Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Belaunaldi berriek hemen ikasteko aukera izan dezaten borrokatu behar dugu orain»

Dokumentuaren akzioak

«Belaunaldi berriek hemen ikasteko aukera izan dezaten borrokatu behar dugu orain»

Puntako zenbait dantzari 'Euskaldunak eta dantza' gala eskaintzen ari dira egunotan Bilbon

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2006/06/13
Bilbao Ballet elkartea ezagutarazi eta atzerrian hezi behar izan duten euskal dantzarien maila erakutsi nahi dute nagusiki Euskaldunak eta dantza galarekin. Igor Yebra arduratu da ekitaldiaren zuzendaritza artistikoaz. Bera da galako izar nagusia, baina ez bakarra. Sona handiko atzerriko hainbat konpainiatan dantzari nagusi diren euskal herritar ugarik emango dituzte beren piezak. Yebra da bakarra Euskaldunan aurretik aritu dena. Gehienek urteak daramatzate etxean dantzatu barik. Eta batzuek ez dute sekula egin; esate baterako, Amancio Gonzalezek.

Bilbao Ballet elkarteak errebindikaziorako baliatu du Euskaldunak eta dantza ekimena. Euskal dantzariek Euskal Herrian trebatu ezina salatu nahi dute. Izan ere, Mikel Ortiz Arratia Bilbao Ballet elkarteko lehendakariaren arabera, 25 euskal dantzaritik gora daude atzerriko konpainietan rol garrantzitsuak jokatzen. Alabaina, gehienak ezezagunak dira etxean. Ez dugu haien berri. Ez zaie hemen dantzatzeko aukerarik eman. Amancio Gonzalez dantzariaren irudiko, helburua ez du izan behar dantzari horiek guztiak etxera itzultzea. «Urte asko daramatzagu kanpoan, egina dugu bidea. Belaunaldi berriek hemen ikasteko eta lan egiteko aukera izan dezaten borrokatu behar dugu». Yebraren hitzetan, guztion artean egin beharreko lana da hori: «Nork bere aldetik ezer egiteak ez du zentzurik, eromena da. Urrats bat egin dugu eta urrats honi jarraipena eman behar diogu, baina denon artean. Euskal kulturaren barruan dantzak tradizio handia du, baina tradizioak ez du bere kabuz aurrera egiten, tradizioa sortu, elikatu eta babestu behar da».

Hala, Bilbon dantza denboraldi egonkorra eratzeko nahia azaldu du Ortiz Arratiak, euskal dantzarien laguntzarekin. Dantza zaleek osatzen dute Bilbao Ballet elkarte sortu berria. Eta antolatzen duten ekimen oro bultzatzeko laguntza osoa eskaini die Yebrak -dantza eskola zabalduko du aurki Bilbon-, baina dantza denboraldi egonkorra martxan jartzeko urteak beharko dituztela uste du dantzari eta koreografoak. Aurrera-tu duenez, umeentzako lehiake- ta antolatuko dute datorren ur-tean, eta dena ondo bidean, atzerriko dantza konpainia bi ekarriko dituzte Bilboko Euskalduna- ra.

ESTILO ASKOTAKO PIEZAK. Euskaldunak eta dantza galan, bakoitzak bere konpainiako bikotekidearekin egingo du emanaldia. Ez dute ballet klasikoa soilik erakutsiko. Ballet garaikideak izango du lekua Bilbao Ballet elkarteak antolatutako festan. Frankfurteko balleteko Amancio Gonzalezek eta Ander Zabalak, adibidez, William Forsythen bi pieza garaikide aurkeztuko dituzte: The vile parody of address eta N.N.N.N. Eta Asier Uriagerekak, Montecarloko balleteko dantzariak, Sidi Larbi Chercaouiren In Memorian eta William Forsytheren In the middle emango ditu, Bernice Coppietersekin.

Amaia Ugartetxea Veronako La Arena balleteko dantzariak obra klasiko bi erakutsiko ditu; Marius Petipa koreografoaren Venezia- ko inauteria eta Igor Yebraren Don Quijote. Antonio Russore- kin emango du lehena, eta Yebrarekin berarekin bigarrena. Yebrak, halaber, berak diseinaturiko El cisne XXI obra eskainiko du.

Veronica Villar Wiesbadengo balleteko dantzariak Petiparen beste bi lan ekarriko ditu Bilbora, Beltxargen aintzira (Beltxarga beltza) eta Beltxargen aintzira (Adagio). Lars Cauwenberghekin ariko dira bietan. Bestalde, Adriana Bilbaok ballet flamenkoaren erakustaldia egingo du. Aukeran dantza konpainiak euskal dantzetan oinarritutako lana emango du: Xingola. Eta Natalia Garatek eta Isidro Zapaterok Marco Sietasen Bailes latinos izeneko obra aurkeztuko dute. Atzerrian ospea lortu duten euskal dantzari gehiago badaude, haien artean Lucia Lakarra. Baina, Yebrak azaldu duenez, dantzari gipuzkoarrak ezinezkoa izan du Bilbora etortzea. Euskaldunak eta dantza ekimenari segida emateko asmoa dutela agertu du eta falta diren euskal dantzariak datozen urteetan ekartzeko aukera izango dutela adierazi du.

Dokumentuaren akzioak