Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ezinaren ederra

Dokumentuaren akzioak

Ezinaren ederra

'Anton Abbadia'

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 23.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/04/25
Lotura
Berria

Bilboko hiri-paisaian orain arte ia ikusezina izan den arren, Arriaga antzokiko foyer-ean egin da Loraldia jaialdiaren hasierako ekitaldia, bertoko euskaltzale, kulturgile eta arlo bereko agintarien babes nabarmenarekin. Imanol Agirre antolatzailearen hitzen ostean, Anton izeneko mutiko bati eman diote aurtengo lorea gordetzeko ardura, eta jarraian formatu txikiko ikuskizun bat etorri da, Anton Abbadiaren figuraren omenez. Emanaldiak elkarrekin lotutako bi atal eduki ditu, eta bietan Abbadia izan zena berrinterpretatu da, dantza zein antzerkiaren bidez, bera izan zelako lore-jokoak Euskal Herrian ezarri zituena.

Arkaitz Miner biolinista apartaren melodiek Abbadiaren jatorria gogoratu digute hasiera batean —ama irlandarra zuen eta Dublinen jaio zen— eta Kukai dantza taldeko lau gizonezko musika zeltaren erritmopean jarri dira, elegante jantzita XIX. mendeko atorra zuri, kapa beltz, makila eta txisterekin, eta dotore beren jauzi kementsu eta arinetan. Minerren arku eta atzamarren poderioz ia konturatu gabe etorri gara Euskal Herriko doinuetara, eta Jon Mayaren diseinu koreografikoan euskal dantza nagusien eraldaketa suabeak, ia subliminalak, ikusi ditugu, ehun urte barrukoak izan litezkeenak. Horrek esan nahi du klasikoetatik edanez baina gaurko begietarako emanak izan direla, eta haien bidez Abbadiaren izaera ekintzaile eta igarlea ezin hobeto laburbildu dutela.

Biolin jotzailearen lan ederra eskertzeko denborarik ez, eta Aitor Mazo agertu da, oinutsik eta liburu zahar bat besopean zekarrela. Patxo Telleriaren testu batean oinarrituta, Abbadiaren rolean sartu da, beste mundutik etorriko balitz bezala, eta haren bizitza harrigarriaren errepasoa egin du, bere ikerlari, hizkuntzalari eta mezenas lanak azpimarratuz. Ezinaren ederra izan da testuaren gidaria, haren bizitzaren alderdi asko ia gertaezinak izan zirelako eta oraindik ere gertaezinak bezain ederrak iruditzen zaizkigulako: bere jatorri irlandar-zuberotarra, Nilo ibaiaren iturburuetariko bat deskubritu izana, Etiopiako lehen maparen eraketa, bertako hizkuntza nagusiaren eta frantsesaren arteko lehen hiztegia...

Aitor Mazok bere ohiko aktore-ahalmenarekin hartu du esku artean zeukan erronka, eta egoki baliatu ditu testuak tarteka-marteka zekartzan umore puntuak, figura historiko errespetagarria beste munduan bizi izateak dakarren ironia finetik ikusita. Mazo hasieratik bertatik sentitu da eroso bere pertsonaian: rol berezi honekin eta ikusleen harrerarekin gozatzen ibili da denbora guztian, eta horrek bide onetik eraman du antzezpenari zegokion dentsitatea. Lore-jokoen sortzailearen izaera polifazetikoa gogoratu ostean, ikusleek txalo beroekin eskertu dute proposamenaren kalitatea eta bizi luzea opatu diote aurten eta Bilbon hasitako Loraldiari.

Aitor Mazo, <em>Anton Abbadia</em> antzezlanean.

Aitor Mazo, Anton Abbadia antzezlanean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak