan zen lehenengoa. Gerrikok gogoratu duenez, berak 24 urte zituen parte hartu zuenean. «Txikitan etxean dantza asko egindakoak ginen, parrandatan ere bai plazan…». Baina antolatzaileetariko batek, aurkezle ere bazen, Migel Telleria zenak, «animatu gintuen parte hartzera, herriko norbaitek parte hartzea nahi zuen».

Mari Karmen Elortza eta biak ausartu ziren oholtza gainean dantza egitera. «Aste pare batean aritu ginen entseatzen, gaur egun Botikaxaharra den lekuan. Gure kasa aritu ginen, irakaslerik gabe. Txapelketan akats pare bat egin nituen», azpimarratu du segurarrak. Dena den, ondo gogoan du, ez zeudela «lehiaketan parte hartu zuten parean. Ordurako Lezo, Hernani eta horiek… talde indartsuak zituzten». Hori bai, jantzirik doto- reenaren saria jaso zuten.

Gallastegi eta Arostegi

20 urte pasatu ziren berriz ere segurar dantzariak dantza txapelketan ikusteko. 1999an, Saioa Arostegik eta Miren Gallastegik hartu zuten parte.

Arostegik bi urtean segidan parte hartu zuen. «Betidanik gustatu izan zait dantza egitea. Umea nintzela Segurako dantza taldean dantza egiten nuen, baino gero urte batzuetan taldeak indarra galdu eta desagertu egin zen.Hala ere, urtero Euskal Herriko dantza txapelketa Seguran egiten zenean nik sekulako inbidia pasatzen nuen eta txapelketan parte hartzeko bikote bat aurkitzea pentsatu nuen», gogoratu du Arostegik.

«Aste pare batean aritu ginen entseatzen, gure lasa, irakaslerik gabe»
Rafael Gerriko (dantzaria)

«Txapelketan inbidia pasatzen nuen eta bikotea aurkitzea pentsatu nuen»
Saioa Arostegi (dantzaria)

«Oso garbi daukadan irudia da Edu Murumendiaraz dantzan»
Miren Gallastegi (dantzaria)

Urretxun bilatu zuen dantza bikotekidea, Iker. «Idiazabalgo Ibonek prestatu gintuen txapelketarako», azpimarratu du. «Garai hartan bikote askok parte hartzen zuten eta sekulako maila zegoen, gehienak txiki- txikitatik zebiltzan sueltoan eta», gaineratu du segurarrak.

Dena den, «oroitzapen politak» ditu, «nahiz eta urduritasun handiko momentua izaten zen, alde batetik besteen parean ez ginelako oso onak eta, bestetik, jende asko egoten zelako ikusten».

Miren Gallastegik ere Arostegiren antzeko esperientzia bizi izan zuen. 1999an, 2000an, 2001ean, 2002an eta 2003an parte hartu zuen. «Txapelketa ikustera joaten nintzen umetan eta oso garbi daukadan irudia da Edu Muruamendiaraz dantzan», dio. Dantza sueltoko talde batean hasi zen Seguran bertan, Garaterekin. «Irakasleak animatu ninduen gehiago lantzera», gogoratu du. Orduan, Villabonara, Juantxo Urbietaren eskolara joan zen. «Azkeneko etapan, berriz, Juanito Sarriegirekin aritu nintzen eta, egia esan behar baldin bada, dantzarekin gehien gozatzen ikasi nuen».

Bikotea bilatzea ez zuen lan erraza izan Gallastegik ere: «Asko kostatu zitzaidan bikotea bilatzea, ez dabil eta mutil asko dantzan. Hiru urte egon nintzen Antton Fernandez urretxuarrarekin, eta gero Iñigo beasaindarrarekin».

http://goierri.hitza.eus/files/2016/05/EuskalHerrikodantzatxap.jpg

Dokumentuaren akzioak