Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Esan ala ez esan

Dokumentuaren akzioak

Esan ala ez esan

'Komunikazio-inkomunikazioa'

Ekoizpena: Arriaga antzokia, Kukai eta Tanttaka. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Koreografia: Jon Maia. Koreografo gonbidatua: Jone San Martin. Lekua: Bilbo, Arriaga antzokia. Eguna: martxoak 1.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2013/03/05
Lotura
Berria

Esan ala ez esan. Horixe izaten da komunikazioa eta inkomunikazioaren arteko marra mehea. Eta esatekotan, zelan esan. Mikel Laboak ederto erantzun zion auziari bere Komunikazio-Inkomunikazioa lanarekin, eta grabaketa hartako berbaldi gogoangarri zoroak entzun ditugu, interpreteak libreki zebiltzala eremu eszeniko hutsetik.

Mugimendu antolatua zertxobait beranduago hasi da, leun eta astiro hasi ere, eta goitik eskegitako argiek dantza areto zimelduen edertasuna ekarri digute gogora. Dantzarien arropek, aldiz, aro garaikidean gaudela gogorarazi digute, eta ganorazkoak izan dira emanaldian zehar izandako jantzi aldaketak.

Hasierako uneetatik hartu du protagonismoa Helena Golab poloniarrak, eta bere ama-hizkuntza entzuteak ondo baino hobeto adierazi du inkomunikazioaren arazoa. Baina laster batean, musika hasi da eszenako gidaritza hartzen, irudi proiektatuak dekorazio bakarra zirelarik, eta interpreteak —musikariak, antzezleak, dantzariak...— beren benetako arduretara bideratu dira. Emanaldian zehar, aldiz, erraz eta etengabe igaro dira haiek guztiak rol batetik bestera, eta hori berori izan daiteke lan honen ezaugarri nagusia, koreografia laburren edertasunarekin batera.

Bide horretatik, oso era naturalean igaro gara euskal dantza tradizionaletik parametro garaikideetara, gorputz-lengoaia arrunta eta tangoa zeharkatuz —itzela, gero, euskal tango maskulinoa!—, eta bidean barna, harrietako zainak edota tximisten ibilbide kaotikoak irudikatu dituzte atzeko proiekzioek. Ordea, bidaiak aurrera egin ahala behera joan da tentsioa atal batzuetan, eta nahasia egin zaigu muntaiaren xedea. Izan ere, aulkien jolasa agertu denetik noraezean ibili da proposamena, diseinu koreografikoari planteamendu orokorra falta izan balio bezala, edo beharbada, dantza-zati ugariak dramaturgia ezkutu baten zerbitzura egotearen ondorioz.

Gauzak horrela, eta azken unera arte, lotura argirik gabeko pasarte asko etorri dira, baina hala ere, argi esan behar dugu haietariko gehienak bikainak izan direla: Israel Galvanen dotorezia paregabea, Kepa Artetxeri egindako omenaldi samurra, Txekhoven testu baten antzezpen delikatua, Laboaren bihotza Lili bat abestean eta, duda barik, Miren Gaztañagaren Izan ala ez izan bakarrizketaren interpretazio eleanitza, eskuan zeukan liburu mardulak hitzetan eta mugimenduan ezin hobeto laguntzen ziola.

Dokumentuaren akzioak