Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz bizi nahi

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz bizi nahi

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/10/11
Lotura
Berria

'Aureo'

Konpainia: Dantzaz. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 9.

Prozesu landua eduki du Dantzaz konpainiaren Aureo lanak, taula gainean estreinatu baino lehen. Aurrekoetan bezala, pieza labur batzuek osatzen dute aurtengo aldiko egitaraua, eta haietariko batzuen laburpenak Bilboko zenbait leku esanguratsutan dantzatu dira aurreko asteetan aurkezpen gisa, dantza jarduera hiri bizitzan txertatuz.

Jone San Martinek diseinatu du hasieran eta amaieran burutu den interbentzioa —Jugo izenekoa—, ehiztari eta ehizaki kontzeptuetan oinarrituta, eta haren balio nagusia da ikusleak gaualdiko girora erakartzea eta ikuskizunaren osteko irteera samurtzea. Izan ere, ikusleek espero zuten gaualdia Christine Hassiden Momentum piezarekin hasi da, edertasunaren aldeko apustua eginez. Hassidek Bachen biolinerako sonata batzuen pasarteak, jantzien kolore alai eta suabeak, argien diseinu intimista eta dantzarien mugimendu atsegin eta politak hautatu ditu, eta emakumeen edertasunaren eskema klasikoa baliatu du, neskak noizean behin manikien antzera maneiatuz eta, azken andantearekin batera, grabitaterik gabe flotatuko balute bezala irudikatuz, mutilen besoek hartzen zituztelarik.

Judith Argomanizen Gizon haiek izeneko pieza —Jaiotz Osa lagun— irailean dantzatu zen Vicinay bizkaitar enpresako kate erraldoien artean, eta itsasgizon zein industriako langileak daude abiapuntuan. Dantzari taldea indar plastiko handiz agertu da Txori eijerra kanta ezagunean bilduta, eta hortik aurrera Pan Sonic eta Zoe Keatingen doinu erritmikoek girotu dute lan fisikoaren irudikapena, edozein errazkeriatik oso urrun ibilita. Judithen hizkera koreografikoak ederki konbinatzen ditu ezusteko energia kolpeak eta gorputzen jarduera erritmikoa, eta bereziki polita da esku eta atzamarren posizioekin lortzen duen esangura. Hizkera ezin pertsonalago hori taldearen banaketa eta berregituraketa miresgarri batzuekin elkartu du, eta piezak kemen eta ausardiaren irudi garbia erakutsi digu.

Gaueko hirugarren atala Lukas Timulaken Dot to dot izan da. Timulakek jolas optiko moduko bat planteatu du, eta garai bateko presoen antzera jantzi ditu bost dantzariak, uniformeen marra beltzak bertikalean, horizontalean eta diagonalean jarrita, eta erdiko neska zirkulu beltzekin hornituta. Hasieran disposizio lerrokatuak, frontalak eta diagonalak diseinatu ditu, eta gero lauki eran jarri ditu lau gizonak, emakumea erdian zegoela. Horrek, ordea, ez du azpimarratu gizon-emakume dikotomia usatua, koreografoak jakin izan baitu tranpa horretatik ihes egiten eta diseinu estrainio eta gustagarri bat eratzen, Moondog-en musika zoragarrian bilduta.

Azkenik, Itzik Galili konpainiaren aspaldiko kolaboratzailea etorri da. Casi humano izeneko piezan etorkizunaren gaineko gogoetak plazaratu dituzte bi dantzarik, gaztelaniaz, handik talde osoko ahots-koreografia harrigarri batera igarotzeko, dantzari gazteen amorru eta ahalmen erakustaldi batean. Amaieran, ordea, talde trinkoa desegin eta erdi zirkuluan jarri dira guztiak, haietariko askok inspirazio handiko eboluzioak egiten zituztela, bikoteka. Purcellen Dido and Aeneas opera barrokoko When I am laid in earth ariak girotu du azken zati hori Andres Schellen ahots garaikidearekin, eta horrek ere gora eraman ditu ikusleen emozioak, ezinbestean.

Dantzariak Judith Argomanizen <em>Gizon haiek</em> interpretatzen, joan den irailean Bilboko Vicinay enpresan.
Dantzariak Judith Argomanizen Gizon haiek interpretatzen, joan den irailean Bilboko Vicinay enpresan. LALI MARIMON

Dokumentuaren akzioak