Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantza integrala eta kontakt dantza saioak Irurtzunen

Dokumentuaren akzioak

Dantza integrala eta kontakt dantza saioak Irurtzunen

II. Euskal Herriko Kontak Inpro Topaketa hartuko du asteburuan Irurtzunek. Saio guztiak doakoak. Interesatuek ehkie.kontakt@gmail.com helbidean izena eman dezakete.
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Irurtzun
Mota
Albistea
Data
2015/05/22
Lotura
Guaixe

Euskal Herriko Kontakt Inpro Elkarteak (EHKIE) antolatuta, dantza integralean eta kontakt dantzan aritzen direnen topagune bihurtuko da Irurtzun hiru egunez. Saio guztietan parte hartzea doakoa da. Izan ere, EHKIEren helburua dantza mota hori ezagutzera ematea eta jendeak praktikatzea da.

Kontakt dantza aspaldi praktikatzen da baina gure inguruan boom moduko bat dago. Halaxe azaldu du asteburuko topaketako antolatzaileetako batek, Oskar Estangak, Beleixe Irratian (FM 107,3). Dantzan aritu behar ote den galdetuta, Estangak azaldu digu bi aldeak daudela. “Leku guztietan bezala, zenbat eta gehiago landu azkenean gauza gehiago joaten dira ikasten. Auto-ezagutzari, orekari, grabitate zentroari eta abarri buruzko gero eta tresna gehiago daude. Hori oso interesgarria eta gomendagarria da”.

Baina, bestalde, “bakarrik esplorazio eremu gisa, gela batean sartu jende multzo bat. Halako saio batean “denak balio du”, baldin eta zure burua eta besteak errespetatzen baldin badituzu. Hortik sortzen diren egoerak, emozioak… ikaragarriak dira”. Horrek bakarrik “sekulako balioa” duela esan digu Estangak. Aldi berean, “esploraziorako bide handia” ematen duela eta haren interesa nabarmendu du.

Nolako saioak?
Kontaktua beti presente dago, ez da beti egon behar elkarrekin. Berez, mugimenduak ez dira azkarregiak, entzumena oso garrantzitsua delako. Lehena norbere burua entzutea eta horren arabera mugitzea. Egunaren arabera mantso sentitzen dena oso mantso mugituko da. Egun mugituagoetan azkarrago mugituko da. “Norbere mugimendutik abiatuta eta ingurua behatuz, edozein gauza sortu daiteke: orekak, jolasak, taldeak, korrika… Inbestigaziorako oso toki polita da”.

Ikastaroak ere badaude eta haietan teknikak irakasten dira; esaterako: azal azpian zer daukagun, leku ezberdinetatik mugimenduak nola sortu, ahalegin gutxirekin mugitu, oreka motak… “Neretako ikasgai nagusia, asko lantzen dena, auto-entzutea da. Nola nago ni, eta ondorioz ingurukoak nola entzuten ditut”.

Beldurrez eta beste
Estangarendako “oso aberasgarria izan da ikustea kontaktuari beldur gehiegi diogula. Halako beldurrak ditugu”. Horiek bigarren edo hirugarren maila batean gelditzen dira eta “halako harreman humano oso handi bat dago” saioetan. “Humanoarekin esan nahi dut, emozioak, izaerak, gauza pila bat partekatzen direla. Hori betegarria da”. Halako saioen ondoren “gizaterian konfiantza” berpizten zaiola dio Estangak: “benetan elkarrekin fida gaitezke, elkarri gure onena emateko gai gara…”.

Egungo gizartean “abiadura bizian goaz eta, benetan, gauza askoz ez dugu hausnartu ezta praktikatu ere. Gauza batzuetan oso inguru aurreratuan gaude, baina beste batzuetan ez gara jarri. Ez diogu gure buruari benetan aukera eman pentsatzeko. Zer jarrera dut kontaktuarekiko? Nerea da? Edo jaso du? Gizateriari buruzko galderak egin litezke ere. Halako gauzak horretan jartzeko, praktikatzeko dira”.

Prestatuak gaudela dio Estangak, baina lanketa egin behar dela. Azken batean gizarte osasuntsuago baten bila joatea dela dio. “Batzuetan iruditzen zait oraindik bekatuaren itzala dugula edo gure buruaren beldurra. Azkenean ez da hainbesteraino ere. Azkenean da, jende pila bat, umeak bezala jolasten batzuetan, mugitzen, ikertzen eta ongi pasatzen. Ditugun baliabideekin. Ez da asko behar benetan gustura egoteko. Mundu guztia etortzera gonbidatuta dago”.

Elkarteaz
Kontakt inprobisazioa praktikatzeko halako jam sesioak edo saio irekiak egiten dira. Hitzordua jarri, toki bat hartu, egokitu eta elkarrekin dantzatzen dira. Donostian, Bilbon eta Iruñean hilean behin dute hitzordua. Hainbat toki daude. Eta hainbat dira batetik bestera ibiltzen direnak. “Horregatik, leku horiek koordinatzeko eta hitzorduak ez zapatzeko eta jende guztiak elkarrekin gauzak egiteko elkartea sortzea erabaki genuen”, azaldu digu Estangak. “Ilusio handiz ari gara. Euskal Herrian ere dantzarako gogotsu gaudela, prest gaudela eta koadrila jatorra gaudela. Familiatxo bat sortzen ari gara nolabait”.  

Dantza integrala: gidatutako saioak dira, non gida batek proposatzen dituen mugimenduzko egoera ezberdinak. Egoera horiekin hainbat gauza landu daitezke, esaterako, talde harremana, gorputzeko atal zehatz baten mugimendua…  Zerbait gidatua eta zehatza da.

Kontakt dantza: inprobisazioan oinarritzen da. Munduan aspaldi zabaldua dago. Praktikatzeko ia ez da deus behar, gorputza eta leku egoki bat. Elkarren kontaktuarekin eta inguruaren kontaktuarekin inprobisazioaren bidez mugimendua bideratzea da. Oso-oso gauza irekia da.

Egitaraua
Maiatzak 22, ostirala
18:00etatik 21:00etara Harrera.
21:00etatik 00:00etara Ongi etorri zirkulua eta saio irekia.

Maiatzak 23, larunbata
10:00etatik 11:15era Oinarrizko kontakt-a, Oskar Estanga.
11:15etik 12:30era Entzumena, Gaizka Osa.
12:30etik 13:45era Kontakt eta ahotsa, Iñaki Santos.
14:00etatik 16:00etara Bazkaria.
16:00etatik 18:00etara EHKIEren batzarra.
18:00etatik 20:00etara Karga eta erresistentziak eskola teknikoa, Marc Torrents.
20:00etatik 22:00etara Afaria.
22:00etatik 24:00etara Saio irekia.
00:30etik aurrera Performanfesta, Dj Bertxo, kontaktpeople eta zu!, Pikuxarren.

Maiatzak 24, igandea
10:00etatik 11:00etara Manipulazioak, Prado, Pilar eta Aitziber.
11:00etatik 12:15era Oihana Picaza.
12:15etik 13:30era 0 grabitatea, Charles Ling.
13:30etik 14:00etara Performancerako proposamena, Maider Oiartzabal.
14:00etatik 14:30era Itxiera zirkulua eta akabera.
14:30etik 16:30era Gauzak jaso eta bazkaria.
16:30ean Performancea kalean. 

Dokumentuaren akzioak