Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azkue Fundazinoak euskal jantzen ganeko Soka aplikazinoa aurkeztu dau

Dokumentuaren akzioak

Azkue Fundazinoak euskal jantzen ganeko Soka aplikazinoa aurkeztu dau

Aplikazinoa Azkue Fundazinoaren eta Euskal Kultur Erakundearen arteko alkarlanean garatutako euskal jantzearen mediazino eta transmisino proiektu orokorrean kokatzen da.

Komunikabidea
Bizkaie
Mota
Albistea
Data
2016/07/21
Lotura
Bizkaie

Euskal Kultur Erakundeak produzidutako euskal jantzearen ganeko Soka, euskal jantzearen urratsetan erakusketan oinarrituta dago aplikazinoaren edukia eta horren helburua, euskal jantzen inguruko edukiak areagotu eta zabaltzea da. Azkue Fundazinoak, Soka aplikazinoaren bidez, gizarteari euskal jantzen mundua hurreratu eta disziplina artistiko honi buruz gehiago ezagutzeko aukerea eskaini nahi deutso.

Aplikazinoa euskal jantzak zabaldu eta sustatzeko sortu da eta, beraz, aplikazinoak euskal jantzen ganean gehiago ezagutzea ekarriko dau, aukera barri bat zabalduko dauelako smartphonen eta tableten bidez jantza desbardinak non jantzan egiten diran eta noiz jakiteko.

Aplikazinoaren egiturea eta nondik norakoak Euskal Kultur Erakundeak sortutako Soka erakusketea eta dantzan.eus atariko eduki desbardinak erabiliz osotu dira. Aplikazinoko edukiak modu didaktiko, atsegin eta dibertigarrian aurkezteko bi ataletan banatuta dago: alde batetik, Euskal Herri osoko jantza ekitaldien egutegia; eta beste alde batetik, euskal jantzen inguruko galdera-erantzunen jokoa.

Android eta iOS sistema eragiletako smartphone zein tabletetarako dago eskuragarri eta doban deskargau daiteke Google Play eta Apple Store dendetan.

SOKAk modu atsegin, didaktiko eta ludikoan zabaldu nahi ditu euskal jantzen inguruko edukiak eta horregaitik, jokoaren atalean, erabiltzaileak edukiei buruzko informazinoa jasoko dau galdera-erantzunen bitartez. Jolasak hirurogei galdera ditu lau maila desbardinetan sailkatuta: kautera, jolasaren maila errazena; bolanta; aurreskularia; eta azkena eta gatxena, jantza-maisua. Atal bakotxa ikono eta kolore bati lotuta dago.

Galdera bakotxa jagokon saileko ikono eta koloreagaz agertzen da pantailan. Jolasterakoan, puntuazio sistema bati esker erabiltzaileak emondako erantzunen araberako puntuazinoa gordeten dau, ameiaran ranking bat eskainiz.

Galderak Soka, euskal jantzearen urratsetan erakusketearen edukietan oinarritu dira. Oier Araolaza, Xabier Itzaina eta Roger Goyhenetche adituek finkatu zituen erakusketearen nondik-norakoak.

Egutegia atalari jagokonez, Euskal Herri osoko jantzen ganeko informazino osotua eskaintzen da aplikazinoan bertan. Erabiltzaileak baliabide bi izango ditu informazinoa eskuratzeko, hitzorduen zerrenda edo mapearen bitartez.

Dantzan.eus eta Soka, euskal jantzearen urratsetan erakusketea informazino-iturri legez erabili dira eta urtean zehar Euskal Herri osoan zehar ospatzen diran jantzen zerrendea osotu da. Datearen araberako zerrenda zein mapearen bitartez, jantza horren inguruko informazino osotua eskaintzen da. Jantza bakotxa noiz ospatzen dan, kokapen geografikoa (Google Mapsegaz lotuta) eta horri buruzko informazinoa eskaintzen jako erabiltzaileari.

Aplikazinoaren aurkezpena

Bilbon, San Inazioko Euskararen Etxean egindako SOKA, euskal jantza aplikazinoaren aurkezpenean Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera eta Kultura diputadua; Pantxoa Etchegoin, (Euskal Kultur Alkarteko zuzendaria) eta Iurdana Acacuso (Azkue Fundazinoko zuzendaria) izan dira.

Lorea Bilbaok euskal kulturearen alde egindako ekarpentzat jo dau SOKA, bere sorreratik. Iparraldeko eta Hegoaldeko erakunde horreen arteko alkarlan mamitsua be nabarmendu gura izan dau. Era berean, Pantxoa Etchegoinek Azkue Fundazinoagaz urte osoan zehar egiten daben alkarlana azpimarratu dau eta kasu zehatz honetan eduki honeek guztiak formatu eta baliabide barrietara egokitzeko ahalegina nabarmendu dau: Soka app lako ekarpenak oso interesgarriak dira, Azkue Fundazinoak lagun asko ditualako, eta lagunen komunidadeak posible egiten dauelako euskal jantzen ezagupena zabaltzea. Azkenik, Iurdana Acasusok aplikazinoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Azken buruan, gogoratu Soka, euskal jantzearen urratsetan erakusketea ikusgai dagoala Euskararen Etxean abuztuaren 31ra arte eta dobako bisita gidatuak eskaintzen dituela.


Dokumentuaren akzioak