Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kaleari kale egiten ez diotenak

Dokumentuaren akzioak

Kaleari kale egiten ez diotenak

50 konpainiaren 54 emanaldi eskainiko ditu kale arteen Leioako Umore Azoka jaialdiak, maiatzaren 19tik 22ra bitartean, eta erabateko estreinaldiak izango dira haietako 21

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2016/04/28
Lotura
Berria
«Argi esan dezakegu: kale arteetan dabiltzan konpainia eta profesionalentzako erreferentziazko jaialdia bihurtu da Leioako Umore Azoka». Baieztapena bota du lehen-lehenik Ana Lopez Leioako Umore Azokako zuzendari artistikoak, eta datuak eman ditu gero froga modura. Izan ere, Euskal Herriko zein nazioarteko 50 konpainiaren 54 emanaldi eskainiko ditu jaialdiak, maiatzaren 19tik 22ra bitarte, eta guztira 125 emanaldi baino gehiago ikusi ahalko dituzte bisitariek Leioan (Bizkaia). Eta horregatik Lopezen esaldia: «Kale arteen hiriburu izango da Leioa lau egunez». Baina estreinaldietan jarri nahi izan du begia zuzendariak, handia baita aurtengoan nobedadeen kopurua. «Hiru ikuskizunetik bi», zehaztu du. Eta datuak eman berriro ere. Erabateko 21 estreinaldi izango dira, Euskal Herriko hamabi estreinaldi, hiru kale estreinaldi, ikuskizun baten gaztelerazko bertsioaren estreinaldia eta aurrestreinaldi bat.

XVII. aldia du aurten jaialdiak, eta 280.000 euroko aurrekontua izango du. Festa egun erdiz luzatzea erabaki dute, bestalde. Orain arte igande eguerdian amaitu izan da beti azoka, baina egitaraua igande iluntzera arte luzatuko dute oraingoan.

21 estreinaldi

Euskal Herrikoak dira pieza berriak aurkezten izango diren taldeetariko asko, eta handia da hor ere portzentajea. Izan ere, Leioan emango dituzte lehenengoz beren azken lanak jaialdian izango diren hemeretzi euskal konpainietariko hamabik. Aurten hogei urteko ibilbidea beteko duen Deabru Beltzak izango da haietariko bat, bertan aurkeztuko baitu Su á Feu piroteknia eta erritmo ikuskizuna, baina ez dira bakarrak izango. Beren lanak lehenengoz aurkezten izango dira, besteak beste, Larrua, Bapatean, Laura Cobo konpainia, Plataforma Tirante, Laglo konpainia eta Trapu Zaharra.

Nazioarteko ordezkari sorta bat ere bilduko du azokak, bestalde, eta erabateko estreinaldiak eskainiko dituzte haietariko askok. Kataluniako, Espainiako, Brasilgo, Japoniako, Kolonbiako, Erresuma Batuko eta Frantziako 31 konpainia izango dira azokan, guztira, eta bederatzi erabateko estreinaldi emango dituzte. Frantziako Les Goulus talde historikoaren kasua nabarmendu du haien artean Lopezek, Leioa hautatu baitute Riders From Nowhere izeneko beren azken ikuskizunaren lehen emanaldia aurkezteko. DelReves Danza Vertical eta Toc de Fusta ere estreinaldi banarekin izango dira jaialdian, eta Euskal Herrian lehenengoz eskainiko dituzte beren azken ikuskizunak 100 Racines frantziarrek eta Tsubasa Watanabe japoniarrak.

Egitarauak eskaintzen duen diziplinen arteko «oreka» ere aipatu dute antolatzaileek, dantza, zirkua, magia, antzerkia eta clown-a hartzen dituelako.


Azoka eta erakusleiho

Umore Azoka jaialdi izateaz gainera azoka ere badela gogorarazi du Lopezek. «Kale arteen sektorearentzako topagune da», adierazi du. Eta hain zuzen ere hori da egitarauan estreinaldi kopuru handiaren atzean dagoen arrazoietariko bat. Zuzendariak zehaztu duenez, kale arteetan espezializatutako 200 programatzaile, jaialdi zuzendari, banatzaile eta profesional elkartu ohi ditu jaialdiak urtero, eta lanik berrienak aurkeztu ahal izateko erakusleiho ere bilakatzen du horrek Leioa. Eta horregatik, beraz, nobedade kopuru handia. Aurten, Frantziako eta Koreako hainbat jaialdi esanguratsutako programatzaile ere jaialdian izango direla jakinarazi du, adibidez, Lopezek.

Sektorearen hainbat batzar ere egingo dituzte jaialdiak irauten duen egunetan, eta programatzaile eta artisten arteko topaketak egiteko espazio bat ere antolatuko dute: Artekale izenekoa, hain zuzen ere. Horrez gainera, Sarea Euskadiko Antzerki Sareak bere biltzar orokorra egingo du Leioan egun horietan, eta Euskadi-Akitania II. Topaketa ere hartuko du Umore Azokak, Euskal Kultur Elkargoak, Etxepare euskal institutuak eta Euroerregioak bultzatuta.

Sorkuntzari bultzada

Umore Azokak ikuskizunak sortzeko eskaintzen duen bultzada ere aipatu du Lopezek aurkezpen ekitaldian. Zehaztu duenez, aurten, bost ikuskizun lagundu ditu jaialdiak. Kultur Leioan entseguak egiteko egoitzak egiten dabiltza, adibidez, Deabru Beltzak taldekoak laguntza horri esker, eta Laura Cobo, Vendaval, Nacho Diago eta La Industrial Teatrera konpainiak ere lagundu ditu azokak. Laura Cobo taldeko dantzariek Mr Smith ikuskizunaren azken entseguak egiteko baliatuko dute egoitza, esaterako, eta Soif antzerki ikuskizunaren gaztelerazko bertsioa osatzeko erabiliko dute Vendaval konpainiakoek bultzada hori.

Bertako eszena

Aurten lehenengoz Leioako artista eta konpainiek sekzio propioa izango dute jaialdian. Herriko lau talderen lanak ikusteko aukera eskainiko du egitarauak, eta eszena hori ere zaintzearen garrantzia nabarmendu du jaialdiko zuzendariak. Umore Azokaren urtez urteko lanarekin lotu du, gainera, sortzaile horien lana. «Umore Azokaren 17 urteko ibilbideak oinarri bat sortu du Leioan, bertako elkarte eta sortzaileek profesionalizaziorantz urrats bat egin dezaten».

Laura Cobo konpainiako dantzariak Leioako Umore Azokan estreinatuko duten <em>Mr Smith</em> ikuskizunaren aurrerapen bat eskaintzen.
Laura Cobo konpainiako dantzariak Leioako Umore Azokan estreinatuko duten Mr Smith ikuskizunaren aurrerapen bat eskaintzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak