Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantza ikuskizunetara mugatzen badugu, tradizioa galtzen ari gara"

Dokumentuaren akzioak

"Dantza ikuskizunetara mugatzen badugu, tradizioa galtzen ari gara"

Maribel Ortiz Zarate, Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakaria

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Elkarrizketa
Data
2000/05/03

Ekitaldi asko antolatzen dira, baina, hala ere, dantzaren egoera larria dela diozue. Zergatik?

Euskal dantzak ekitaldietara mugatzen baditugu tradizioa galtzen ari gara, eta hori da kezkagarria. Ikuskizuna ez da dantzaren izaeraren isla, etorkizunean bizitzeko haren sustraiak ezagutu behar ditugu. Gure funtzioa da zergatien ikerketa eta horien zabalkundea. Iragana ikertu eta orainera ekarri behar da gizarteak tradizio adierazpen modu hori ezagut dezan.

Arloaren profesionalizazioa eta euskal dantza talde nazional baten eraketa dira premiazko bi egiteko. Zertan dira asmo horiek?

Urteak dira federazio gisara gai horren inguruan hitz egiten hasi ginela, eta eskakizunak aurkeztu izan ditugu Jaurlaritzan, baina aurkezten ditugun proiektuek ez dute aurrera egin dirurik ezagatik. Horretan jarri behar dugu berriz ere. Oso garrantzitsua baita.

Proiektuaz gain biltzarkideen artean zein lan egiten duzue profesionalizazioaren bidean?

Biltzarretan lan asko egiten dugu, baina ekitaldiak egin eta ikerketa eta hedapen arloko azterketak egiteko apenas dugu denborarik, bitartekorik. Nork bere aldetik egiten du. Pertsona batzuek propio horretara egon beharko lukete, baina gu hemen afizioz gaude, ez ofizioz, eta egin nahi genukeenaren % 10 soilik egin dezakegu, 31 urte daramatzagun arren lanean. Dantza munduan gabiltzanen arteko harreman handiagoa behar da. Mahai baten inguruan eseri, eta aztertu behar dugu arloaren profesionalizazioa nola eragin. Ezagutzak batuz, eta horiek aurrera egiteko behar den lekuan presio eginez lor daiteke, ez bestela.

Ballet nazionala sortzeko adina maila ba al dago dantzarien artean?

Sekulako aberastasuna dago dantza arloan eta pena da horretaz ez baliatzea. Kalitatea? Izugarria da, nire ustez. Baina Balleta ez dago dantzarien mailaren esku, gobernuen esku baizik. Kultura barnegitura handiak sortzen ari dira, eta dantzari lekua egin behar zaio.

Dokumentuaren akzioak