Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Presondegia dantzatik

Dokumentuaren akzioak

Presondegia dantzatik

'0927. Zelda' dantza ikusgarria estreinatuko du gaur Zarena Zarelako dantza taldeak Luhuson, euskal dantzak eta garaikidea nahasturik
Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/12/13
Lotura
Berria

Presondegien gaia jorratu nahi du 0927 Zelda dantza ikusgarriarekin Zarena Zarelako dantza taldeak. Pascale Lazkanorenak koordinatua du taldearen laugarren proiektua, taula zuzendaritza eta koreografia gehienak osatuz. Hark du izan ikusgarriaren ideia.

Presondegiaren gaia bai, baina hor ez dela presondegia bere alde «politikotik» lantzen zehaztu du taldeko Amets Lahetjuzan dantzariak. Orotara, bederatzi dantzari dira ariko taula gainean. Dantzaren bidez presoen arteko bizitza, presondegian haurdun diren emazteen egoera, bisitak, gutunekiko harremana eta gisa bereko presondegietako errealitateak dituztela landu esplikatu du.

Euskal dantza du oinarri taldeak, eta aldi honetan ere hala izanen da. Zuberoako, Gipuzkoako eta Bizkaiko urratsekin osatu dituzte koreografiak, baina, horrez gain, dantza garaikidea ere sartu nahi izan dute. Fabien Thome dantzaria izan dute horretan koreografo eta kontseilari. Ikusgarriko hiru dantza ditu asmatuak. Azken dantza bat, taldeko Beatrice Aspirok du pentsatua, dantza afrogaraikidea oinarri.

Fabian Thome gaur egun Madrilen lanean ari den koreografo bat da. Lapurdin sortua da, Donibane Lohizunen, eta luzaz egona da Senperen (Lapurdi) bizitzen. Flamenkoa du bere dantza, dantza garaikidearekin nahasten duena. Eta bere alde garaikide hori transmititzeko diote eskatu Zarena Zarelako taldekoek. Flamenkorik ez dutela sartu zehaztu du Lahetjuzan dantzariak.

Dantzaren alde garaikideak gorputzaren parte guztiak lantzeko aukera ematen diela azaldu du Lahetjuzanek. Euskal dantzei dagokienez, agian, gehiago zangoetan zentratzen delako dantza, bere iduriko. Euskal dantzek, aldiz, zenbaitzuetan «indarra» ekartzen diotela koreografiari gaineratu du.

Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri gelan estreinatuko dute gaur ikusgarria, 20:30ean, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolaturik. Ondoko hitzordua abenduaren 20rako zehaztu dute, Irisarriko (Nafarroa Beherea) kiroldegian, eta Ortzaizeko ikastolaren alde egingo dute emanaldia bertan. Oraingoz ez dute beste ekitaldirik erabat finkaturik.

Zarena Zarelako taldeko dantzariak, ikusgarria entseatzen.

Zarena Zarelako taldeko dantzariak, ikusgarria entseatzen. OLIVIER IGLESIAS

Dokumentuaren akzioak